Gezurrak eta datuak. Manipulazioaren aurrean, egia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arregi 2019ko urt. 17a, 16:38

Ez dut inor engainatuko. Zalantza asko izan ditut artikulu honekin. Voxez hitz egitea, euren onerako da? Potolotu egiten ditugu? Espazio informatiboa areagotzen diogu? Ezbairik gabe, eskuin muturra iritsi da.

Haserretu gaitezke, beldurtu, tristetu eta amorratu, baina hemen daude: indarrez iritsi dira eta. Andaluzian egin dute lehen esperimentua: milaka boto-emailek babestu dute beren diskurtso xenofoboa, matxista, Europaren aurkakoa, erradikala eta gogorra. Sare sozialez baliatu dira propaganda-kanpaina egiteko, gezurra zabaltzeko eta botoak modurik errazenean lortzeko. Donald Trumpek egin zuen Etxe Zurira iristeko, eta berriki, Bolsonarok ere antzera, Brasilen. Europan ere ikusi dugu: Italian, Frantzian, Hungarian, Polonian edo Austrian. Horietan guztietan ikusi dugu kalean daudela muturreko ideiak eta populismoa. 

Alderdi politikook zorrotz jokatu beharra daukagu, serio eta modu arduratsuan, eta gure lana da, baita ere, agerian uztea nor ari den gezurren bidez iristen herritarren tripetara eta bihotzetara. Voxi balio izan dio bere faltsukeriak. Bere esloganek itzal luzea utzi dute iritzi publikoan. Bereziki, genero indarkeriari, etorkinei edo ustelkeriari buruzko esloganek. Goebbelsek esan bezala, “mila aldiz errepikatutako gezurra egi bilakatzen da”. Jarrera arriskutsua da: gizartea engainatzeaz gain, diskurtso politikoa edukiz husten du eta agenda politikoa eurek markatzen dute. Gure betebeharra da gezurren aurrean datuak ematea, eta baita akatsetatik ikastea, akats horietaz baliatu baitira muturreko posizioetako alderdiek eremu politikoaren zati handi bat hartzeko. 

Gizarte heldua eta zentzuduna daukagu, eta erakutsi beharra daukagu batzuek manipulatu nahian dabiltzala. Gezurrak azaleratu behar ditugu eta argitu, herritarrek bizkarra eman diezaieten. Voxek oinarrizko eskubideen aurkako erasoa dakar. Arriskuan jartzen ditu emakumeak, etorkinak, kolektibo ahulenak, zerbitzu publikoak, autogobernua eta gure gizarte babeserako eredua. Benetako mehatxua da, eta inor ez dago libre. Ezta Euskadi ere, nahiz eta Andaluziako garaipenaren inguruabarrek ez duten inolako zerikusirik Euskadikoekin eta soziologiak desberdinak izan. 

Adi egon beharra daukagu. Izan ere, uste arren Voxen aldeko botoak, izatekotan, ez direla asko izango; baina Espainian badauzkate boto-emaileak. Gaur gaurkoz, gustatu ez arren, Madrilen gertatzen denak eragina du gugan. Gobernagarritasuna euren esku baldin balego, ondorioak benetan larriak izango lirateke. Jakin badakigu –argi esan baitute- zer ordezkatzen duen Santiago Abascalen alderdiak. Vox autonomia-estatuaren aurka dago: autonomiak desagertzea defendatzen du, eta horren aurreko pausu gisa, Estatuari itzultzea Hezkuntza, Osasun, Segurtasun eta Justizia eskumenak. Abascalek zin egin du Espainiari bere ohorea eta handitasuna itzuliko dizkiola. Helduleku askorik gabeko ideologia guretzat. Gogoratu beharra dago zergatik ez duen Ciudadanosek arrakasta handirik izan Euskadin: Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa zalantzan jarri ditu, eta bere hautesle potentzialak PPren itzalean geratu dira. Voxek, Ciudadanosek bezala, euskal autogobernuaren zutabeak suntsitu nahi ditu. 

Ezin dugu pentsa gugan eraginik ez duenik, baina badaukagu bakunatzeko aukera. Egonkortasuna eta bizikidetza, ziurgabetasunen aurrean. Neurritasuna, erradikalismoen aurrean. Akordioa, inposaketen aurrean. Elkarlana, gogorkerien aurrean. Egia, gezurren aurrean. Etorkizuna, iraganari aurre egiteko. Elkarrekin lan egin dezagun, ez diezaiegun lekurik eman gu atzera bota nahi gaituztenei.