Martxoaren 8an borroka eta aldarri egin genuen, eta denetik egon zen: dantza –“dantzarik gabeko iraultza, gorringorik gabeko arrautza”, abestiak, kartel zirtolariak, askotariko emakumeen* poza eta besarkada feministak, hala nola, Bilbon, Diputazioaren parean elkartu ginenean goizeko 7etan hiriko puntu banatatik abiatutako bi manifestazio-piketeak. Nekez azal liteke hitzetan halako uneetan bizi izan genuen emozioa.
Greba prestatzeko, asanblada luzeak egin ditugu, eta tentsioak agertu dira, baina prozesu horrek fruituak eman ditu eta geroz eta feminista gehiago gara, “kontuz ibili, hasi ginenean baino gehiago gara”, baina argi dago patriarkatuari ez zaiola gure iraultza feminista hau gustatzen, "Iraultza gu gara", mehatxutzat gauzka eta, horregatik, berriro ere egin digu eraso, indarkeriaren askotariko formak baliatuz. Asteburu horretan hiru emakume erail dituzte, eta beste hainbeste kolpatu edo xantaia egin diete beren bikotekide gizonek, ezin baitute jasan beren jabegotzat dituzten emakume horiek feminismoari esker ahaldundu daitezen. Margoketa matxistak ere agertu dira, eta, besteak beste, halako esaldiak idatzi dituzte Zaratamoko eskola publikoaren kanpoaldean, zentroko hezkuntza-komunitatea hezkidetzaren alde egiten ari den lanari erantzunez: “Stop feminaziak. Generoaren ideologiari ez. Haurren mutilaziorik ez, Babestu umeak orain”. Eta guk diogu: “Ez da gertakari isolatu bat, patriarkatua da”.
Feminismoa boladan dago, bai, eta alderdi politiko guztiek sartu dute beren programetan; hala ere, hauteskundeetan abstenitzen direnen artean, emakumeak gara %60, eta denek nahi dituzte gure botoak harrapatu, baina inork ez du errotikako aldaketarik proposatu nahi, bozkatu bai bozkatzen duen gainerako %40aren estimua galtzeko beldurrez. Gizonak kontentatzea eta lasaitzea, horixe da alderdiek proposatzen dituzten aldaketan helburua, izan ere gizonek ez baitute nahi beren pribilegioak galtzerik, eta, hala, berriro ere ari dira denak emakumeen inguruan hizketan, baina gu geu kontuan hartu gabe, hau da, kontuan hartu gabe gure gorputzak, desirak, interesak eta eskubideak. Ez dugu nahi halako kanpainarik, non emakumeon gehiengoak, emakumeon %99ak, ez baitugu sentitzen gure errealitatea aintzat hartu dutenik.
Grebaren balorazioan esan genuen moduan, emakumeok* pairatzen ditugun bizi- eta lan-baldintza prekarioen erantzule nagusi direnen aldetik ez dugu nahi aldaketa sinboliko gehiago, benetako eta errotikako ekintzak baizik, ekintza politikoak eta aldaketa feministak, bizitzak egon daitezen erdigunean. Bestelako hezkuntza-legeak nahi ditugu, ez daudenak sistema kapitalista heteropatriarkalaren menera, eta pikutara bidaliko dituztenak curriculum androzentristak, halakoetan ikusezinak baikara emakumeak eta gure ekarpenak.
Azken batean, erregimen neoliberal hau eraldatu asmoz ari gara borrokan, prekaritatera kondenatzen baitu gizartearen gehiengoa. Genero-binarismoa gainditu nahi dugu, askotariko indarkeria matxistak sortzen baititu, eta orobat suntsitu nahi dugu esparru publikoaren (soldatapeko lanaren) eta pribatuaren (zaintza eta etxeko lanen) arteko banaketa. Hori dela-eta, errotik kritikatu nahi dugu ekoizpen-sistema hau, zeina emakumeen doako lanaz jabetzen baita –etxeetan eta modu ikusezinean egiten den lanaz–, eta planetaren baliabide naturalak ahitzeko bidean baitago. Hala, krisi ekologiko zorrotz bat sortu du, “zaintzen krisiarekin” estu loturik dagoena. Borrokan jarraituko dugu, “denak aske izan arte”; bide luzea dugu oraindik egiteko: animo, kideok!