Baina hemen ez. Hemen egia debaluatu dute, eta klase politikoa ere bai. Ez da harritzekoa herritar askok pentsatzea ez garela fidagarriak, baina egia ez izateaz gain, injustua da. Ni ere gorritzen eta lotsatzen naiz nahita egindako gezurrak entzuten ditudanean, helburu dutenak arerioa zapaltzea, izena zikintzea eta suntsitzea. Gu alderdi zintzoa gara, serioa eta arduratsua, eta prest gaude baitala dialektikorako. Laneko arropa beti jantzita, ezerk ez gaitu ustekabean harrapatzen. Ezta hauteskunde deialdiak, ia gainean dauzkagunak.
Garrantzitsua da deialdiak bereiztea. Oso garrantzitsua da, hain zuzen ere, lehen esandako interferentziak, zaratak eta gezurrak ekiditeko. Zita bakoitzak bere espazioa behar du, bere denbora, gizarteari gure proiektu eta proposamenak azaltzeko. Superigande batek irentsi egingo liguke Estatu-mailakoak ez garen alderdiok. Ekarriko luke ezin izango genuela hitz egin gure nagusietaz, gure eskoletaz, gure gazteetaz. Akats larria izango zen. Aurrekoan telefono dei bat jaso nuen, hauteskunde-inkesta bat egiteko, eta erantzun nuen. Galdera guztiak erantzun nituen eta aipatu ere ez zituzten egin euskal alderdiak edo buruzagiak. Ez ikusiarena egiten dute, mapatik ezabatzen gaituzte eta herritarrak manipulatzen dituzte erantzunak mugatzeko.
Antzeko zerbait gertatzen da kate handien hauteskunde eztabaidetan. Dirudienez, RTVEren eztabaida bakar bat kenduta, EAJk ez du espaziorik izango ez telebistan, ez irratian, baina bai Voxek, ordezkaritza parlamentariorik gabeko alderdi ultraeskuindarrak. Ez al da arraroa alboratzea Estatuaren gobernagarritasunerako erabakigarriak izango garen alderdiak? Gu bezala, PDeCAT edo ERC, esaterako. Osasun demokratikoagatik, eztabaidak beharrezkoak dira, eta Kongresuan ordezkaritza duten alderdiak bertan egotea ere bai. Nork hitz egingo du Euskaditaz, bere lehentasunetaz edo inbertsio-beharretaz? Bipartidismoak? Eskumako hirukoak? Podemosek? Inork ere ez, ez baitute Euskadiren alde ezertxo ere egin Kongresuak itxi berri duen legealdian.
Madrilera goaz egitekoen zerrenda besapean, eta lorpenen zerrenda ekartzen dugu bueltan. Hor dago Kontzertu Ekonomikoa, Kupoa, pentsioak, I+G+b inbertsioak, AHT… Euskadirentzat onak diren proiektuak. Talde onak dauzkagu, onenak, Euskadirengatik eta Euskadirentzat lan egiteko gogoz gaude, politika sare korapilatu horretatik atera nahi dugu, eta batzuek ekarri nahi diguten negatibitatetik ihes egin. Gaur inoiz baino gehiago Xabier Arzalluzen izena aldarrikatzen dugu; berak irakatsi zigun zarataren aurrean, gezurren aurrean, hitz errazen aurrean, gizarteari ekintzak eskaini behar dizkiegula, lana eta konpromiso zehatzak. Eta beti egia aurretik, kosta ahala kosta, eta berari askotan garesti irten zitzaion, denetarik leporatu baitzioten. Okerrena, leporatu zioten –eta batzuek gaur, oraindik, inolako errespeturik gabe, berriro leporatzen diote- ez zuela terrorismoak amaitzerik nahi. Gezur horiek zabaltzen dutenek ahaztu egin dute, nahita, Arzalluzek egindako guztia herri honek indarkeriarik izan ez zezan. Bere lanaren ondarea EAJ-PNVren gizon-emakumeongan dago eta egongo da beti. Bere bidea jarraituko dugu, beti Euskadiren eta euskaldunen zerbitzura.