Piztia beltzaren bisita

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko api. 3a, 13:22

Bihar 11:45etan Athleticek bere arerio gogorrenaren bisita jasoko du. Piztia beltza edo Bartzelona bezala ezaguna. Gainera, Lezama bertan izendatu daiteke Ligako txapeldun. Gol Television-en kamerek azken urteetako lehia interesgarriena emango dute. Baliteke biharkoak besteek baino emozio gutxiago izatea, sailkapeneko kontuak erreparatuz gero, baina bizkaitarren errebantxarako gogoa ez du inork kentzen.

Hamazazpi puntu. Horiexek dira Bartzelonak Athletici ateratzen dion aldea. Urte parekatuak igaro ostean, kataluniarrek benetako nagusitasun erakutsi dute aurtengo denboraldian. Horri, aurtengoa bizkaitarren sasoi kaskarrenetarikoa izaten ari dela batu behar zaio. Une honetan Atletico Madril bigarren postuan badago ere, blaugranek hamaika puntu gehiago dauzkate (orain zortzi, madrildarrek jardunaldi honetan Oviedo menderatu ostean). Gauzak horrela, biharkoan irabaziz gero birtualki Ligako txapeldun direla ospatu dezakete -matematikoki ez, puntu bakarrarengatik-. 

Horixe bera ekidin nahiko dute zuri-gorriek. Nahikoa aldiz ikusi dituzte Bartzelonaren ospakizunak beraien begien aurrean. Joan zen denboraldiak Ligak nahi baino lehenago ihes egin arren, Erreginaren Kopako finalean aurrez aurre izan ziren. 120 minutu jokatu ondoren, penalti jaurtiketetan blaugranak izan ziren garaile. Beste behin, futbolaren krudeltasuna jasan zuten bizkaitarrek. Baina baliteke orain bi urte San Mamesen gertatutakoak amorru gehiago piztu izana zuri-gorrien artean. Izan ere, Athleticek dena alde zuenean –berdinketak balio zion-, 1-2 galdu zuen Bartzelonaren aurka ia 26.000 zaleen aurrean.

Hori gutxi ez balitz, aurtengo sasoian Sant Joan Despin jokatutako neurketan, Xavi Llorensen taldeak kolpe ederra eman zion Athletici. 4-0 irabazi zuten blaugranek, bizkaitarren puntu ahulenak ederki asko baliatuz. Porrot hau, aste bete lehenago Atletico de Madrilen jasandakoaren ondoren etorri zenez, bizkaitarren beheranzko joera nabarmena iritsi zen. Bartzelonak, ordea, neurketa horretatik abiatuz sprint izugarriarekin bigarren sailkatua atzean uzten joan zen; gaur gauden lekura iritsi arte.

Kataluniarren ibilbide bikaina bi porrotek eta berdinketa batek apurtzen dute. Valentziak bakarrik menderatu du talde blaugrana, datu esanguratsua. Cristian Tororen gidaritzapean dagoen taldeak bi neurketetan eskuratu baitzuen garaipena; azken urteetan inork egin ez duena lortu zuten valentziarrek. Eta azken berdinketa hori, orain bi jardunaldikoa da, Atletico Madrilen etxean gertaturikoa. Hala ere, arerio zuzenek huts egin duten heinean, Bartzelona hirunaka-hirunaka batzen joan da. Iragan jardunaldian Realaren aurka egin bezala. Gehiegi egin gabe 3-0 gailendu ziren bartzelonarrak.

Athleticek, ordea, erabakigarria zen neurketan puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen. Bigarren sailkatuari aldea murrizteko aukera paregabea zeukaten, gainera postu horrek Championsa jokatzeko aukera emango zuenaren zurrumurrua egi bihurtzean, Athletic eta Atletico Madrilen lehiak garrantzi gehiago hartu zuen. Aukera hori probestu ez eta gauzak zeuden moduan geratu ziren –Valentziak ere berdindu egin baitzuen-. Oraingo jardunaldian madrildarrek garaipen erosoa eskuratu dute Oviedoren aurka (3-0), ostegunera aurreratutako partiduan. Hori horrela, Athleticek bihar irabazi ezean Championseko ametsak ere ihes egingo diote –bestela ere, talde madrildarra harrapatzea zaila izango den arren.

Albiste positiboagoak kontatze aldera, Fuentesek jada eskuragarri du Maite Lizaso. Joan zen asteburuan aulkian hasi zuen neurketa zarauztarrak, bigarren zatian minutu nahikoa jokatu zituelarik. Hala, baliteke, bihar hasierako hamaikakoan egotea, zelai erdian esperientziadun jokalarien beharra izango Athleticek-eta. Arrate Orueta ere iragan partiduan aulkian egon zen, jokatu ez bazuen ere, oraingoan minutu batzuk izan ditzake. Bartzelonaren aldetik, Vicky Losadak utzitako hutsune handia, arazo gehiegirik gabe, konpondu dute –taldeko giltzarriak Arsenalen abentura berri bati ekingo dio. Gainera, Lezama ondo ezagutzen duen jokalaria itzuliko da. Leire Landak pasa den udaran talde kataluniarrera joatea erabaki zuen. Nahiz eta denbora luzerako lesionatua egon entrenatzaileak irundarrarekin konfiantza itsua zuen. Konfiantza hori denboraldiko azken txanpa honetan igartzen da. Landa errekuperatu eta gutxira hasierako hamaikakoan lekua izan baitu. Zalantzarik gabe, lehia berezia izango da atzelariarentzat.

 

Argazkia: @alvaro1918/@FutFem