Esan nori ematen diozun botoa eta...

Erabiltzailearen aurpegia Ana Perez Perez 2018ko urr. 17a, 13:39

Zein gizarte eta hezkuntza eredu defendatzen duzun esango dizut! Gizartearen dibertsitatea jasotzen eta islatzen duen eskola publiko eta inklusiboaren alde lanean diardugunok, Eusko Jaurlaritzan dauden alderdi batzuen eskutik (EAJ, PP, PSE) zartada ederra jaso dugu azken asteotan.

Zubiak eraikiz plataforma herritarrak aurkeztutako Eskola inklusiboaren HELa bertan behera utzi dute. Zubiak eraikiz  plataforma eskola publikoaren aldeko apustua egiten duten hezkuntza eragileek  eta sindikatuek osatzen dute,  eta hamarkadak daramatzate  gobernu eta instituzioen aldetik eskolak pairatzen duen marginazioa eta utzikeria salatzen.

Alderdi batzuk maskarak kendu dituzte eta argi eta garbi  utzi dute eskola publikoa ez dela euren lehentasuna, eta oraingo sistema publikoa vs pribatu kontzertatua mantendu nahi dutela. Egungo sistemak maila sozio ekonomikoaren arabera segregatzen du. Ez da familien jatorriagatik edo azalaren koloreagatik diskriminatzen, baliabide gutxiko familiak izate hutsagatik baino, hau da, ekonomikoki pobreak. Alde batetik, ikastetxe ghettoak sortzen dira, eta bestetik, ikastetxe bunkerrak zeinetara familia hauek inoiz sartzerik izango ez dutenak. Zertarako?  Familiak ez nahasteko, eta gizarte klasista mantentzeko eta berresteko. Desberdintasunak gero eta handiagoak dira gure gizartean, eta sistema horrekin, txikitatik bakoitzaren lekua zein den zehazten da, norekin harremandu behar diren garbi utziz ezarritako orden soziala pikutara ez bidaltzeko.

Eredu neoliberala sutsuki defendatzen dutenek legeak egokitzen dituzte eskola publikoa odolusteko eta  pribatua gain-finantzatzeko. Bi sare hauen mantentzea familiek duten aukera eskubidearekin justifikatzen dute, hezkuntza mota eta zentrua aukeratzeko. Eskubidea? Zein familik dauka eskubide hau bermaturik? Baliabide nahikoa dutenek euren seme-alabak zentru pribatuetara bidaltzeko daukate aukera hori, diru publikoz finantzaturiko zentru pribatuak, gainera kuota  ilegalak edo behintzat ez-legalak kobratzen dituztenak. Eskubide hori soilik zenbait familik dutenean edo gizartearen parte batek, orduan ez gara eskubideez ari, pribilegioez baizik.

ANDREAS SCHLEICHER OCDEko hezkuntza zuzendariak, zeinekin ziur aski gauza gutxirekin ados gauden, ondo dioen moduan: 'En España no hay diferencia en la calidad entre pública, concertada y privada. No veo una ventaja específica. La privada en España se ha convertido en una forma de segregar a los alumnos por su contexto social, pero no parece muy efectiva a la hora de elevar la educación'.

17.000sinadurez berretsitako HELaren kontra bozka eman duten  alderdiek, betoa jarri diote hau tramitera pasatzeko aukerari, eta argi eta garbi  utzi dute noren  interesak defendatzen dituzten. Hala ere, ez dute ekidin eskola segregazioaren arazoa kalera irtetea, eta eztabaida sozial nabarmena sortu da. 

Segregazioaz eta gizarte ereduez ari garela, ezin dugu salatu gabe utzi Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren sostengu  publikoa Hondarribiako alarde tradizional "pribatuari", segregatzailea dena eta ez duena uzten emakumeek modu berdintzaile eta librean parte hartzen.

Larria da edozein ordezkari politikok emakumeak emakume izate hutsagatik diskriminatzen dituen ekitaldiarekin bat egitea, eta are larriagoa da ordezkaria hezkuntza sailburua denean,  hezkidetza sustatu behar lukeelako ezberdintasunarekin, patriarkatuarekin eta   indarkeria sexistarekin amaitzeko pedagogia bakar bezala.