Zelai arriskutsura bisita

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mar. 6a, 18:36

Athleticek Santa Teresaren etxean bere sentsazio onei segida eman beharko dizkio. Joan zen asteburuan Lezaman Collerense erraz garaitu ostean (6-0), etxetik kanpoko konpromisoan berdina egin beharko dute bizkaitarrek, bigarren postutik gehiago aldendu nahi ez baldin badute behintzat. Igandean 11:45etan, beraz, Badajozen jokoan egongo diren hiru puntu garrantzitsuak poltsikoratu beharko ditu.

Talde estremadurarrarentzat ez zen lan samurra izan Lehen Mailara egokitzea. Bistan da txapelketa hasierako emaitzak erreparatuz gero.  Aurreneko hamar neurketetan lau puntu besterik ez baitzuen batu. Baina abendua eta urtarrileko hilabeteetan gehitutako puntuei esker, egoera eroso batean dagoela esan dezakegu. Euren helburua –jaitsiera saihestea- betetzen ari dira behintzat. Zortzi puntura daukate postu arriskutsu horiek, eta Koparako azken txartela ematen duen zortzigarren sailkatuarekin zazpi puntuko aldea daukate. Hein handi batean, Lehen Mailako estreinako denboraldian hogeita bat jardunalditan hogei puntu batzearen lorpena bere aurkari zuzenetan paper ona egiteaz gain, talde ‘handiei’ ezustekoak emanez eskuratu dituzte.

Hori horrela, ez da inola ere neurketa erraza izango. Extremadurako zelaian talde batek baino gehiagok puntuak utzi baititu. Zer esanik ez, guztion harridurarako, Atletico Madrilek bertan berdindu zuen jardunaldia. Eta hurbilago daukagun 20. Jardunaldian Levante husnako berdinketa apurtzeko ez zen gai izan. Realak ere, 1-3 irabazten joan ostean puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren txuri-urdinak.Emaitzez haratago, entzutetsu bihurtu da jada Valentziaren aurkako neurketa. Izan ere, bertan adierazitako penalti zalantzatsu baten ostean –horren bidez irabazi zuen norgehiagoka Santa Teresak (1-0)-, epailearen laguntzaile batek Extremadurako Elkargoko presidentea salatu zuen. Atsedenaldian presidenteak epaile taldea mehatxatu zuela jasotzen du salaketak.

Polemikak alde batera utziz, Lezamara egin zuten lehen bisitaren oroitzapen onik ez du edukiko Santa Teresak. Gol zaparrada ez, baina erosotasun handiarekin garaitu zuen Fuentesen taldeak (3-0). Igande honetakoak ez du  haren antzik edukiko. Lehenik eta behin, belar artifizialean jokatzen delako, eta handik geroztik lesio asko jasan baititu talde bizkaitarrak. Hutsune horiek ondo bete zituzten Collerenseren aurka, baina ez horren ondo astebete lehenago Zaragozan jokatutako neurketan. Beraz, konfiantzarekin bai, baina ez lasaitasunez, aurre egin beharko diote zuri-gorriek lehia honi. Juan Carlos Antunezen gidaritzapean dagoen taldeak esperientzia handirik gordetzen ez badute ere, Lehen Mailan sei hilabete hauetan egin duten ibilbidean zerren gai diren erakutsi du. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus