Fausto, hiritar eredugarria

Erabiltzailearen aurpegia Ander Barinaga-Rementeria 2014ko mar. 4a, 09:30
Deskribatzea zaila den sentsazio arraro batekin atera nintzen ‘Fausto, ciudadano ejemplar’ ikustetik. Pabellón 6tik etxerako bidaian ere ez nuen gorputzeko artegatasuna baretzerik lortu.

Komedia eta drama konbinatzen dituen teatro performatiboaren atzean premisa argi bat dago: egungo gizartearen kritika zorrotza egitea.

Horretarako Faustoren mito klasikoa hartu eta suntsitu egin dute DJ batek, rapero batek eta lau aktorek Galder Perezen zuzendaritzapean. Bideoproiekzioek, argiztapen psikodelikoak zein keak nahi baino ezagunagoa zaigun unibertso bat osatzen dute gure begi aurrean. Hasieran molde berritzaileetara ohitzea kostatu egin bazitzaidan ere, berehala harrapatu ninduen obrak. Aktoreen lan apartagatik hein handi batean. 

Demokrazia faltsu batean itota bizi garen Faustoak garela gogorarazten digute etengabe eta hori ez da erosoa. Hau ere antzerkia da baina. Ikuslea bete-betean kolpatzen duena gainera. Teatrora joatea, besaulkietan lasai-lasai eseri eta ordu bete atsegin bat pasatzea baino zerbait gehiago da.

Kartzela batean bizitzera kondenatuta gauden pertsonak garela gogorarazten digun lan ausarta da hau. Asko ez dira pozik atera eta ziur nago honek poztu egingo zituela egileak. Euren lana ondo bete duten seinale.

Aske gara, libre, gure kaiola erraldoietan.

 

FITXA
Antzezleak: Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola, Diego Pérez, Endika Lahaine (raperoa), Patrol Destroyers (djs).
Testua: Mikel Losada, Lander Otaola, Galder Perez.
Musika sorkuntza: Maisha MC.
Abestien letrak: Endika Lahaine.
Argi diseinua: Zigor Gorostiola.
Jantzien arduraduna: Las López,  Arriaga antzokiaren laguntzarekin.
Artezlea: Erik Leal.
Astintze sortzailea: Ixiar García.
Eraikuntza: Ibai Etxezarraga.
Kartelaren diseinua: Iñaki Peña.
Ekoizpena: Pabellón 6.
Zuzendaritza: Galder Perez.

2014ko otsailaren 23an, Bilboko Pabellón 6en.