Borrokaturiko hiru puntu (1-0)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko api. 4a, 18:52

Athleticek garaipen gozoa lortu du gaurkoan, bere piztia beltza zena menderatzean. Ondo borrokatu izan behar dute bizkaitarrek, baita sufritu ere. Lehen zatian Bartzelona nagusi izan bada, bigarrenean bizkaitarrek gol-aukera gehiago izan dituzte. Hala, neurketako azken hatsean, Erikaren golak hiru puntu eder eman dizkio talde bizkaitarrari.

Erronka zaila zirudien Bartzelona menderatzea, eta jokoan ezer gutxi bazegoen ere, Athleticek duintasuna mantendu nahi zuen. Gehienbat, lehen itzuliko lehian markagailuak adierazitako aldea (4-0) salbuespen batean gera zedin. Hori horrela, Fuentesek lesionatuak berreskuratu dituelarik, aspaldiko partez Irene, Lizaso eta Orueta hasieratik zelairatu dira. Dena den, hasierako minutuetan kataluniarren kalitate teknikoa agerian geratu da jokaldi polit bat eratzean. Jakina, lasaiago zegoen Xavi Llorensen taldea, denbora kontua baita Ligako txapeldun izendatzea. Athleticek, ordea, joko zuzena baliatu du arrisku apur bat sortzeko. Hala, Ibarraren erdiraketa indartsu bat errematatzeko milimetro gutxi falta izan zaizkio Erikari. Lehen zati osoan bizkaitarren aukera garbi bakarra izan dela esatea ez legoke gaizki.

Segituan baloiaren jabetza Bartzelonarena izatera igaro da. Eta ez kontrola bakarrik, lasaitasun osoz, arriskua eratzeko gai izan dira blaugranak. Torrejonek Correderari luze bota, eta Tarrasakoaren erdiraketa pozoitsua atera zuzentzeko zorian egon da. Baloia edukitzearen ondorioz, kataluniarrak gutxika-gutxika arerioa beraien zelaian ito dute. Soniak, arriskua sortzeko ezer gutxi behar duelarik, jaurtiketa ederra egin du. Zehaztasuna bakarrik falta izan zaio. Baita Virginiari ere. Soniak motzean atera du estrategia jokaldia, Correderak erdiratu zedin. Ainhoa adi ibili da ukabilak ateraz, baina aldaratzea Virginiari iritsi zaio. Gaitz erdi batzuentzat eta zoritxarrez besteentzat, jaurtitzean erdilaria ez da fin ibili. Lezamara bertaratutakoak aho zabalik uzteko astia ere egon da; Sonia, Jenni eta Gemaren konbinazio bikaina, esaterako.

Markagailuak 20. minutua adierazi duenetik, bizkaitarrak jokoaren kontrola berreskuratu dute. Baina horrek ez du erasoko jokaldi argirik ekarri. Jokalari zuri-gorri guztiak baloia ukitzera iritsi dira, Iraiak erdiraketa luzeegia egin duen jokaldi horretan. Amaiera ona ematea falta izan zaie. Lehen zatiko amaiera aldera bizkaitarren sentsazioak kaskartu egin dira Bartzelonak izan dituen bi aukeren ondorioz. Sonia, beste behin, abilezia osoz arean sartu eta atzelarien artetik atera bota du, Ainhoa ezustean harrapatzea zaila zelarik. Eta korner bateko bigarren jokaldian, non Miriamek aldaratzea berriro arean sartu duen, Torrejon goletik oso hurbil ibili da, bere jaurtiketa gurutzatuak gutxigatik ez baitu atea ikusi.  

Hala ikusirik, atsedenaldira iristean onena emaitza zela esan genezake. Athleticek gogotik sufritu du, eta nekeak bere eragina izan zezakeela ere pentsatu da. Gainera, Oruetak zelaia utzi behar izan du, lesioa medio. Bartzelonak, lasaitasun osoz, partidua kontrolpean eduki du eta gola egiteko zorian egon da. Bada, bigarren zatia blaugranen pare bat jaurtiketekin hasi den arren, minutuak aurrera joan ahala bizkaitarrak erosoago aritu dira. Eta Ireneren atsekabea ikustekoa izan da ate aurrean, jada Rafols gainditurik zegoela –Gimberten burukadari esker-, aldaratzea ondo jo ez izanagatik. Aukera ederra galdu dute bizkaitarrek. Eta Bartzelonarekin aukera galdu bakoitza gogotik sufritzen da.

Baina Xavi Llorensen taldeak pausu bat atzera eman du. Harrigarria. Edo ez, jakinik Lezaman puntu bakarra batzea ere ondo legokeela pentsatuz gero. Erasoan anbizioa falta izan zaie. Ez da ohiko hori jokalari blaugranetan, gol gosea inoiz joaten ez zaie-eta. Baina gaurkoan hala izan da. Athletic, ordea, hazi egin da eta horrekin batera Rafolsen atera arrisku gehiagorekin hurbiltzen joan dira.  Eunatek ez du ondo probestu aldaratzea. Eta Erikak, beste neurketetan hutsegiten ez duen gol-aukera huts egin du. Iraiaren erdiraketa Nekanek ukitu besterik ez du egin, hala hutsunera pase ederra bidaltzeko. Erikak, area barruan eta Rafolsen aurrean zegoela, jaurtiketa gurutzatuegia egin du. Hura zutoinetik hurbil egon bada, hurrengo berak botatako falta jaurtiketa langaren ondo-ondotik kanpora joan da.

Bartzelonarekin ez dago lasai ibiltzerik. Eta horixe bera erakutsi du Correderak. Desmarke ederrarekin batera maila bereko pasea jaso du. Ainhoa areatik irten behar izan da, Tarrasakoaren parera iritsi arte eta bere jaurtiketa ederki asko gelditu du atezainak. Bartzelonakoak behin baino gehiagotan hurbildu dira area ertzera, batez ere Corredera beraren erdiraketekin. Baina doitasun ezak Athletici lana erraztu dio. Adibidez, eskuin-hegaleko jokalariaren erdiraketa harrapatzen adi ibili da Ainhoa, atzean Willy buruarekin errematatzeko prest zegoelarik. Eta bizkaitarren gola baliogabetu ostean, Erikaren jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, aurreko jokaldi protagonistak paperak aldatu dituzte. Willyren erdiraketara iritsi da Corredera, baina ukitu ordurako gainean eduki du defentsa, errematea oztopatuz. Segidan, hiru jaurtiketa eta erdiraketa batekin saiatu badira ere –guztiak kanpora joan direlarik- benetan asmatu duena Athletic izan da. Errenkan hiru jaurtiketa egin behar izan dituzte atea zulatzeko. Jada laurogeita hamar minutuak pasaturik zeuden  Ainhoak jaberik gabeko baloiarengatik borrokatu duenean. Aldaratzea Nekanek zuzenean atera jaurti du, Rafolsek geldiketa bikainarekin gola zapuztu duelarik. Baina Yulema adi ibili da baloia hartzeko, ez hain abil atera botatzeko. Izan ere, atezainik ez zegoen arren, zutoinarekin topatu da gasteiztarra. Azkenean, Erikak jaso, kontrolatu eta baloia sareratu du.

Jokaldi amaigabe horrek berak, hain zuzen, eman dizkio hiru puntu gozo talde zuri-gorriari. San Mames zaharreko arkuak zorte ona ekarri die bizkaitarrei. Gola sartu eta segidan amaitu baita neurketa. Aspaldi Bartzelonari irabazten ez ziola, beraz zapore ezin hobea utzi du garaipen honek. Denboraldiaren azken txanpa geratzen delarik, ahalik eta hobekien bukatu nahiko dute Liga txapelketa. Jada hirugarren postuan dagoen Valentziarengandik bi puntura daude, bigarrenari tartea jan ez dioten arren, mantentzea posible izan dute. Bartzelonak ostera, nahiz eta gaurkoan denboraldiko hirugarren porrota jaso, zortzi puntuko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari eta lau jardunaldiren faltan, lehenago edo beranduago, txapeldun izendatuko dira kataluniarrak. Laugarren aldiz jarraian.

Fitxa teknikoa:

Athletic: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Garazi Murua, Eli Ibarra; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso (Ainhoa, 86. min.); Alazne Gomez (Yulema Corres, 72. min.), Arrate Orueta (Eunate Arraiza, 42. min.), Erika Vazquez; Nekane Diez.

Bartzelona: Laura Rafols; Marta Torrejon, Ruth Garcia, Leire Landa, Melanie Serrano (Marta Unzue, 70. min.); Virginia Torrecilla, Gema Gili, Miriam Dieguez; Marta Corredera, Jenni Hermoso (Cristina Baudet, 89. min.), Sonia Bermudez (Ana Romero ‘Willy’, 70. min.).

Gola: 1-0: Erika Vazquez, 94. minutuan.

Epailea: Pardo Saavedra. Alazne Gomez eta Erika Vazquez jokalari zuri-gorriek txartel hori bana ikusi dute. Baita Melanie Serrano, Sonia Bermudez eta Ruth Garcia blaugranek ere. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus