Okupazioaren aurkako mobilizazioak eta ofentsiba kapitalista: kriminalizazio kanpainari eta klase-ertainaren ideologiari buruzko gogoeta batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Andrea Bartolo 2020ko urr. 27a, 16:49

Azken asteetan, okupazioa kriminalizatzea helburu duen kanpaina mediatikoaren kapitulu berri baten aurrean izan gara. Oraingoan Bilbon, Enekuri auzoan. 

1 Bilboko azken okupazioaren kontrako polemika: Enekuriko kasua


Azken asteetan, okupazioa kriminalizatzea helburu duen kanpaina mediatikoaren kapitulu berri baten aurrean izan gara. Oraingoan Bilbon, Enekuri auzoan. Duela aste pare bat, gazte batzuk Enekuriko etxe abandonatu batean sartu ziren. Egun batzuen buruan, jabea agertu da soldatapeko matoi batzuekin lagunduta. Hauek bizilagunak mehatxatzen eta hertsatzen aritu dira, etxea utz zezaten. Kasuak protagonismo handia izan du komunikabideetan, bai euskal hedabide garrantzitsuenetan (EITB, El Correo) bai Espainiako “tele-basura” delakoan (adibidez, “El Programa de Ana Rosa”)

Hedabideen kontakizuna espekulatzaileen interesak eta matoien praktika mafiosoak legitimatzen aritu da egunetan zehar, esaterako jabe gizajo baten irudi faltsua saltzen. Bertsio ofizial eta “hunkigarri” horren arabera, jabeak nagusien-egoitza bat egin nahi zuen (okupak hondatzen ari direna) eta gauero etxe ondoko jatetxe ohian lo egin behar du, bere “lagunekin” batera (matoiak), eraikin hura ere okupatu ez dezaten.

Egun batzuk geroago, Enekuriko bizilagun batzuek, bonbardaketa mediatikoak konbentzituta eta jabe gizajoaren eta "gure adinekoengan pentsatzen ez duten okupa berekoien" kontakizuna irentsi ondoren, elkarretaratzea antolatu dute okupazioa gaitzesteko eta era berean, jabetza pribatua defendatzeko. Hortaz, testu honetan, hausnarketa batzuk egin nahi nituzke, Enekuriko azken gertakari hauek, okupazioaren aurkako erasoaldi orokorrarekin lotzeko asmoz.

2 Enekuritik haratago: okupazioaren aurkako erasoaldia, burgesiaren klase ofentsiba da

Argi dago okupazioaren aurkako (eta ia aurrekaririk gabeko) erasoaldi batean aurrean gaudela, burgesiaren klase-erasoaldi batean aurrean hain zuzen, zalantzarik gabe bizi dugun krisi sistemikoarekin (osasuna, ekonomia, finantza...) lotu behar dena. Ofentsiba honen helburua fronte kapitalista indartzea da eta aldi berean desjabetuoi armak eta tresnak kentzea, krisiari norabide politiko argia emanez, berregituratze kapitalistaren helburu argiarekin. Erasoaldi berri honek gutxienez bi fronte ditu:
juridikoa eta politikoa.

2.1 Fronte juridikoa: okupazioaren kontrako kanpaina, jabetza pribatu handia babestea helburu duena

Arlo juridikoari dagokionez berez, zein da kanpaina honen azken helburua? lege-erreforma berri baterako bidea prestatzea, geroago okupazioa zigortuko duena eta jabe handiei, bankuei eta espekulatzaileei berme gehiago emango dizkiena.

Jabe handiei buruz ari naiz bai; izan ere, nahiz eta kanpaina mediatikoak jabe txikiak interpelatzen dituen: "Bi egunez joan eta etxea okupatzen dizute", "Zure amamak hiltzean utzi zizun etxea okuparatuko dute"... horrelako mamuak elikatuz, errealitatea estereotipo horietatik oso urrun dago. Alde batetik, zenbakiek okupazioen % 90 baino gehiago bankuen etxebizitzak, funts-putreenak eta jabe handienak direla esaten digute. Bestetik, eta are garrantzitsuago dena, jabe txikien kasuan eta “allanamiento de moraden” aurrean babesteko ez da inolako erreformarik behar. Izan ere, erreforma horiek duela urte batzuk egin ziren dagoeneko, hala nola 2015eko Zigor Kodearen aldaketarekin edo 2018an asmatutako “etxe-kaleratze express” figurarekin (honi esker jabe txikia izanez gero, egun pare bat pasata berreskura dezakezu etxea).

Baina orduan, zein da bultzatzen ari den lege-erreforma? Erantzuna sinple samarra da, “etxe-kaleratze express” figura hura (momentuz jabe txikientzat baino ez dena), banku, funts putre, inmobiliaria eta enpresen esku jartzea. Hortaz, krisiaren ondorioz gero eta alokairuen ez-ordaintze gehiago aurreikusten direnez, eta familiak etxetik botatzeko gero eta premia handiagoa dagoenez, burgesiaren interes handiek tutela eta babes gehiago eskatzen dute, jendea beren etxeetatik azkar eta segurtasunez botatzea ahalbidetuko dien lege bat exigituz.

Baina, nola liteke, langile klasearen pauperizazio prozezu baten erdian eta kapitalisten etekinak gora doazen heinean, pobrezia kriminalizatzea eta etxebizitza eskubidearen aurkako diskurtso klasista zilegi bihurtzea? Hemen dago okupazioa deslegitimatzeko kanpainaren lorpen garrantzitsuenetako bat: jabetza pribatuari buruzko eztabaida erdigunean jartzea, langile klasea interpelatuz, nahiz eta jabetza handia (kapitalista) defendatzea duen helburu. Jabetza txikia arriskuan dagoela esaten dute  familia langile batek bizitza osoa lanean egon ostean erositako jabetza txikia-; baina ez da horrela. Jabetza pribatuaren defentsari buruz hitz egiten dutenean, jabetza kapitalista handiari buruz ari dira, kapitala eta etekina sortzen duen jabetza, alegia. Hau da, burgesiaren jabetza handia. Lege erreforma berria, beraz, norabide honetan enfokatuta dago.

2.2 Fronte politikoa: klase-ertainaren ideologia elikatu, burgesiaren bloke politikoa indartzeko


Erasoaldi juridikotik haratago, agian are kezkagarriagoa da okupazioaren aurkako kanpainaren erasoaldi politikoa, okupazioaren aurkako mobilizazioekin zerikusia duena. Hilabete hauetan horrelako mobilizazio askoren lekuko izan gara, bai Estatu espainolean, bai Euskal Herrian. Mobilizazio hauetan, auzokideak (horietako asko langile klasekoak) okupazioaren aurka eta "jabetza pribatuaren defensa eta errespetuaren" alde mobilizatu izan dira.

Okupazioaren aurkako kanpainaren helburua jabetza pribatu handia babestea bada ere, kanpaina bera ez dago burgesei bideratuta, baizik eta langilei. Burgesiak ekoiztutako kanpaina bat da, klase ertainaren ilusioa indartzea helburu duena. Ilusionismo sozialeko kanpaina honek klase (ertainaren) kontzientzia sortu nahi du, klase ertaina (fikzioa baino ez dena) subjektu politiko gisa eraiki nahian. Hau da, zalantzarik gabe, okupazioa kriminalizatzeko kanpainaren datu politikorik kezkagarriena: gure klaseko geruza bat gure aurka mugitzea lortzen ari dira, beren klase-interesen aurka eta beren etsairik handienaren alde (jabetza pribatua) kokatuz.

Burgesiaren bloke politikoaren barruan langile-klasearen geruza baten berrosaketa politikoa burutzea lortzen ari dira; amorrua eta haserre soziala bidegabekerien arrazoien aurka antola ez daitezen lortzen ari dira (etxebizitza negozio kapitalista gisa, hura eskuratzeko ezintasuna...), bidegabekeria horien ondorioen aurka mobilizatuz (etxebizitza baten okupazioa...). Krisiari norabide politiko argi bat ematea lortzen ari dira, amorrua eta haserrea borroka eta klase-elkartasun gisa antola dadin saihestuz eta, aldi berean, indar erreakzionario gisa koagulatuz, txiroan arteko gerra sustatuz.

Klase ertainaren ilusioa desmuntatzea ezinbestekoa da. Fikziozko klase honen osaera politikoa desegin behar da. Berriro ere, borroka kontra-hegemoniko eta pedagogiko bat abiatu behar da, bidegabekeria guztien sustrai gisa, jabetza pribatuaren kritika erradikala egingo duena; eta aldi berean, langile klasearen berrosaketa politikoaren prozesua berraktibatuko duena. Etxebizitzaren kasuan, arazo hori politizatuko duen borroka, beharrak antolatuz eta kolektibizatuz, banakako beharrei erantzun kolektiboak emanez -elkartasunaren, auzodefentsaren eta auto-antolaketaren izenean-.

Pasa den hilabetean argitaratu nuen erreportajean (https://www.argia.eus/argia- astekaria/2699/okupazioaren-kriminalizazioak-gogor-jo-du-ezkerraldea) jada esan nuen bezala, gaur egun jokoan dagoena -etxebizitzaren kontuaz haratago- krisiak hartuko duen norabide politikoa da: zer da datorrena, txiroen arteko gerra edo klase borroka? Berregituraketa kapitalista edo “egungo egoera deuseztatzea eta gainditzea”? Enekuriko kasuaren harira “Ana Rosak” esan zuen moduan, zer da datorrena, "Jabetza Pribatuaren" gizartearen erreproduzitzea edo “guztia guztiontzako” izango den gizarte berriaren begiztatzea? Dena gutxi batzuenako ala OMNIA SUNT COMMUNIA?