Realak azken garaipena azaroan lortu zuen eta egoera larrian aurkitzen da, jaitsiera postuetatik bi puntura. Athleticek ezin izan du Bartzelona gertutik jarraitu, eta Atletico Madril eta Valentziak jada aurrea hartu diote.
Partidak pasa ahala, bai Athleticek eta bai Realak, euren helburu nagusiak aldentzen direla ikusten ari dira. Txuri urdinek bigarren itzulerako hasiera gogorrari aurre egiten dabiltza. Levante eta Atletico Madrilen aurkako porrotekin ekin zuten eta ez dute nahi lehen itzulian gertatu zena berriro bizi; hau da, bizkaitarren aurka hirugarren porrota errenkan jasan. Horren ondorioz, egoera iraultzea oso zaila izan zelako eta orain gehiago hondoratuko liratekeelako. Azaroaren 16tik ez dute partidutik irabazi, eta Vallecasen lortutako garaipena aurtengo hirugarrena, eta oraingoz azkena, izan zen. Ordutik, Realaren ibilbidea hiru berdinketa eta bost porrotekin osatu da.
Sant Gabriel eta Sevilla dira jaitsiera postuetan aurkitzen diren bi taldeak, biek hamaika puntu dituztelarik. Gipuzkoarrek errespetuz begiratzen diote postu horiei, bi puntuko aldea besterik ez baitaukate. Susto handirik ez eramateko, behar-beharrezkoa dute bihar jokoan egongo diren hiru puntuak batzea. Gainera historikoa izan daiteke, Zubietan jokaturiko derbietan inoiz ez baita ikusi etxeko taldearen garaipenik. Bertatik sei alditan irten da garaile Athletic eta lau berdinketa eman dira Gipuzkoako zelaian. Joan zen sasoiko bi lehiatan zuri-gorriak izan ziren garaile eta Unai Gazpiok ez du inoiz punturik batu Athleticen aurka -2012an Euskal Herriko Kopako finala irabazteaz gain, talde bizkaitarraren aurka jokaturiko bere lehen neurketan.
Erronka zaila Realarentzat, baina baita Athleticentzat ere. Ez dago une gozoenean, hala diote emaitzek eta sailkapenak. Azken bi jardunaldietan puntu bakarrarekin konformatu behar izan da, nahikoa ez Fuentesen taldeak buruan zeukan helburuak aurrera eramateko. Pasa den asteburuan, Valentziak geldiezina zirudien Bartzelona menderatu zuen. Athleticek aukera bikaina zuen liderrarekin aldea murrizteko, baina ez zen gai izan Rayoren atea zulatzeko, amaierako emaitza 0-0 izan zelarik. Horren ondorioz, eta Huelvako berdinketarengatik, laugarren postutik ezin mugiturik dabil Fuentesen taldea; Bartzelonatik hamar puntura, Atletico Madril baino zazpi puntu gutxiagorekin eta Valentzia baino bi gutxiagorekin.
Bazirudien Juan Luis Fuentesen gidaritzapean dagoen taldeak sentsazio onak berreskuratu zituela 2014. urte bukaeran. 2015eko lehen partidan Sant Gabrielen zelaian lorturiko garaipenak (1-4) hori baieztatu zuen. Baina berriro ere azaroan azaldu ziren mamuak plazaratu dira. Realean ez ezik, Athleticen ere lesioak aurtengo protagonista nagusiak izaten ari dira. Irune Muruak, abenduan, eta Eztizen Merinok, urtarrilean, belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi dute. Ainhoa Tirapu orkatilako zaintiratua dela eta, hilabete inguru egon beharko da zelaietatik at, horren ondorioz Abanton jokatzen ari zen Jone Guarrotxena Athleticera itzuli da. Eta, azkenik, Fuentesek ez du erabilgarri izango Irene Paredes, azken urteetan taldeko giltzarrietako bat.
Realaren aldetik, Maialen Zelaia eta Eguzkiñe Peña menisko hezurreko lesioa gainditzen dabiltza eta Cristina Pizarrok, txuri urdinek lorturiko azken garaipenean, belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Bestalde, neguko merkatuan Marina Agoües talde gipuzkoarrera itzuli da, bost hilabetean Riviera di Romagnan jokatu ostean. Zarauztarrak aurreko asteburuan jokatu zuen lehen neurketa, laurogeita hamar minutuetan parte hartu zuen eta neurketaren ibilbidea aldatu zezakeen jokaldiaren protagonista izan zen, area ertzetik jaurtitako zartakoa sartu izan balitz 1-2koa izango zitekeelako.
Zubietara hurbildu ezin direnentzat, Info Zazpi Irratiak eta Gol Televisionek zuzenean emango dute derbia, Euskadi Irratiak konexioak egingo ditu. Politena, ordea, z7 zelaiko harmailak jendez beterik ikustea izango litzateke, nahiz eta eguraldi kaxkarra egon. Edozer gertatu daitekeen neurketa, sailkapenak zentzua galtzen duen lehia. Derbia beti derbi.
Argazkia: Maria Mentxaka