Egutegia berrikusten

Erabiltzailearen aurpegia Ana Perez Perez 2019ko api. 12a, 12:21

Aste Santuaren atarian bi kontu planteatzen ditugu, gutxienez eskola eremuan eztabaida sortzen dutenak: batetik, inposatzen den egutegi erlijiosoa, eta bestetik eskolako egutegia.

Estatu ez-konfesional batek ez du aitortzen erlijio jakinik; beraz, egutegi ofiziala ez litzateke egon beharko jai erlijiosoen arabera zehaztuta. Gainera, gizartea eta bere sinesmen erlijiosoak gero eta anitzagoak direnez, erlijio adierazpenak eremu pribatura mugatu beharko lirateke, eta ez lukete bizitza zibila eta ikastetxeetakoa baldintzatu behar. Hortaz, laikoakizan behar dira bai gizartea baita  eskola ere inklusiboak izan daitezen, sinesmen guztiak errespetatu behar dira eta erlijio batek dinamika soziala eta eskolakoa ezin ditu baldintzatu: curriluma, ordutegia, egutegia... 

Logika pedagogikotik antolatu beharko litzateke eskola, lanerako eta deskantsurako epeak errespetatuz. Ikastetxeetako egutegia erlijio katolikoaren arabera antolatzen denez, urtero aldatzen da egutegia jai erlijiosoen arabera. Ondorioz, bigarren eta hirugarren hiruhilabeteek 28 eguneko aldaketa izan dezakete urte batetik bestera. Paradoxikoki, ilargiak (elementu paganoak) zehazten du Aste Santua noiz den. Hau da, ikasleen erritmoak eta ikastetxeetako programazioa eta denboralizazioa erlijio katolikoaren menpe daude.

Ikuspuntu pedagogikotik zentzudunena zera litzateke, lanerako eta deskantsurako asteak ikasturte osoan zehar banatzea Europan gertatzen den bezala: Alemania, Estatu frantsesa, eta Ipar Euskal Herria, besteak beste. Cantabriako kasua aipatzekoa da, egutegi erlijiosoak oraindik indarrean dirauen arren, eskolako erritmoa era egokiago batean diseinatzen ari dira: udako oporraldia beranduago hasten da, eta ikasturtea aste bete lehenago hasi. Horrela, hilabete birik behin aste beterako deskantsua daukate. Frogatuta dago ebaluazio epe laburragoek emaitza hobeak ematen dituztela, ikasleak ez baitira horren nekaturik ebaluazio bukaerara heltzen. 

Gai honek konfidantza falta eta gaitzespena sortzen du familia batzuetan kontziliaziorako zailtasunengatik. Zer egin daiteke haurrekin deskantsurako asteetan? Eskolako egunek eta ordutegiek ez lukete modifikaziorik izango, hau da, beste era batean antolatuko lirateke. Gurasoek egun duten arazo bera izango lukete. Nork ditu bi hilabete eta erdi udan, eta beste hilabete Gabonak eta Aste Santuak batuta? 

Kontziliazioaren arazoa ez da eskolarekin bakarrik konponduko, aldaketa estrukturala izan beharko litzateke egungo egutegiak ez baitio gizarteari eta familiei erantzun egokirik ematen. Emakumeak merkatu laboralean sartzeko aukera mugatua zutenean, kontziliazioa “errezagoa” zen etxean beti baitzegoen norbait (emakume bat) umeak zaintzeko. Egun, hala ere, emakumeak merkatu laboralean sartu direnean, eskolako egutegiak lehengo bera izaten jarraitzen du, eta emakumeek hartzen dituzte batez ere jardunaldi murriztuak eta eszedentziak gizarte patrirakalak inposatzen dizkien zaintzak atenditu ahal izateko. 

Merkatuak erdigunean jarri ordez, bizitza erdigunean egon behar dela defendatzen badugu, eragile sozialek eta sindikatuok egutegi eta ordutegi konpatibleak aldarrikatzeko erantzukizuna dugu, bizitzaren jasangarritasuna bermatzen duen kalitatezko zerbitzu publiko eta unibertsalekin batera.