Golik gabeko ikuskizuna (0-0)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mar. 28a, 18:07

Athletic eta Atletico Madrilen arteko neurketak golik izan ez bazuen ere, joko polita eskaini dute bi taldeek –batez ere madrildarrek. Futbola golik gabe ere ederra izan daitekeela erakutsi dute biek. Gol aukerei erreparatuz gero, bizkaitarrak atea zulatzetik hurbilago ibili dira, baina erremateetan indarra falta izan zaie. Madrildarren lasaitasuna nabarmena izan da laurogeita hamar minutuetan.

Lehia honen garrantziak indar gehiago hartu du aste honetan baieztatu den berri baten eraginez: aurtengo bigarren sailkatuak Champions-ean jokatzeko aukera izango duelaren zurrumurrua egi bihurtu baitzen. Hori horrela, Athleticek aldea murrizteko aukera paregabea zuen gaur goizean –erronka zaila bazen ere- eta, halaber, Levanteren aurkako porrota lehenbailehen ahazteko. Madrildarrek, bestalde, bigarren postu horretan mantentzeko irabaztea behar zuten, Valentziak oso gertutik jarraitzen baitio. Bada, neurketa irekia izan den arren, hasierako emaitza bera mantendu da partidu guztian. Sinestezina zirudien, Athleticek jada aurreneko minutuan ezustekoa eman baitio Lola atezainari. Andaluziarrak ez du ondo neurtu irteera eta baloi luzeak goitik gainditu dio; azkar ibili da, baina, atzera korrika egin eta harrapatzeko.

Intentsitateaz gain, jokalari bakoitzak bere abilezia erakutsi dute. Eta Athleticek, hain zuzen, era horretan sortu du arrisku gehien. Alazne, Nekane eta Erikak ezin hobeto ulertu dira, eta barakaldarrak, Rocioren presioa gainetik kendu ezinik, zutoin albora jaurti du, Lola Gallardoren luzada behartuz. Bizkaitarren minutu onenak izan dira, madrildarrak defentsan sendo burutu behar izan direlarik. Dena den, ezin lasai egon, Sopuertaren taldeak ezer gutxi behar izaten baitu mina emateko. Hala, Eunate eta Iraia oso adi ibili dira Amandaren pasea eta Priscilaren driblatzea, hurrenez hurren, mozteko. Nekanek, ordea, ondo engainatu du atzelaria baina ez du asmatu jaurtiketan. Ezta Erikaren erdiraketa errematatzerakoan ere, Lolak baloia erraz hartu duelarik.

Baziruedien Fuentesen taldea goletik hurbil zebilela, Atletico Madrilek denbora askoan erasoan ez bazuen ezer egin. Erasoan ez, baina baloia ukitzerako orduan irizpide hobeak zeukaten. Lasaitasun osoz ari ziren jokatzen, hein handi batean Meseguerrek euskarri lanetan egin dako lan onarengatik. Eta baita Rocio atzelariak ere, denbora guztian kokapena ondo finkatua baitzeukan. Hori dela eta, madrildarrak euren jokoa inposatzen joan dira eta aukera garbi bakarra izan duten arren –non Esther, gutxigatik, ez den iritsi Priscilaren erdiraketara- Athletic baino erosoago zeuden berdegunean. Bitartean, Nekaneren kalitate teknikoa azaleratu da, beste behin. Elegantzia osoz arean sartu da aurrelaria, baina barakaldarraren driblatzearen fintasuna Erikaren erremateari falta izan zaio.   

Sosa eta Priscilaren jaurtiketa bana eta Nekaneren burukada ahularekin amaitu da lehen zatia. Eta bigarren era berean hasi da. Atletico Madril, lasaitasun osoz, konbinaketa bikainak eginez; Athletic modu zuzenagoan erasotzen saiatzen zelarik. Aurreneko zatian Nekane protagonista izan bazen, bigarrenean Erikaren bakarkako jokaldiak izan dira bizkaitarren pizgarri. Noizean behin, eguzkiaren izpiak bezala, bizkaitarren bidea argitu duelarik. Neurketaren kontrola galduta zutelako-edo, Fuentesek zelai-erdia sendotze aldera, Lizaso zelairatu du. Hala ere, ez du fruitu gehiegirik eman. Meseguer, Nagore eta Sosa nagusi izan baitira. Bide horretan, Priscilari gutxi falta izan zaio hutsunera bidalitako baloira iristeko. Angela Sosa berak ere, urruneko jaurtiketa bere espezialitatea izanik, Ainhoa ezustean harrapatu nahi izan du. Andaluziarrak asmatu ez duen lez, Erikak ere ez du ondo zuzendu jaurtiketa gurutzatua, Txikiren pasea jaso ostean. Eta era berean, Iraiak eginiko bi erdiraketek ez dute errematerik aurkitu. Eta ezker hegaleko Ibarrraren erdiraketa Nekanek errematatu duen arren, ez du indar nahikoa izan Lola gainditzeko. Erdiraketek funtzionatzen ez zutenez, hautabide bakarra atzelariei, Erikaren abiaduraren bitartez, bizkarra hartzea bilakatu zen. Bizkaitarrek erasotzeko modu bakarra, eta madrildarrek nahi beste. Are gehiago, Debora Garciaren zelairatzearekin, berdegunea ireki baitu eskuin-hegaleko jokalari bizkorrak. Horren adibide, Sosak kataluniarrari bidalitako baloi bikaina eta honen segidako erdiraketa, non Iraia oso behartuta iritsi den kornerrera desbideratzeko –Estherren burua ere hurbil zebilen-.

Urduritasuna areagotzen zebilen, Fuentesen ezinegona ikustea besterik ez zegoen. Eta hori, Ainhoak gutxi sufritzen zebilela. Atezain nafarrak ez zuen geldiketarik egin. Baina Sopuertaren taldearen erosotasuna are nabarmenagoa zen. Zer esanik ez, Amandak utzitako detaile teknikoaren ostean. Airetik zetorkion baloia orpoz ukiturik, intentzio osoz, Deborari pase aparta bidali zion. Lastima "Santa Colomako gazelaren" erdiraketa kaskarra izana, pentsatuko luke Amanda berak.  

Neurketa irekia izatearen arriskua edozein unetan golen bat iritsi daitekeela izanik, Erikak ez zuen etsi eta jokaldi eder bat egin zuen. Arean sartzean, bi aukera zituen: atera bota edo atzera pasa. Bigarrena egitea pentsatu zuen, azken finean aukera txarrena bihurtu zena, defentsa adi egon baitzen Izaskunen erremate posibleari aurrea hartuz.

Golik ez, baina hainbat jokaldi polit ikuskatu dituzte Lezamara bertaratutako zaleek –Gol Television bidez jarraitu dutenekin batera-. Gainera, neurketaren bizitasunak ikuslea bereganatu du. Irabazi ezin denean puntua batzea garrantzitsua denaren sentsazioarekin amaitu dute bi taldeek. Berdinketak ez du eragin gehiegirik sortu sailkapenean. Dena den, bihar Valentziak irabaziz gero Atletico Madril harrapatuko luke; bigarren postuaren borroka gero eta interesgarriago eginez. Datorren asteburuan, Athleticek beste konpromiso zail bati aurre egin beharko dio. Bartzelonaren bisita jasoko du, kataluniarrak Lezaman Liga txapelketa irabazi dezaketelarik.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Garazi Murua, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Ainhoa Alvarez (Maite Lizaso, 52. min.); Alazne Gomez (Izaskun Leoz, 64. min.), Erika Vazquez, Eli Ibarra (Jone Bilbao, 77. min.); Nekane Diez.

Atletico Madril: Lola Gallardo; Vanesa Garcia, Noelia Tudela, Rocio Galvez, Maria Leon;  Silvia Meseguer, Nagore Calderon (Debora Garcia, 62. min.); Amanda Sampedro, Angela Sosa, Priscila Borja (Miriam Rodriguez, 64. min); Esther Gonzalez.

Epailea: Ugarte Gamboa. Eli Ibarra jokalari zuri-gorriak txartel horia ikusi du; baita talde madrildarreko Vanesa Garcia eta Esther Gonzalezek ere.  

 

Argazkia: www.athletic-club.eus