Athletic

Arerio sendo baten bisita Lezaman

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 14a, 11:37

Athletic garaipenaren bidera itzuli beharko da lidergoan mantendu nahi izanez gero. Joan zen asteburuan Albaceteren zelaitik bi puntu gutxiagorekin itzuli ondoren, atzeko arerioak inoiz baino gertuago ditu, eta beste hutsegite bat garesti irten liezaioke. Jardunaldi honetako arerioa ez da edonolakoa. Bihar, larunbata, 11:45etatik aurrera Levanteren aurka lehiatu beharko da, orain dela bi jardunaldira arte lehenengo postua berarekin partekatzen zuen horren kontra.

Goi aldean dagoen taldea izateaz gain, Levante izen handiko taldea da emakumezkoen futbolean. Historikoki garrantzi handia eskuratu du, irabazitako 4 Liga txapelketa eta 6 Erreginaren Koparengatik. Azken garaikurra 2007-2008 denboraldian lortu bazuten ere, goian mantendu dira valentziarrak –salbuespen gisa 2010-2011 denboraldia, lehen fase kaskarra egin ostean ez baitziren zortzi onenen artean sailkatuak izan-.

Joan zen denboraldia ere ederki ekin zuen Antonio Contrerasen taldeak, zortzigarren partiduan jasan baitzuen bere lehen porrota. Aurten bezala, alajaina. Ordutik, beherantz hasi zen eta aurten ere, badirudi, bide berdinetik doala. Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka galdu ondoren, bigarrenetik bosgarren postura jaitsi baita Levante. 

Athleticek alde ditu azken urteetako estatistikak, batez ere joan zen sasoikoa. Levanteren lehen porrotaren erruduna Fuentesen taldea izan baitzen, gainera jipoi ederra emanaz (0-4). Lezaman gehiago sufrituta baina hiru puntuak Bizkaian geratu ziren (3-2). Kopako final-erdietan berriz ikusi ziren elkar, eta Leioan jokatutako partidan Contrerasek gidatutako taldeak ondo eutsi bazuen ere, Nazareten 0-2 gailendu ziren bizkaitarrak, finaleko txartela eskuratuz. Eta datu onak kontatze aldera, zuri-gorriak 2009tik ez dute talde granotaren aurka galdu. Lezamako markagailuak erreparatuz (Ligako txapelketakoak), Levantek bertan eskuraturiko garaipen bakarra, hain justu, 2009an izan zen; bost berdinketa eman dira bertan eta beste hainbatetan, Athletic txapeldun. 

Burua gaur egunera ekarriz, bazirudien Juan Luis Fuentesen taldea tinko zebilela lidergoan, baina Albaceteko ezustearen ondorioz zalantzak gailendu dira. Bi puntu garrantzitsuren faltan itzuli ziren etxera, arerio zuzenen estropezuak aprobetxatu ezinik (Valentziaren berdinketa, Bartzelonaren atsedenaldia eta Levanteren porrota, adibidez). Horrela, Athletic derrigortuta dago bihar garaipena eskuratzera. Bartzelona, Valentzia eta Atletico Madrilek bi punturen aldea besterik ez baitaukate, eta Levantek laukoa. Gainera, Antonio Contrerasen taldearen bisitaz gain, Gabonetako oporren aurretik arerio zuzenen aurka neurtu beharko dira zuri-gorriak, errenkan gainera: Valentzia, Atletico Madril, Bartzelona eta Oviedo.

Egutegi gogor honi aurre egiteko, mendi aldapatsua indarrez hasteko, garaipenarekin ekitea baino gauza hobeagorik ez legoke. Hala ere, aintzat hartu behar da Levantek bi porrot sufritu dituela segidan, eta hirugarrenak min handia egin liezaiokeela. Hori ekiditeko esperantza eta ilusioarekin bistatuko dira Contreras entrenatzailea eta konpainia. Biharko partidak, beraz, 11:45etatik aurrera Lezaman eta Gol Television bidez ikusi daitekeen horrek, gogorra eta lehiatua izateko osagai guztiak ditu.

Argazkia: www.athletic-club.net