Athletic

Puntu banaketa mingotsa

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 17a, 08:19

Athleticek ezin izan du Levante menderatu eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan da. Lezamako lehen puntuak ihes egin diote talde zuri-gorriari.

Etxekoentzat puntu mingotsa izan bada, zapore gozoa izan du Levanterentzat. Fuentesen taldea Izaskunen bidez aurreratu da markagailuan lehenengo zatian. Bigarrenean, Adriana Martinek ederki aprobetxatu du bizkaitarren hutsegitea banakoa lortzeko.

Haize zakarrak giro deserosoa sortzeaz gain, jokoan ere eragin handia izan du, hein handi batean.  Ez batak ez besteak ezin izan dute baloiaren kontrola izan eta doitasun eza nabaria zen. Nabarmena baita Antonio Contrerasek gidatutako taldearen asmoa: atzean sendo eta kontraerasoa sortzea. Plan hori, ordea, Izaskunen golak zapuztu du. Ordura arte Athleticek erasoan gutxi eskaini du, Alazne eta Eunateren erdiraketek ez baitute arazo handiegirik sortu valentziarren defentsan. Hamahirugarren minutuko Txikiren erdiraketan, aldiz, Lizasok pittin bat orraztearen ondorioz Izaskunek, buruz, baloia zutoin alborantz zuzendu du. Suabe, baina nahikoa sareetara joateko.

Golaren ondorioz, Levantek aurrerapausoa eman eta nahikoa minututan Athletic baloia atera ezinik ibili da. Zehaztugabetasuna areagotuz. Jokoa hotz eta afizioa ere mutu. Giro hotz horren iluntasunean, ordea, Irenek argia bilatu eta, bi defentsen gainetik, pase ederra bidali dio Nekaneri, atezainaren aurrean bakarrik geratuz. Aurrelariaren arraseko jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Pañosek. Hor itzuli da Fuentesen taldearen unerik gozoena. Yulemak eta Izaskunek aukera garbi bana izan dute. Gasteiztarraren burukadak ez dio eragozpen handirik sortu Alicanteko atezainari; eta Izaskun ez da nahi bezala iritsi Nekaneren erdiraketa errematatzera, nahiz eta bigarren postean bakar-bakarrik egon. Lehen zatiko azken aukera Maite Lizaso zarauztarrak izan du area kanpotik egindako jaurtiketa batean.

Levantek gauzak aldatu behar zituen erreakzioa bilatzeko. Contrerasek argi ikusi du eta atsedenaldia bukatu eta berehala lehen aldaketa burutu du. Nerearen zelairatzeak ondorio onak eman dizkio kanpoko taldeari, baina minutu batzuetan soilik eta baloi luzeetan, batez ere. Halako batean eskuin hegaleko jokalaria bakar-bakarrik arean sartu da. Zorigaitzez berarentzat eta bere taldekideentzat, laban egin du une erabakigarrienean.

Bestalde, Athleticen aukera onenean Nekane ez da fin ibili errematatzerako orduan. Alaznerekin bat-bikoa egin eta bere habitat naturalera itzuli da barakaldarra. Bitartean, Txikiren erdiraketa Yulemak jaso eta honen atzera pasea gora jaurti du Nekanek. Contrerasen taldeak dinamika berdintsuan jarraitzen zuen, Nerearen bila, alegia. Baina Ainhoa oso adi ibili da baloi luze horietan aurrea hartzen. Levante erasoan oso gutxi eskaintzen zebilen. Haizearen eraginez kornerretan zalantzak sortu ditu atzelari zuri-gorrien artean, baina ez besterik.

Partidua bizkaitarren kontrolpean zirudienean, sekulako kolpea hartu dute. Adriana Martin, mundu mailako Liga onenetarikoan aritu den jokalaria, ez zegoen gauza handirik egiten. Baina horrelako jokalariek ez dute ezer behar gola sartzeko. Eta halaxe izan da, alajaina. Vanesa Gimbertek gune arriskutsuan baloia galdu eta zuzenean Teruelekoaren oinetara joan da. Honek, bi aldiz pentsatu gabe, azkar batean jaurtiketa prestatu eta area kanpotik zutoin albora zuzendu du baloia. Ainhoa Tirapuk ezin izan du ezer egin. Banakoa eta izugarriko zartada. Hamabost minuturen faltan Athleticek bihotzarekin ekin dio, baina jokaldi batzuetan buru gabe. Esaterako, Pañosek arazorik gabe harrapatutako Alazneren jaurtiketa, eta kanpora joan den Erikaren burukada. Azken unean, lurretik eta gutxigatik, Nekanek kanpora errematatu du Ibarraren erdiraketa.

Puntu honekin Athleticek estu jarraitzen du lidergoan. Baliteke, ordea, bihar lehen postu hori galtzea. Bartzelona eta Atletico Madril elkarren artean lehiatuko dira, eta Valentziak Collerenseren aurka jokatuko du. Horietariko batek irabaziz gero, talde bizkaitarrarekin puntuz berdinduko luke. Hurrengo larunbatean Juan Luis Fuentesek gidaturiko taldeak beste arerio sendo bat hartuko du Lezaman: Valentzia. Bi berdinketa errenkan lortu ondoren, garaipena eskuratzea ezinbestekoa izango da.   

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Arrate Orueta, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Izaskun Leoz (Erika Vazquez, 63. min.), Nekane Diez, Alazne Gomez; Yulema Corres (Eli Ibarra, 80. min.).

Levante UD: Sandra Paños; Mariajo Rocafull (Nerea Perez, 46. min. (Aila Fuster, 90. min.)), Sonia Prim, Maider Castillo; Leticia Mendez; Laura Gutierrez, Alba Merino, Olga Garcia, Paula Guerrero; Sheila Guijarro (Carol Marin, 91. min.), Adriana Martin.

Golak: 1-0: Izaskun Leoz, 13. minutuan; 1-1: Adriana Martin, 76. minutuan.

Epailea: Pardo Saavedra. Yulema Corres jokalari zuri-gorriak eta Levanteko Nerea Perezek txartel hori bana ikusi dute. 

Argazkia: www.athletic-club.net