Zazpigarrenaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko urr. 25a, 09:35

Igandean (urriak 26) 12:15etan hasita Athleticek beste erronka bati aurre egin beharko dio, kasu honetan Bartzelonan. Lehen Mailako talde historiko bat izango du arerio: Espanyol. Azken denboraldietan bi “mundu” ezberdinetan aritu badira ere, bata Liga irabazteko zorian eta bestea taldea berrantolatzen, oraindik 2012. urtean Espanyolen aurka galdutako Erreginaren Kopa bizkaitarren memorian ondo gorderik dago.

Liga bat eta sei Erreginaren Kopa eskuratu ditu talde kataluniarrak. Edonor izutzeko nahikoak dira datu horiek. Baina, aitortu behar da, azken txapelketa irabazi zutenetik taldeak aldaketa asko jasan dituela, arazo ekonomikoak tarteko. Joan zen denboraldian, esaterako, Ligan hamaikagarren postuan bukatu zuten eta Kopa jokatu gabe geratu ziren. Aurten, ordea, bide onetik dabil Jose Antonio Montesek gidatutako taldea. Izan ere, oraingoz zazpigarren postuan kokaturik daude bederatzi punturekin. Partidu bakarra galdu du, lehen jardunaldian Valentziaren aurka jokatutakoa. Ordutik, ez du porrotik ezagutu; bi partidu irabazi eta hiru berdinketa eskuratuz, hurrenez hurren.

Athleticen garaipen-zerrenda ere beldurraraztekoa dela ezin dugu ukatu. Baina azken urteetan gutxigatik galdutako garaikurrek, aurtengora begira, presio gehiago sorrarazi dute. Hori aintzat harturik eta lidertzan daudela aprobetxatuz, garaipenaren bidetik jarraitu nahi du Juan Luis Fuentesen eskuetan dagoen taldeak. 2014-2015 denboraldi honetan, sei partidu jokatu eta guztietan hiru puntuak batu dituzte. Ez dute neurketa bakar batean ere estropezu egin. Hori dela eta, 18 puntuak dituen talde bakarra da. Atzetik Levante eta Valentzia hurbil dabiltza, bi puntu gutxiagorekin (16). Bartzelona indartsuak partida bat galtzearen ondorioz hiru puntuko aldea ateratzen dio Athleticek (15).

Espanyolen berrantolaketaren adibide garbia estatistiketan aurki genezake. Azken hiru denboraldietan, Ligako partiduetan, kataluniarrek ezin izan dute Athletic menperatu. 2010-2011 denboraldiaren bigarren fasean, aldiz, Espanyol erraz gailendu zitzaion talde bizkaitarri (4-0); eta baita, urte bat lehenago ere (6-1). Askotan lehiatu dira Bartzelonako taldea eta Bizkaikoa, Athletic –edo Leioa, garai hartan- Lehen Mailara igo zen unetik, hain zuzen ere. Beraz, 2004-2005 denboralditik gaur egunera arte, Katalunian aurrez aurre egon diren Liga txapelketako hamabi norgehiagoketan bi aldiz bakarrik irabazi dute bizkaitarrek, bost aldiz etxeko taldeak eta beste bost neurketetan puntu bana eskuratu dute.

Historian zehar emandako datuen balantza ez dago talde zuri-gorriaren alde, baina bai aurten bizitzen ari diren momentu gozoa. Sei partidutik sei irabazita, zazpigarrenaren bila joango dira Dani Jarque Kirol Instalakuntzetara. Nahiz eta Erikak ezin izan izango duen jokatu (joan zen astean ikusitako bi txartel horirengatik), Espanyolek gogotik sufritu beharko du Athletic geldiarazi nahi badu, baita alderantziz ere. Jada talde bartzelonarraren bi aurrelariak guztiz errekuperaturik daude eta kontu handia izan beharko dute atzelari zuri gorriek Barbara Latorre eta Noelia Aybar “Rivi”-rekin. 

Argazkia: athletic-club.net