Kapitalismoak bizitzak eta natura suntsitzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ana Perez Perez 2020ko ots. 17a, 08:40

Irudia: Ecuador Etxea

Hiru aste besterik ez dira igaro Hego Euskal Herriko milaka lagun kalera atera ginenetik; EHko  Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorreko egunean, "Lana, pentsioak eta bizitza duina" eskatzera atera ginenetik. 

Bi hilabete baino gutxiagoan 11 langilek lan-istripuen ondorioz bizia galdu dute eta beste bi gehiago, milaka kilo zabor azpian, desagertuta daude Zaldibarko zabortegian, hori guztia salatzera berriro ere kaleetara atera behar izan dugu. Giza galera larriei, inguruko hondamendi natural eta ekologikoa gehitu behar zaie.

Hau guztiaren erantzulea, pertsonen eta baliabide naturalen harraparia den kapitalismo    basatia da. Eskrupulurik gabeko sistema ekonomiko honi eta bere morroiei, etekin handiagoak lortzeko irrikan, bost axola die bidean bizitzak ustea eta natura suntsitzea.

Baina enpresak ez dira egoera horren erantzule bakarrak, egoera hori ahalbidetzen  lan-ikuskaritza eta Eusko Jaurlaritza ere badira; sindikatuok egiten ari garen salaketei jaramonik egiten ez dietenak. “Prekarietatea hiltzailea” lelopean, ia astero elkarretaratzeak konbokatu behar izaten ditugu. Kronifikatzen ari den prekarietatea, azpikontratazioak, gehiegizko lanaldiak, segurtasun-neurririk eza, langileen prestakuntzan eta makineria egokian inbertsio falta salatzeko. Hau da, laneko heriotzak salatzeko eta lanetik bizirik eta eta osasunez itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Sindikatuok jakin badakigu istripu larri hauek gehienak ekidin daitezkela, baina horretarako sistema ekonomiko osoa eraldatu beharra dago.

Aste honetan kalera atera gara lan istripuak ez ezik hondamendi ekologikoa eta hondakinen tratamenduaren inguruko gardentasun falta eta informazio eza ere salatzera. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan, "Natura, eskubideen jabe" atalean, horrela dago jasota: Euskal Herrian bizi garenok badugu ingurumen osasuntsu eta naturalaz gozatzeko eskubidea, eta, hortaz, pertsonen, naturaren eta bizimoduen arteko elkarreragin onuragarria babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko. Hori da hain zuzen bizitza erdigunean eta jarduera ekonomikoa pertsonen eta naturaren zerbitzura jartzea eta ez alderantziz, egungo sistemak egiten duen moduan.

Bitartean, Eusko Jaurlaritza, Urkullu buru duela, langile klasearen alde agertu beharrean, enpresa handiekin bat egiten du, behin eta berriz, eta herritarren gehiengoaren aurrean bere erantzukizunak saihesten ditu.

Senitartekoen, bizilagunen, lagunen, lankideen eta, oro har, gizartearen minaren aurrean,  eta sortutako ingurumen-kezka eta alarmaren aurrean, EAJri kezkatzen dion gauza bakarra da, eta hala jakinarazi zuen Urkulluk, Zaldibarrera hurbildu ere egin gabe, hauteskunde autonomikoen aurrerapena eta data; ez elkartasun-hitzik, ez enpatiarik. Hori  ez dugu ahaztuko, eta hala gogoarazi beharko diogu hauteskunde garaietan, hots, gertuena duguna apirilaren 5ean.

Amaitzeko Zaldibarko manifestazioaren bukaeran entzun ahal genuen bertso pare bat:

“Guztion bizitza erdira

eta zor zaigun egia”