Bi taldeetan lesioak nagusi izanik, Athleticek errendimendu hobea eskaini zuen Lezamako bosgarren futbol zelaian. Bigarren berdegunearen itxura eskasarengatik, aste guztiko euri zaparrada mardulak tarteko, harmailik gabeko zelaian jokatzea erabaki zuten. Bertan debutatu zuen –joan zen asteko lau minutuak salbuespen- Collerenseko 15 urteko atezain gazteak. Sei gol jaso baditu ere, oroimenean ondo gordeko du gaurko eguna Sandra Torresek. Athleticen aldetik, zapore gozoagoa izan zuen Garazi Muruak lehen taldean eginiko debutak, bigarren zatian Arranzen lekua hartuz.
Lehenengo gola ospatzeko ez zuten askorik itxaron behar izan zaleek. Hiru minutu zeramatzan neurketak jokoan, Oruetak atzelarien arteko hutsunera baloia bota eta Yulemak, segurtasun osoz, atezaina menderatu zuenerako. Lehiak izan zezakeen emozioa zapuztu du gasteiztarrak. Lasaitasuna talde guztian zehar barreiatu zen, eta horren ondorioz Collerense erasoan zertxobait egiten saiatu zen, batez ere, Guijarro eta Maitaneren bidez. Bizkaitarrek, ostera, erraztasunak aurkitzen zituzten zelai erdia pasa orduko. Mallorkarren atzeko lerroa gainditzeko baloi luze bat nahikoa zen –nahiz aurkaria bost atzelariekin jokatzen egon-, eta modu horretan iritsi ziren aukera garbi guztiak. Era berean, erdiraketa gehienak defentsak aldenduak izan ziren. Bigarren goleko protagonistak Arranz eta Eunate izan ziren. Laudiokoak ederki ikusi zuen nafarraren korrikaldia, eta atzelarien gainetik baloi luze bikaina bidali zuen areara. Eunatek, inolako presiorik gabe, baloia sareratu zuen. Hori gutxi ez, eta hirugarren gola Collerenseko jokalariek beraiek eraiki zuten euren hutsegiteekin. Corak area hertzean baloia galdu zuen, Yulemaren mesederako; honen paseak Vidalen oinetan jo eta bere atean sartu zen baloia. Lehenengo zatiko gol andanarekin bukatzeko aurrelari gasteiztarrak bukaera zoragarria eman zion Ibarraren erdiraketari, goizeko laugarren gola bilakatu zelarik.
Bigarren zatian, Erikaren zelairatzearekin, beste horrenbeste ikustea espero zen. Aukera anitzekin zalegoak gozatu ederra hartu zuen, gol gutxiago egon ziren arren. Mallorkako taldea, Maitane eta Guijarroren gidaritzapean, area hertzera heldu bai baina azken pasea fintzea falta zitzaien. Hala, ez zuten errematerik bideratu hiru zutoinen artera. Pili Espadas, hasierako minutuetan, adi ibili zen Garazik orraztutako baloia hartu, atezaina lekuz kanpo zegoela konturatu eta jaurtiketa atera bidaltzean. Han zen, baina, Garazi bera, hanka nola edo hala ipini eta baloia kornerrera bidaltzeko.
Athleticek izualdi horri –hala deitu bazitekeen- erantzuna Orueta eta Erikaren bidez eman zuen. Erdilariak, nafarraren korrikaldiaren bila, atzelarien bizkarrera baloia bidali eta Erikaren jaurtiketa Sandrak desbideratu zuen. Gozatzen zebilen Erika. Horren adibide Arenerekin egin zuen bat-batekoa eta horren osteko erdiraketa. Jokaldia edertze aldera, Izaskunek hanka artetik pasatzen utzi zuen, atzean Yulema zeukalakoan. Defentsak aurrea hartu eta arriskua urrundu zuen.
Bi jokaldi isolatuetan Erikak goizeko saria eskuratu zuen. Hasiera batean, zorte apurrarekin. Izan ere, Ibarraren erdiraketa Jonek jaso eta honen pasea, ezustean –defentsen artetik igaro ostean-, Erikaren oinetara heldu zen. Bultza besterik ez zuen egin gola egiteko. Hurrengoan, Eunateren pase luzea hartu eta ez zuen hutsik egin atezainaren aurrean. Neurketaren azken hatsean, jada aspergarritzat deskribatu zitekeenean, Eunate, Yulema eta Erikak aukera bana eduki zuten.
Garaipen eroso honen ostean, etxetik kanpo maila bera erakusteko gai direla demostratu beharko dute Santa Teresaren zelaian. Esan bezala, laugarren postuan mantentzen da Fuentesen taldea, bigarren postutik bost puntura jarraitzen duelarik. Bosgarren sailkatuak, Levantek, gertutik jarraitzen dio Athletici, hiru punturen aldea besterik ez baitu. Aurkari zuzenen arteko lehiak hil ala bizikoak izango dira datozen jardunaldietan.
Fitxa teknikoa:
Athletic: Ane Otxoa; Iraia Iturregi, Joana Arranz (Garazi Murua, 46. min.), Vanesa Gimbert, Eli Ibarra; Arrate Orueta, Ainhoa Alvarez (Arene Altonaga 58. min.); Izaskun Leoz (Jone Bilbao, 62. min.), Yulema Corres, Eunate Arraiza; Nekane Diez (Erika Vazquez, 46. min.)
Collerense: Sandra Torres; Espe Collado (Cloe, 57. min.), Cora Coll, Maria Vidal (Paula Garmendia, 78. min.), Andrea Fiol, Marga Morey; Anita Campos, Patri Guijarro, Maitane Lopez, Gabriela Gutierrez; Pili Espadas (Estefania Rodriguez, 78. min.).
Golak: 1-0: Yulema Corres, 3. minutuan; 2-0: Eunate Arraiza, 20. minutuan; 3-0: Maria Vidal (bere atean), 29. minutuan; 4-0: Yulema Corres, 40. minutuan; 5-0: Erika Vazquez, 66. minutuan; 6-0: Erika Vazquez, 71. minutuan.
Epailea: Merino Ortiz de Zarate. Arrate Orueta eta Garazi Murua jokalari zuri-gorriek txartel hori bana ikusi zuten.
Argazkia: www.athletic-club.eus