Athletic

Goranzko joera bilatzera

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko ots. 20a, 14:00

Athleticek Transportes Alcaineren zelaia bisitatuko du bihar, Gol Telesbistaren testigantzan. 11:45 emango zaio hasiera lehiari eta biak ala biak sailkapenean gora joatea izango dute helburu. Neurketa berezia izango da Zaragozako taldean dabilen Silvia Ruizentzat, Athleticen sei denboraldi igarota iazko udaran airez aldatu baitzuen.

Aurten Lezama irabazten hasi den talde bakarra dugu Transportes Alcaine. Zailena egin zuten zaragozarrek baina, espero zen bezala, Athleticek garaipena eskuratu zuen, ezustekorako tarterik eman gabe. Biharkoan berdina egitea dute xede bizkaitarrek, hau da, hiru puntuak poltsikoratzea. Hala, bere aurkari zuzenek tupust eginez gero, sailkapenean gora egiteko aukera izango baitute. Eta bestela, laugarren postuan sendo mantenduko dira.

Pasa den asteburuan Athleticen bertsio onena plazaratu zen Sevillaren aurka, 7-0ekoa lortuz. Golak eta sentsazio onak. Horiei segida eman nahiko diote zuri-gorriek, hain zuzen ere. Ez da zelai erosoa bisitatuko dutena, ezta aurkaria ere. Nahiz eta hamaikagarren postuan kokaturik egon, Transportes Alcainek maila onez jokatzeko gai dela erakutsi du askotan. Aurtengoan iazko denboraldian baino finago dabiltza. Iaz jaitsiera postuetatik oso gertu ibili baitziren denboraldian zehar, azken sailkatua ere izan zen lehen itzulia bukatu baino lehenago.

Sasoi honetan hiru garaipen besterik ez dute lortu, berdinketak zortzi izan direlarik –porrotak legez-. Ez dira zoratzeko bezainbesteko zenbakiak, are gutxiago goialdeko taldeekin jaso dituen gol zaparradak atzematen baditugu. Baina, adibidez, joan zen igandean Atletico Madrileri gauzak gaitz jarri zizkion, binako berdinketa eskuratu zuelarik Espainiako hiriburuan, bide batez Athleticeri fabore txiki bat eginez. Eta Manzanaresko taldeak izerdi asko bota behar izan zuen Zaragozan garaipena eskuratzeko (1-2). Esan beharra dago abenduaren 13tik ez direla garaipena lortzeko gai izan, Reala 2-1 garaitu ostetik porrot bat sufritu eta lau berdinketa errenkan eskuratu dituzte. Azken biak meritu handikoak izan diren arren –Atletico Madril eta Levanteren aurka-, ez ziren gai izan aurkari zuzenak diren Albacete Fundazioa eta Santa Teresa menderatzeko.

Ahulaldi hori baliatu beharko du Athleticek Zaragozan irabazteko. Ondotxo daki Pedro Sancho zelaian garaipena lortzea zer den Fuentesek gidaturik taldeak. Joan zen denboraldian jipoi ederra eman baitzion etxeko taldeari, markagailuak 0-5 adierazi zuelarik. 2012-2013an ere asko disfrutatu zuten bizkaitarrek, sei gol eginez eta bakarra jasoz (1-6). Bi emaitza horiek salbuespen gisa analizatu behar ditugu, izan ere aurreko lehia guztietan Athletic gehiago sufritu behar izan baitzuen hiru puntuekin egiteko. Hori bai, historia guztian -bederatzi neurketetan- porrot eta berdinketa bakarra ezagutu du talde bizkaitarrak zelai zaragozarrean.

Pedro Sanchoko estadistika onei segida emateko esperantzarekin zelairatuko dira euskaldunak. Garaipenaren bidera itzultzeko asmoa eduki dute Aragoikoek. Biak ala biak hiru puntuen beharra sailkapenean gora egiteko. Gol Telebistak 11:45etatik zuzenean emango du bereziki Silvia Ruiz Athleticeko jokalari ohiarentzat berezia izango den lehia interesgarri hau.

 

Argazkia: www.athletic-club.eus