Gogoratzen duzue Aylan Kurdi? Hiru urte besterik ez zituen Siriako ume hura, Turkiako hondartzaren ertz batean hilda zetzana? Ondarretan ahuzpez eta besoak zabalik, laguntza eskatzen zigun. Aylan gerratik ihesi zihoan, bere familiarekin, baina saiakera alferrikakoa izan zen eta patera batean Europara heltzeko ametsa itsasoko aparra bezala desegin zen.
Egun horretan mundu guztiari bihotza ukitu zitzaion eta ulertu zuen immigrazioaren fenomenoa guztioi dagokigula. Munduko mandatari guztiek Ekialde Ertaineko krisi humanitarioari aurre egiteko premiazko neurriak agindu zituzten. Baina neurri horiek ez ziren inoiz heldu; gure begiak -eta boterea beren eskuetan dutenenak- itxi egin ziren berriro eta dramak jarraitu zuen. Emandako hitzak itsasoan ito ziren, hain zuzen ere Aylanen familiak bere amets guztiak zapuztuta ikusi zuen Itsaso berean.
Aylan txikiaren irudia hunkigarria eta zirraragarria izan zen, gure hemerotekan dagoena. Irudi lazgarri horrek gerrak eta mundua astintzen duten gatazkak gogorarazten dizkigu. Aylanek izena du, ezagutzen dugu, badugu minez betetako haren historiaren berri, baina zoritxarrez, berea bat besterik ez da itsasoan, gure kostaldeetatik hurbil, geratzen diren milaka eta milaka bizitzen artean.
Urtero, milaka familia etsipenak jota itsasoan barrena abiatzen dira etorkizun hobea aurkitzeko asmoz. Baina gutxi dira helmugara iristen direnak; gainerakoak ez dakigu nor diren. Izenik gabeko hilotzak, ahaztutako familiak. Mundu mailako erronkak, erantzun beharrekoak, zeren hau ez baita geldituko. Asko dago egiteko, batez ere jatorrizko herrialdeetan garatu beharreko ahaleginak, baliabideak eta ekintzak.
Izan ere, gerrak, pobrezia, langabezia eta jazarpena munduan nagusi diren bitartean, pertsonek patera zaharretan pilatuta bidaiatzen jarraituko dute; patroirik gabe, norabiderik gabe eta inolako babesik gabe. Ozen esan dezakegu “aski da”, “gehiagorik ez”, baina itsasgorak ezabatu egiten ditu hitz horiek eta gizakien trafikoak darrai. Zoritxarrez, gaur arte premiazko laguntza eskaera horrek ez du erantzunik jaso. Ezin dugu ahaztu: pertsona horiek aurrera egiteko itxaropen minimo bat izango balute, ez lukete haien herrialdeetatik alde egingo.
Azken hamarkadetan, Saharar Hegoaldeko immigrazio-ibilbidearen helmuga izan da Espainia. Gero eta gehiago dira Andaluziako bidea erabiltzen dutenak Europako beste herrialde batzuetara ailegatzeko. 2018an, 57.500 pertsona heldu ziren Andaluziako kostaldera pateretan edo beste itsasontzi prekario batzuetan. Migratzaile asko dira Europako Iparralderako bidean Euskadin atsedena hartzen dutenak. Noraezean, akituta eta elikadura, higiene eta atseden beharrak dituztela iristen dira.
Euskadik berezkoak ditu elkartasuna eta gizatasun balioak. Gizarte abegitsu, ireki, kohesionatu eta aniztasuna errespetatzen duena gara. Gure erakundeek eta elkarteek lan egiten dute ahalik eta arretarik onena emateko gure herrialdera ailegatzen diren migratzaileei.
2018ko ekainetik, aurtengo martxora arte, 8.662 pertsona artatu dira. %95ek baino gehiagok berriro ekin diote bidaiari, Euskadin duten bost eguneko egonaldia agortu baino lehen. Udan Europara doazen migratzaileen kopuruak gora egiten du, eta euskal erakundeek, Gurutze Gorriarekin batera, dagoeneko prestatua dute merezi duten arreta emateko plana.
Elkartasuna adierazten jarrai dezagun, bizitza arriskuan jarriz, haien herrialdetatik bizi hobe baten bila ihes egiten dutenei. Lagundu diezaiegun pertsona horiei bake eta duintasun ametsa bete dezaten.