Izugarrizko kazkabarrak eman zion ongi etorria euskal derbiari. Aurreko egunean eta partida aurretik egindako euri jasarengatik putzuak, lokatzarekin batera, nagusi ziren zelaian. Baina derbiak ez du inoiz huts egiten eta zaleek gozatu ederra hartu zuten bi taldeek eskainitako intentsitate handiko jokoarekin. Horrekin batera, harmailak animo oihuez koloreztatu zituzten zaleek giro aparta jarri zuten Zubietako z7 zelaian. Beroketa ariketetan Ekaitz Etxebeste prestatzaile fisikoak bere jokalariei “gaur da eguna” adierazi zien eta txuri urdinak euren aukeretan sinesten zelairatu ziren. Neurketako lehen abisua, gainera, beraiena izan zen. Marinak baloi luze bat bidali zion Cirauquiri eta honek, Ainhoaren lasterketa ikusirik, jokoa ireki zuen. Donostiarrak ez zuen jaurtiketarekin asmatu. Hurrengo jokaldian Nahikarik baloia orraztu zuen, airez Maite Lizasori aurrea hartuz, eta Cirauquiren jaurtiketa gora joan zen.
Reala konfiantza gehiagorekin jokatzen zebilen eta aspektu guztietan sumatu zitekeen. Athleticek arriskua estrategia jokaldietan sortzen saiatzen zebilelarik, baina etxekoen segurtasuna itzela zen. Hain zeuden pizturik donostiarrak, Itxasok aurkariak despistaturik hartzeko esperantzan, area ertzeko falta bizkor atera eta Cirauquiri eskaini zion. Azken unean Arranzek aurrea hartu eta kornerrera bota zuen. Beste jokaldian batean, Funeseko jokalaria protagonista izan zen erdiraketa batekin eta Maite Lizasok Nahikariren gola ekidin zuen.
Unai Gazpioren taldea ederki aurre egiten zebilen bere aurkari handiena den taldeari eta arrisku askorekin hurbiltzen zen Ane Otxoak defendatutako atera. Baina, beti esaten den bezala, Athleticekin ezin zara inoiz fidatu, edonolako jokaldian gola egiteko gaitasuna baitaukate. Txuri urdinak jakinaren gainean zeuden eta horren ondorioz defentsan lan bikaina egin zuten, jokaldi guztietan adi egonez. Zuri-gorriak erdiraketen bitartez donostiarrak urduritzea helburu zuten, batez ere, Eli Ibarraren hegaletik. Baina Mariasunek ez zuen apenas lanik izan. Gipuzkoarren erasoaldiak gutxitzen joan ziren atsedenaldia hurbiltzen zelarik. Hala ere, Cirauquiren erdiraketa arriskutsuak ez zuen errematatzailerik aurkitu eta ohituta gaituen jaurtiketa batekin saiatu zen. Atsedenaldiaren aurretik, ordea, Maite Lizaso zorabiatu eta goizeko sustoa eman zuen. Lehenago, Manterolaren buruarekin talka egitearen ondorioz-edo. Bazirudien aldageletatik itzultzean ordezkatua izango zela baina neurketa guztia jokatzeko gai izan zen.
Bigarren zatiaren haserako minutuetan Realak erasoan jarraitu zuen, gola aurkitu arte. Ainhoa eta Sandrak ederki osatutako jokaldia Nahikariren oinetara heldu zen; honek, ateari bizkarra ematen zegoenez, Itxasori eskaini zion baloia eta Cirauquiri bidalitako pasea luzeegia izan zen.
Hain zuzen ere, Realaren gola Athletici hobekien ematen zaion jokaldian iritsi zen: estrategia jokaldian. Leire Bañosek kornerreko aldaratzea hartu eta bere jaurtiketa printzipioz kanpora bazihoan ere, Aneren oinean jo eta sareratua izan zen. A ze poza Zubietan! Txuri urdinak merezimendu osoz aurreratu ziren markagailuan. 1-0ekoarekin, ordea, gehiago kosta zitzaion arriskua sortzea, beharbada zuri-gorrien presioa areagotu zelako. Nolanahi ere, etxeko taldea atzean lan ona egiten zebilen eta harmailetan optimistak ziren, Athleticek gero eta aukera garbiagoak egiten zituen arren. Lehenengo, Erikak bakarkako jokaldia egin eta gehiegi gurutzatu zuen jaurtiketa, ate azpiko lokatzetan geldirik geratu zelarik. Beranduago, Nekanek ez zuen asmatu Yulemaren erdiraketa hiru zutoinen artera errematatzen; ezta Oruetak ere, intentzio handiko jaurtiketarekin.
Ane neurketako protagonista bihurtu zen berdinketa ate azpian ekidinez. Mariasunek ez zuen ondo neurtu irteera, horren ondorioz Erika baloiarekin egin zen. Honek, Lizasori atzera bidali eta zarauztarraren jaurtiketa Nekaneren oinetan geratu zen. Barakaldokoaren jaurtiketarekin gola lortuko zutelakoan, Ane Bergara agertu zen baloia hartu eta kanpora botatzeko. Gaurkoan kapitaina zena Yulemaren jaurtitzean erabakigarria izan zen, aterako ibilbidea hartu ez zezan.
Oso gutxi falta zen amaierarako. Realzaleak garaipenak ihes egin zitekeenaren beldur ziren eta bukaera adierazteko asmorik ez zeukan epaileak. Horrek urduritasuna eragin zuen. Nahiz eta txuri urdinak Athleticen jokaldien abiatzeak mozteko intentzioa eduki, ezin izan zuten eten Eunatek Yulemaren korrikaldira bidalitako baloi luzea. Gasteiztarrak atzelariei bizkarra hartu eta arean zegoela erdiraketa neurtua bidali zion Nekaneri, honek sarera bultzatu zuelarik markagailuan banakoa jarriz.
Neurketa parekatua izan zen. Bakoitza zati batean nagusi izan zelarik: Reala lehenengo zatian eta gola lortu arte; eta ondoren, Athletic. Hala ere, berdinketak zapore garratzagoa uzten du talde gipuzkoarrean, garaipen historikoa lortzeko zorian egon baitziren. Biak ala biak ez dira sailkapenean askorik mugitzen, beraz hurrengo jardunaldia –hemendik bi astera jokatuko dena- erabakigarria izango da bientzat. Realak Oviedo Modernoren zelaia bisitatuko du eta Athleticek Sevilla jasoko du Lezaman.
Fitxa teknikoa:
Real Sociedad: Mariasun Quiñones; Sandra Ramajo, Ane Bergara, Ainara Manterola, Itziar Gastearena; Marina Agoües (Uxue Garmendia, 80. min.), Leire Baños; Ainhoa Vicente (Idoia Agirre, 75. min.), Itxaso Uriarte (Leyre Fernandez, 72. min.), Maria Cirauqui (Aintzane Encinas, 62. min.); Nahikari Garcia.
Athletic: Ane Otxoa; Iraia Iturregi (Ainhoa Álvarez, 78. min.), Joana Arranz, Vanesa Gimbert, Eunate Arraiza; Maite Lizaso, Arrate Orueta; Nekane Diez, Izaskun Leoz (Alazne Gomez, 73. min.), Eli Ibarra (Yulema Corres, 58. min.); Erika Vazquez (Jone Bilbao, 91. min.).
Golak: 1-0: Ane Bergara, 51. Minutuan; 1-1: Nekane Díez, 89. minutuan.
Epailea: Ortiz Extremo. Ane Bergara eta Marina Agoües txuri urdinek txartel hori bana ikusi zuten, eta baita Arrate Orueta zuri-gorriak ere.