Kolpe galanta

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko abe. 6a, 22:27

Athleticek kolpe galanta jaso zuen Sant Joan Despín. Bartzelonak ez zuen errukirik izan eta lau gol sartu zizkion talde bizkaitarrari. Bosgarren minutuan lortu zuten lehen gola, Sonia Bermudezen falta jaurtiketan. Atsedenaldia baino lehen Alexia Putellasek aldea handitu zuen. Bigarren zatian, Soniak berriro eta Jenni Hermosok, beranduago, Ainhoa gainditu zuten. Jokoan nabaritu ez zen jipoia ezarri zuten kataluniarrek markagailuan.

Lehia polit eta erakargarria espero zen hori Soniak hasieratik zapuztu zuen. Bosgarren minutua zen eta aurrelari madrildarrak beregain hartu zuen falta arriskutsua jaurtitzeko erantzukizuna. Eta ez zuen huts egin! Hain goiz markagailuan atzetik jartzea ez zegoen Athleticen planen barruan. Hala ere, zuri-gorriek gertu izan zuten berdinketa. Minutu gutxiren buruan bi aldiz topatu baitziren langarekin.

Fuentesen taldea etxekoei estutzen zebilen; momentu ona, ostera,  Alexiaren golarekin bukatu zen. Marta Torrejonen erdiraketan atzelarien hutsegite handia ederki baliatu zuen aurrelari trebeak eta Ainhoa Tirapu oztoporik gabe gainditu zuen. Athleticen joko kaxkarrari zaleek eman zioten kolorea eta bizitasuna. Ez pentsa Bartzelonak bere aurpegi onena erakutsi zuenik, baina ate aurrean fin ibili ziren blaugranak.

Bigarren zatian Athleticek erreakzioaren bilatzen prozesuan amore eman ez bazuen ere, Bartzelonak ez zuen errukirik izan. Bazekien bere aurkari zuzena zela, eta gero eta gol gehiago, askoz hobe. Zuri-gorriak ez ziren tentu handiz ibili defentsa lanetan, eta Soniak erraztasun hori probestu zuen hirugarren gola lortzeko –goizeko bere bigarrena-. Irenek bere oinetan izan zuen ohorearen gola, baina areako nahasmen horretan ez zuen behar bezala bukatu. Zauria handitzeko, Jenni izan zen eguerdiko azken golaren autorea, Vicky Losadaren erdiraketa bigarren zutoinetik sare barrura errematatzean.  

Jipoi handiegia jaso zuten bizkaitarrek, bi taldeek Sant Joan Despíko zelaian eskainitako jokoa ez baitzen bikaina izan. Etxekoek, ordea, euren nagusitasuna agerian utzi zuten golekin. Athletic ez zen gai izan bere arerio zuzenari behar bezala –edo espero zen bezala- aurre egiteko eta oker bakoitza ederki aprobetxatu zuten bartzelonarrek. Garaipen honekin Xavi Llorensek gidatutako taldea sendo mantentzen da lidergoan, Athletici sei punturen aldea ateraz eta partidu bat gutxiago jokatuta (abenduaren 20an jokatuko du Rayo Vallecanoren aurka). Gehiegi urrundu dira kataluniarrak. Denboraldia amaitzeko asko falta bada ere, geroa baldintzatu zezakeen neurketa zen hau, eta jakina da Bartzelonak puntu gutxi galduko dituela bidean.

Fitxa teknikoa:

FC Bartzelona: Laura Rafols; Marta Unzue, Marta Torrejon, Ruth Garcia, Melani Serrano (Nuria Garrote, 72. min.); Virginia Torrecilla, Vicky Losada (Gema Gili, 78. min.), Jenni Hermoso (Mariona Caldentey, 78. min.); Marta Corredera, Sonia Bermudez (Ana Romero “Willy, 72. min.), Alexia Putellas.  

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi (Eztizen Merino, 74. min.), Irene Paredes, Arrate Orueta, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Alazne Gomez, Erika Vazquez (Izaskun Leoz, 72. min.), Eli Ibarra (Irune Murua, 58. min.); Nekane Diez (Yulema Corres, 58. min.).

Golak: 1-0: Sonia Bermudez, 5. minutuan; 2-0: Alexia Putellas, 42. minutuan; 3-0: Sonia Bermudez, 59. minutuan; 4-0: Jenni Hermoso, 76. minutuan.

Epailea: Raul Calle. Sonia Bermudez eta Melani Serrano jokalari blaugranek txartel hori bana ikusi zuten. Baita Vanesa Gimbert eta Juan Luis Fuentes zuri-gorriek ere. Bestetik, Edurne Burgoa (bigarren entrenatzailea) eta Nekane Diaz (erreadaptatzailea) kanporatuak izan ziren.   

 

Argazkia: @Alvaro1918