Estropezua Sant Adriàn

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko urr. 27a, 15:13

Athleticek ezin izan zuen bere bolada ona eutsi Dani Jarque Kirol Instalakuntzetan, Espanyol arerio zuelarik. Lidertzan jarraitzen badu ere, Levante jada puntu kopuru berdinekin aurkitzen da bigarren postuan; eta Bartzelona, hirugarrenean, bat gutxiagorekin. Banako berdinketarekin amaitu zen neurketa. Zuri gorriak irabazten hasi ziren Izaskunek lehen zatian egindako golari esker. Baina Anair Lombik, zartako eder batekin, berdinketaren gola lortu zuen atsedenaldiaren ondoren.

Erika Vázquez eta Nekane Diez gabe bidaiatu zuen Fuentesek gidatutako taldeak, hala ere, lehenengo berrogeita bost minutuetan nagusi izan ziren euskaldunak. Izaskunek sartutako golak, zorteak lagunduriko jokaldi batean, abantaila eman zien zuri gorriei. Eta minutu batzuk geroago Joana Arranzek aldea handitzeko aukera aparta eduki zuen, baina Irina atezainak erantzun ona eman zion arabarraren jaurtiketari. Gimbert eta Orueta ere goletik oso gertu ibili ziren, hauen erremateak zutoinak oztopatu zituelarik.  Etxekoak asko sufritu zuten Athleticen erasoarekin, batez ere estrategia jokaldietan sortzen zuen arriskuarekin.

Atsedeneko tartea amaitu eta berehala, ordea, Anair Lombik berdinketaren gola lortu zuen. Ainhoaren harridurarako, eskuin hegaletik zuzenean atera joan zen galiziarraren zartako ederra. Honekin indarrak parekatu eta lehia gogorra egon zen. Bizkaitarrek ezin izan zuten zirrikiturik aurkitu kataluniarren defentsa antolatuan. Gainera, esku hutsik itzultzeko zorian izan zen Athletic. Izan ere, Ainhoa fin ibili zen Lombiren intentzio handiko jaurtiketa gelditzeko. Eta azken minutuan, epaileak Alba Pomaresen gola baliogabetu zuen jokoz kanpoko posizioan egoteagatik.

Beraz, zuri-gorriak puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten. Denboraldiko lehenengo estropezua izan zen Sant Adriàkoa. Hori dela eta, orain lidergoa Levanterekin partekatzen du. Gainera, Bartzelona ere gero eta hurbilago dago; puntu batera, hain zuzen ere. Datorren larunbatean (azaroaren 1a) 20:00etan, aspaldiko partez, etxean (Lezaman) jokatuko dute bizkaitarrek. Aurrean Santa Teresa izango dute, aurten mailaz igo den talde badajoztarra.     

Fitxa teknikoa:

Espanyol: Irina Torrent; Estibi Torralbo, Andrea Pereira, Ines Altamira, Estella del Valle (Carla Cotado, 89. min.);  Ana Troyano (Alba Pomares, 46. min.), Nuria Mendoza; Anair Lombi, Paloma Fernandez, Barbara Latorre; Noelia Aybar “Rivi”.

Athletic: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Irene Paredes, Eunate Arraiza; Vanesa Gimber, Maite Lizaso; Alazne Gomez, Arrate Orueta, Izaskun Leoz; Yulema Corres.  

Golak: 0-1: Izaskun Leoz, 12. minutuan; 1-1: Anair Lombi, 47. minutuan.

Epailea: Ruben Avalos Barrera. Ines Altamira, Nuria Mendoza, Vanesa Gimbert eta Maite Lizasok txartel hori bana ikusi zuten.

Argazkia: athletic-club.net