Athletic

Istoriorik gabeko lehia (7-0)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko ots. 15a, 17:27

Athletic eta Sevillaren arteko neurketak ez zuen bestelako istoriorik eskaini. Hasieratik bukaeraraino zuri-gorriak nagusi izan ziren, hein handi batean euri zaparradek eragindako zelai astunarengatik. Andaluziarrek ez zuten jakin nola jokatu eszenatoki horretan eta bizkaitarrak euren boterea erakutsi zuten zazpi gol eginez, horietariko sei lehenengo zatian.

Hamaseigarren minuturako 4-0ekoa adierazten zuen markagailuak eta sevillarren aurreneko jaurtiketa –hiru zutoinen artera zuzendu gabe- hogeita hemezortzigarren minutuan iritsi zen. Berdegunean talde bakarra zegoela zirudien Ibarrak lehen gola egin zuenetik, hau da, hirugarren minututik.  Jokalari azkoitiarrak zuzenean atera bidali zuen kornerreko erdiraketa, Tajonar menderatuz. Atezainak zertxobait gehiago egin zezakeen, baina erdiraketaren prezisioak harriturik edo ezin izan zuen gola ekidin.

Bi taldeen arteko ezberdintasunak nabarmenak baziren neurketa hasi aurretik, euri jasak eragindako lokatzak aldea areagotu zuen. Euskaldunak ohituta daude horrelako egoeran jokatzen –euskal derbia eta Catalunyaren aurkako partidak adibide-; andaluziarrak, ordea, ez. Horrez gain, defentsan eman zituzten erraztasunak bikaintasunez baliatu zituzten Athleticeko aurrelariek. Etxekoen baloi luze bakoitza arriskuaren sorrera zen, asko eta asko Ibarraren ezker botak bidalitakoak. Erasoko jokalari orok erraz ihes eginez Pamela Tajonarren aurrera iristen ziren. Lizasok aireratutako baloia Erikak jaso eta atzelariek geldirik ikuskatu zuten nola nafarrak bigarren gola egiten zuen.

Sevillak ezin zuen baloiaren jabetza segundu batez mantendu eta Athletic, zelai erdian baloia lapurtzearekin batera, esfortzu handirik egin gabe sartzen zen area barrura. Halako batean, Erikari penaltia egin zioten. Arrate Oruetak hamaika metroetatik botatako jaurtiketa hirugarren gola bilakatu zen, atezaina gelditzeko gertu egon bazen ere. Eta beste baloi luzea batean, Nekanek atzelariei bizkarra hartu eta laugarrena egin zuen.

Entrenatzaile andaluziarra ez zegoen pozik ikusten ari zenarekin. Horren adibide, lehen zatian eginiko bi aldaketa, biak defentsa lerroan. Aldaketek ez zuten eragin handia eduki, minutu batzuen buruan hobekuntza nabaritu zen arren. Atezain mexikarrak ere segurtasun apur bat irabazi zuen, baina beste behin, ezin izan zen Erikarekin eduki zuen bat-batekoan gailendu. Eta zer esanik ez Opreak eginiko huts egite larrian. Area barruan baloiarekin zer egin ez zekiela Yulemak ederki lapurtu zion baloia eta gasteiztarrak ez zuen huts egin.

Lehen zatian sei gol egin bazuten –beste hainbat aukera edukita-, bigarrenean zenbat jauziko ote ziren galdetzen hasi ziren zaleak. Hala ere, txalo zaparrada artean zelairatu ziren Sevillako jokalariak. Sailkapeneko egoera zaila eta jasaten ari ziren gol eta euri zaparrada kontuan izan zuten talde bizkaitarreko zaleek.

Zuri-gorriek lasaitasun gehiagorekin ekin zuten bigarren zatia, sei golen alde nabarmena zela-eta. Baina amorruz erantzun zuen Nekanek gola egiteko zorian zegoela epaileak jokoa gelditu zuenean. Aurretik Tajonarrekin tupust egin eta atezaina lurrean geratu zen, jokaldia jarraitu ezinik. ‘Beste bat, beste bat’ oihuak ere entzun zitezkeen minutuak aurrera joan ahala.  Azkenean, neurketa bukatzeko hamabost minuturen faltan Izaskunek egin zuen zazpigarren gola. Txikiren hasierako jaurtiketa atezainak gelditu zuen eta aldaratzea ‘18’ zenbakiak sareetara jaurti zuen. Gol gehiago sartzeko aukera mordoa eduki zituen Fuentesek gidaturiko taldeak baina bigarren zatian ez ziren hain fin ibili ate aurrean. Gaitzerdi, pentsatuko zuten andaluziarrek.

Lehenengo zatian jada neurketa amaitutzat jo zen, bigarren zatiak garrantzi gutxi izan zuelarik. Hori horrela, epaileak luzapena murriztea erabaki zuen. Jone Guarrotxenak, Athleticen bere bigarren etapako debutean, pare bat baloi besterik ez zituen ikutu.  Emaitza honekin Sevilla putzutik irten ezinda dabil eta Athleticek hirugarren sailkatua den Valentziarekin aldea bi puntura murriztu du, valentziarrek bana berdindu baitute Sporting Huelvaren aurka. Datorren asteburuan zuri-gorriek Zaragozara bidaiatuko dute Transportes Alcaineren aurka jokatzeko.

Fitxa teknikoa:

Athletic: Jone Guarrotxena; Ainhoa Alvarez, Joana Arranz, Vanesa Gimbert (Arene Altonaga, 46. min.), Eli Ibarra; Maite Lizaso, Arrate Orueta; Erika Vazquez (Izaskun Leoz, 46. min.), Yulema Corres (Jone Bilbao, 54. min.), Eunate Arraiza (Alazne Gomez, 46. min.); Nekane Diez.

Sevilla: Pamela Tajonar; Sandrita, Sandra, Oliva (Claudia, 46. Min.), Ali, Jenni (Mari Carmen, 67. min.), Amparito, Natalia, Escuredo, Candela (Oprea, 20. min.), Lucia (Rocio, 32. min.).

Golak: 1-0: Eli Ibarra, 3. minutuan; 2-0: Erika Vazquez, 12. minutuan; 3-0: Arrate Orueta, 14. minutuan; 4-0: Nekane Diez, 16. minutuan; 5-0: Erika Vazquez, 34. minutuan; 6-0: Yulema Corres, 42. minutuan; 7-0: Izaskun Leoz, 76. minutuan.  

Epailea: Azkuenaga. Maite Lizaso jokalari zuri-gorriak txartel horia ikusi zuen. Baita Alicia Fuentes eta Amparo Delgado 'Amparito' andaluziarrek ere.

 

Argazkia: www.athletic-club.eus