Zuri-gorriak nagusi izan ziren, hasieratik bukaeraraino, gol-aukera mordoa eduki zituzten baina ez zuten asmatu Aliciaren atea zulatzen. Madrildarrak erasoan ez ziren fin ibili eta berdinketarekin konforme zirela erakutsi zuten.
Ainhoa Tirapu, Irune Murua, Eztizen Merino eta Yulema Corresen lesioak ez ezik, Juan Luis Fuentesek azken denboraldietan defentsako zuzendari izan den Irene Paredesen hutsunea bete behar izan zuen. Vanesa Gimbert eta Joana Arranzek ez zuten lan gehiegirik izan. Hasiera batean, Torviscoren taldea ondo kokatu zen Lezamako berdegunean, eta beraiek gozatu zuten lehen gol aukera, baina Anek ondo harrapatu zuen Mascaroren errematea. Mascaro, hain zuzen, hurrengo jokaldian lesionatu eta bere ordez Iris zelairatu zen.
Ordutik, talde madrildarrak erasoan oso gutxi eskaini zuen eta Mendiren hutsegite handi batek garesti irten ziezaiokeen Nekanek, bat-batekoan, Alicia menderatu izan balu. Hor hasi zen Athleticen haizetea, Rayo gogotik sufriarazi zuena. Baina gehienetan defentsa ondo kokatuta zegoen edo Aliciak erraz jasotzen zuen baloia. Azken metroetako trebezia falta zitzaien. Batetik, Izaskunek ederki kontrolatu zuen Iraiaren erdiraketa, baina jaurtiketa makala egin zuen. Bestalde, ezker hegalean Ibarraren gainean zegoen Solek esfortzu galanta egin zuen azkoitiarra geldiarazteko. Eta goletik hurbilen egon zena Lizaso izan zen, area ertzetik jaurtitako ezkerkadak langa jo baitzuen. Beranduago, burukada batekin saiatu zen.
Erikak botatako falta jaurtiketan Aliciak geldialdi bikaina egin zuelarik aurrelari nafarraren pizkundea hasi zen. Hutsuneak erraz topatu zituenean jokaldi paregabea egin zuen, eta ez dakigu atera jaurti edo erdiratu nahi zuen, nolanahi ere, Nekaneri milimetro gutxi falta izan zitzaizkion baloi horretara iristeko. Jardunaldi honetan Barakaldokoak ez zuen zorte handirik eduki ate aurrean eta Aliciarekin, beste behin, edukitako bat-batekoan gehiegi gurutzatu zuen. Izaskunen jaurtiketa kaxkarra atezainak hartu baino lehenago, aspaldian madrildarren jaurtitzerik ikusi ez eta Jadek area kanpotik Ane ezustean harrapatu nahi izan zuen eskuinkada jaurti zuen, fede handi gabe.
Hasierako berrogeita bost minutuetan Rayo Vallecano gutxika-gutxika atzean sartu bazen, bigarren zatian zelai erdia gainditzeko asmo gehiegirik ez zuen erakutsi. Hala, bizkaitarrei gehiago kosta zitzaien zuloak topatzea, erdiraketa asko eta asko defentsen hanka, buru edo gorputzekin topatzen zirelarik. Eta halako batean Gudiel bere atean gola sartzeko zorian izan zen. Fuentesen taldeak ez zuen hainbeste aukera garbi eduki, baloiaren jabetza berarena zen arren. Eroso zeuden etxekoak, gola lehenago edo beranduago iritsiko zenaren esperantzarekin. Ordularia aurrea zihoan, eta honekin zuri-gorrien eta zalegoaren urduritasuna areagotzen zegoen. Torviscok, jada, bere jokalari arriskutsuena –Jade Boho- berdegunetik atera zuen, erasoari uko eginez.
Lerro batzuk aurrerago aipatutako Nekaneren zorte eskasa berriro azaleratu zen Izaskunen erdiraketa zutoinera errematatzean. Amaitzeko, Aliciak erabaki arraroa egin zuen baloia areatik at hartzean. Txartel gorria ikusi beharko zukeen, baina epaileak horiarekin zigortu zuen, bizkaitarren amorrurako. Area ertzeko falta jaurtiketaren errespontsabilitatea Nekanek hartu zuen bere gain eta gora botatzean zaletuen murmurra entzun zitekeen. Neurketako azken aukera zen eta ez zuten ongi probestu.
Denboraldi honetan, beste behin, Athleticek huts egin zuen erabakigarritzat jotzen zen neurketan. Jada, hirugarren postuan dagoen Valentziak bi punturen aldea ateratzen dio; bigarrenak, zazpi eta hamar puntura dauka lidergoa. Ez da iritsiko bere une gozoenean Zubietako euskal derbira eta une txarrak pasatzen ari den Reala izango du aurrean. Azken aldiko bi taldeen denboraldi eskasena izaten ari da aurtengoa, zenbakiek hala diote behintzat. Hala ere, derbien edertasuna agerian utziko du larunbatean 11:45 jokatuko den lehiak.
Fitxa teknikoa:
Athletic: Ane Otxoa; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Vanesa Gimbert, Eunate Arraiza; Maite Lizaso, Arrate Orueta; Nekane Diez, Izaskun Leoz (Jone Bilbao, 79. min.), Eli Ibarra (Alazne Gomez, 52. min.); Erika Vazquez.
Rayo Vallecano: Alicia; Sole, Mendi, Gudiel, Catalá; Lorena, Codonal, Marianela; Mascaro ((Iris, 7. min.) Noelia, 84. min.), Saray (Carreño, 75. min.), Jade (Sara, 63. min.).
Epailea: Gomez Landazabal. Arrate Orueta eta Izaskun Leoz jokalari zuri-gorriek txartel hori baina ikusi zuten; baita Sole Sanchez eta Alicia Gomez madrildarrek ere.
Argazkia: www.athletic-club.eus