Isabel Celaak, Hezkuntza ministro eta gobernuko bozeramaileak, egindako adierazpenen arabera, familiek ikastetxe bat aukeratzeko duten askatasuna ez da hezkuntzako eskubidearen agerpen zorrotza.
Hainbat kritika jaso ditu: ikastetxe pribatu-itunduen kritikak (gehienak erlijiosoak), diru publikoz finantzatutako baina kudeaketa pribatua duten hezkuntza-sistema horren aldeko familien kritikak, baita alderdi politiko kontserbadore guztien kritikak ere, hauen arabera familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubide konstituzionala mugatuko du.
Ez naiz ni izango Espainiako Konstituzioa defendatuko duena, ezta gutxiagorik ere, baina ez dut uste eskubide hori horrela denik. Aipatutako 27. artikuluak dio pertsona guztiek dutela hezkuntzarako eskubidea, eta, gainera, botere publikoek bermatzen dutela familiei ematen zaien eskubide hori; seme-alabek sinesmenekin bat datorren prestakuntza erlijioso eta morala jaso dezaten. Horrek ez du esan nahi ikastetxea aukeratzeko eskubidea dutenik.
STEILASek 40 urte baino gehiago darama kritikatzen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko hezkuntza-sareen banaketa “50-50ekoa” dela, hau da, eskola-plazen erdia publikoa dela eta beste erdia pribatu-itundua. EAEkoa da, Madrilgo erkidegoarekin batera, ehunekorik handiena duen lurraldea Espainiako Estatuan. Ez du zerikusirik Europan gertatzen denarekin, Belgikan eta Britainia Handian adibidez bataz besteko %90a publikoa da eta %10a berriz, pribatu-itunpekoa.
Datuei erreparatuz, baieztatu dezakegu Eusko Jaurlaritzaren eta bere Hezkuntza Sailaren apustuak ez duela zerikusirik hezkuntza publikoaren sistemarekin; izan ere, baliabide publikoak bideratzen ditu ikasleak erlijio-sinesmenen arabera eta maila ekonomikoaren arabera diskriminatzen dituzten ikastetxeak finantzatzeko. Eskola horiek kuota makillatuak kobratzen dituzte baliabide gutxiko familietara iristea saihesteko. Hau bai izan beharko lukeela konstituzioaren aurkakoa!
Badirudi familia batzuei eskubide guztiak bermatu behar zaizkiela, ikastetxea aukeratzeko eskubidea adibidez. Askotan barrutian dagoen leku kopuru txikiagatik familia askori ez zaiela plaza bat ere bermatzen sistema publikoan. EAEko hiru hiriburuetan eta 10.000 biztanletik gorako herri batzuetan gertatzen den bezala, herri txikietan ez dago (Loiukoa salbu) itunpeko ikastetxerik. Argi dago ez direla errentagarriak. Pentsamenduaz gain, ondareari eustea eta etekinak lortzea interesatzen zaie, negozio bat izatea, alegia.
Bataz bestekoak batzuetan oso iruzurtiak dira, izan ere, lehen aipatutako “50-50” bataz besteko hori ez da ia udalerri bakar batean ere ematen, horrela biztanle gutxi dituzten eskualdetako ikasle gehienak ikastetxe publikoetara joaten dira. Hiru hiriburu handietan berriz, kontrakoa gertatzen da; hau da, hiriko ikaslegoaren %20-25 inguruk plaza publiko bat du, eta gainerakoek, %75-%80, plaza "aukeratua". Itundutako eskolak etxetik urrun egon ohi dira, horregatik ikusten dugu goizero eta arratsaldero eskola-autobusetan edo autoetan ikastetxe horietara eramandako haurren exodoa. Gainera eskola segregazioari, exodo horrek dakarren kostu ekologikoa ere gehitu behar zaio.
Bizkaian adibidez, Bilboko auzoren batean ere ez dago sare publikorako plazarik. Begoñaren kasuan bezala, eta indarrean dagoen eskola-maparen arabera, mugakideak baino urrunago daude eskolak beren lehentasunezko eremutik.
Bestalde, Loiuko eskolen kasuak ditugu; izan ere, eskola-adineko biztanle gutxi dituen eremua izanik, itunpeko ikastetxe pribatu asko biltzen dira inguruan, oro har, hiriak goizero kanporatzen dituen ikasle guztiak hartzen dituztenak. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan 130 eragile sindikal eta sozialekin baino gehiagorekin batera onartu dugunari kasu egiteko eskatzen dio STEILASek Eusko Jaurlaritzari: Pertsona guziek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laikoa eta doakoa eskuratzeko eskubidea.