Artikulu honetan instituzio publiko ezberdinak ebaluatu nahi ditut, Eusko Jaurlaritzatik hasita Udaletxeetara, euren konpetentzien artean hezkuntza bezalako gai garrantzitsua baitute. Bereziki, ebaluatu nahiko nuke Hezkuntza publikoari ematen dioten trataera, eta egia esan, ez dut uste onik aterako direnik.
Urteak daramatzagu instituzio hauek hezkuntza publikoarenganako duten utzikeria salatzen. Hezkuntza publikoa hezkuntza politiken ardatza izan beharko litzateke, aukera berdintasuna eta kohesio soziala bermatzen duen bakarra baita. Nolanahi ere, sare subsidiarioa balitz bezala tratatzen dute.
Finantzaketa
Azken urteotan eta krisi ekonomikoaren aitzakiapean finantzaketa hazi beharreangutxitu egin da. 2009ko Hezkuntzako aurrekontua BPGaren %4,2a zen, eta gaur egun ez du %3,7a ere gainditzen. Kantitate hau UNESCOk gomendatzen duenetik oso urrun dago, BPGaren %6a zuzentzea gomendatzen baitu. Xelebrea da hezkuntza publikoan murrizketak kronifikatzen diren bitartean, itunpeko hezkuntzan inbertsioa handitzen doala, eta alderdi politiko batek (PPk) marra gorriak jartzen dituela aurrekontuak babesteko, hezkuntza ez-arautua den itunpeko 0-3 etapan gainfinantzaketa eskatuz.
Nota: Gutxiegi
Azpiegiturak
Gelak barrakoietan, behar beste estali gabeko patioak, kirol instalazio falta, hondatutako komun eta aldagelak, itoginak, traba arkitektonikoak, ikasleen pilaketa, eta azpiegitura eskasen zerrenda luzea, zenbait ikastetxe publiko erakargarri bihurtzen ez duena. Orain egun batzuk, neska batek itunpeko ikastetxe bateko instalazioetan partida jokatu eta gero, diru eta baliabide publikozfinantzatu eta gainfinantzatutako ikastetxe horietako bateko instalazioetan, bere ikastetxe publikoarekin konparatu eta naturaltasunez zera komentatu zuen: “Gure eskola pobrea da ezta?”.
Adibide bat jartzearren, Bilboko Udaleko aurrekontuko 500 milioi euro baino gehiagotik soilik milioi bat dago zuzenduta Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikinen mantentze lanetarako, euren jabetzakoa eta konpetentzia dena. Bestalde, unibertsitate pribatuei lursail publikoak doan ematen dizkiete: Deusto, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako OPUSeko Unibertsitatea, Digipen, Kunsthal...
Gainera, euren funtzionamendurako behar diren obrak ere ordaindu dituzte, Kunsthalen kasuan 1.200.000 euro baino gehiago. Edo hezkuntzaren erabilerarako lursailak birkalifikatzen dituzte, lurrok erakunde pribatuei saltzeko eta eskoletako zein auzoko beharrei muzin eginez. Adibidez, Elizbarrutiak eta Mutualiak Udaletxearen oniritziarekin egindako akordioari esker, Abandon kokatuta dagoen Cervantes eskolaeta auzokideak kaltetuak izango dira.
Nota: Gutxiegi
Beste hainbeste kontu geratzen dira zintzilik: hezkuntza komunitatearen parte hartzea, negoziazio kolektiboa, Heziberri, Hezkidetza, Laikotasuna, Inklusioa... Zeinetan ez luketen gainditu ere egingo. Ziurrenik ikasturtea errepikatuta ere egoerak ez luke hobera egingo, euren jarrerak ez baitira intentziorik gabekoak, politika neoliberalei erantzuten baitiete. EAJren gobernuak ederto aplikatzen ditu horrelako politikak, zerbitzu publikoak suntsituz eta hauen pribatizazioen alde eginez. Ikasgai horretan Bikain dute.