Erasorik Gabeko Hezkuntza-zentroak

Erabiltzailearen aurpegia Ana Perez Perez 2018ko aza. 12a, 13:52

Neskak eta mutilak ez dira berdin ibiltzen hezkuntza-zentroetan barrena. 

Espazio fisiko batzuk, horien kokapenaren eta antolaeraren ondorioz, “espazio beldurgarri” bihur daitezke, eta, hala, arriskutsuak gerta daitezke neskentzat, emakume gazteentzat eta, oro har, normaltasun androzentrikotik eta heteroarautik at dauden pertsona guztientzat, hala nola pertsona arrazializatuentzat, aniztasun funtzionala dutenentzat, sexu-aniztasuna gorpuzten dutenenzat, zenbait erlijiotako kideentzat…

Aniztasun horiek guztiak eremu mugatu batean topatzen dira, alegia, eskolan (eta hezkuntza-komunitatean), baina ez dira beti ondo moldatzen; sarritan, aniztasun horiei estigma jartzen zaie eta gaizki tratatzen dira, gizartean bezalaxe. Izan ere, gizartearen isla dugu eskola, eta, horregatik, hori ere zeharkatzen du alderik alde patriarkatuak: patriarkatua presente dago curriculumean, hala modu esplizituan nola inplizituan, hasi testuliburuetatik eta espazioetaraino: patioan, aldageletan, komunetan, pasabideetan… 

Beraz, erasorik gabeko eskolak nahi baditugu eta atzean utzi nahi baditugu patriarkatua eta androzentrismoa, hots, atzean utzi nahi baditugu indarkerien sorburuan dauden botere-harremanak, bada, orduan, ezinbestean jardun behar dugu, eta esku hartu, eskola toki inklusiboa izan dadin.  

Progresistatzat jo ohi diren zenbait metodologiaren arabera, haur txikiekin ari garenean, hobe omen da hezitzaileek eta eskolak ez esku hartzea, izan ere, denak berdin tratatuz gero, berdintasunean eraikiko baitira, betiere halako teorien arabera. Haurrak, ordea, ez dira berdin iristen eskolara, markatuta baizik, eta, are, sexu-ezberdintasun biologikoak baino lehen barneratzen dituzte genero-ezberdintasunak, hau da, neska-mutikoek, txiki-txikiak direnean, seguru asko ez dute jakingo zer ezberdintasun fisiko dauden beren artean, baina ederki asko dakite nola ekin behar duten, nola jantzi behar duten, nola jolastu behar diren eta zer espazio hartu behar duten, jaiotzatik esleitutako generoaren arabera. Horregatik, baldin eta berdinak balira bezala tratatzen baditugu ezberdinak direnak, ez da ezberdinkeria desagertuko; aitzitik, sendotu egingo da.

Hasteko, hauxe jakin behar dugu: neskek eta emakume gazteek nabaritzen baldin badute espazio batek arriskua ekar dezakeela, tentuz erabiltzen dute, eta gutxiago erabiltzen dute, eta, hala, iskintxo egiten diote segurtasun ezari. Beraz, neskek eta mutilek ez dituzte eskolako espazioak berdin erabiltzen, ez eta espazio publikoak ere, eta, ondorioz, neskak eta emakumeak ahultzat eta beldurtitzat jotzen dituen aurreiritzia sortzen da. 

Zentro askotan antolatu dira patio hezkideak: horretarako, adibidez, baloiaren erabilera kontrolatu da, eta jolas kolektibo eta berdinzaleak proposatu dira; hala ere, espazio batzuk arriskutsuak dira neskentzat oraindik ere. Horregatik, irakasleek, ikasleek eta hezkuntza-komunitate osoak jakin behar du zer-nolako mikromatxismoak gertatzen diren ikasgelan, patioan, gimnasioan, aldageletan, komunetan… Halakoak, izan ere, helduen helmenetik kanpo gertatu ohi dira, eta ez zaie arretarik jartzen, edo naturalizatu egiten dira: hala, erasoen ondorioak gutxiesten dira. Premiazkoa da, orobat, mikromatxismoak sarri-sarri gertatzen diren espazioak identifikatzea. 

Hirigintzaren arloan genero-ikuspegia txertatu da, eta emakumeentzako arriskutsuak diren guneak markatu dira hiri eta auzoetan. Bada, eskolan ere, berdin egin behar genuke: markatu egin behar genituzke halako espazioak, eta konponbide kolektiboak landu, eskola segurua izan dadin pertsona guztientzat. 

Feminismoak agerian jarri duen moduan, garrantzitsua da era kolektiboan hausnartzea, antolatzea, lan-aliantzak egitea eta erantzutea; eta guk ere horixe proposatu nahi dugu. Gure iritziz, hezkuntza-komunitate osoak heldu behar dio gaiari, izan ere, indarkeria eta bazterkeria ez dira soilik hori pairatzen dutenen arazoa. Kanpaina askok biktimei egozten diete errua, eta haiek egin behar luketena eta egin behar ez luketena azpimarratzen dute; bada, nazkatuta gaude halako kanpainekin, bai baitirudi halako erasoak ez dituela subjektu batek egiten. Egiatan, hura seinalatu behar dugu, eta hura hezi.

Era berean, neskeei tresnak eman behar dizkiegu, beren auto-estimua hobetzeko, ahalduntzeko eta beren nahiak adierazten ikasteko, epairik eta erruduntasunik gabe.