Garaipen goiztiarra (7-1)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko api. 20a, 08:39

Atea aurrean zehaztasuna edukitzearen sinonimo izan zen atzokoan Athletic. Oso goiz apurtu zen neurketa, eduki zezakeen emozio gutxiena ekidinez. Hamargarren minuturako 3-0ekoa lortu zuten etxekoek. Palomak aldea murriztu zuen arren, segidan beste bi gol egin zituzten zuri-gorriek. Bigarren zatian, Nekanek goizeko bere laugarren gola eta Erikak bere hirugarrena egin zuten, markagailuan 7-1ekoa jarriz.

Atzo Atletico Madril eta Valentziak bana berdindu ostean, Athleticek aukera paregabea zuen hirugarren postuan tinko mantendu, eta bide batez, madrildarrei aldea jateko. Hori baliatzeko desioaren eraginez-edo, aurreneko bi erasoaldietan atea zulatu zuten etxekoek. Erikak baloi ederra bota zuen hutsunera, Yulemaren keinuei kasu eginez. Gasteiztarrak atezaina driblatu eta bere jaurtiketa defentsak atera zuen. Baina han zen Nekane, beti ondo kokaturik areako jokaldietan, eta orpoz lehen gola sartu zuen. Izerditzeko astirik eman gabe bigarrenarekin topatu ziren. Ibarrak ateratako kornerra Erikak, buruz –inongo zailtasunik gabe-, sareratu zuen.  

Markagailua begiratu eta laugarren minutuan geuden. Espanyolen erreakzio helduko balitz oraindik neurketa interesgarria ikusteko aukera zegoen. Baina bizkaitarren hirugarren golak dena zapuztu zuen. Atezainak zerbait gehiago egin zezakeen Erikak ateratako kornerra Nekanek doi-doi errematatu zuenean.  Kolpe gogorra izan zen kataluniarrentzat, baina hirugarren gola jasotzean ordura arte egin ez zutena lortu zuten: kriterio osoz zelai erdia igarotzea. Hein handi batean Kenti Roblesi esker. Mexikarraren hegala aprobetxatzen zuten arrisku apur bat sortzeko. Eta helburua ondo bete zuten. Izan ere, Roblesek Palomarekin bat-batekoa egin zuen eta honen erdiraketa Barbarak ukitu hutsez area hertzean ‘hilda’ utzi zuen baloia. Atzetik zetorren Palomak, bi aldiz pentsatu gabe, jaurtiketa indartsu batekin Ainhoa gainditu zuen.

Orduan, Espanyolen minutu onenak ikusi genituen. Baloiaren jabetza zertxobait luzatzea lortu zuten, aukera garbirik sortzen ez zuten arren. Bizkaitarren kontrakoa, hain justu. Laugarren egiteko zorian izan zen Yulema, Nekaneren atzera pasea –elegantzia osoz baloia jaitsi ostean- atera jaurtiz.  Kataluniarrek beste aukera garbi bat sortu –Palomak gora bidali zuen Yaizaren erdiraketa- eta segituan Athleticen erosotasuna agerian geratu zen. Jokaldi bikaina eraiki zuen bizkaitarrek. Erikak Nekaneri, honek gelditu eta ezker-hegalera bidali zuen, Ibarraren lasterketa ikusik. Azkoitiarrak ohituta gaituen erdiratzea egin eta Nekanek, buruz, 4-1ekoa jarri zuen markagailuan. Lehen zatiarekin amaitzeko Gimbertek bere abilezia azaleratu zuen. Hutsunera izugarrizko pasea bidali zuen Erikak harrapatu zezan. Nafarrak Paula erraz driblatu eta, are errazago, atea zulatu zuen. Hurrengo jokaldian protagonista berberak konektatu zuten, era antzerakoan, baina orduan Paula Canals fin ibili zen gola ekidituz.

Atsedenaldian lasaitasun eta poztasuna nagusi ziren Lezamako harmailetan. Bigarren zatian aulkian zeudenek beraien minututxoak edukitzeko partidua bilakatu zen. Erabakita eta arerioa esnatu ezinik. Fuentesek halaxe pentsatu zuen eta aldageletan laga zituen Yulema eta Lizaso. Lehiaren erritmoa jaitsi zen horrela, baina ez ziren gutxitu Athleticen erasoaldiak. Gimbertek leku ederrean ostu zuen baloia, Nekanerekin bat-batekoa egin eta arean sartu zen bergararra. Jaurtiketa gurutzatuak, ordea, ez zuen izan sareratzeko indar haina, atzelariak atera zuelarik.  

Markagailura begiratu ezean, berdegunera begiratu hutsez, zaila zen nabarmentzen hainbesteko diferentzia. Are gutxiago Espanyolek aukera garbia izan zuenean. Irenek ez zuen asmatu baloia urruntzen, aldaratzea Palomak jaso zuelarik. Kapitainak eskuin-hegalera bidali zuen baloia Kentik jaso zezan, eta mexikarraren jaurtiketa, jada area barruan, Ainhoak gelditu zuen. Joan etorri batean bilakatu zen lehia, hiru zutoinen artera baloi gutxi joan baziren ere. Montesen taldeak estrategia jokaldietan jokalari asko batzen zituenez, Fuentesek gidaturikoek kontraerasora jo zuten. Hala, Gimbertek ekin zuen Alazneri luze bidaliz. Honen erdiraketa –jada Paula Canals gainditurik-, defentsak urrundu zuen. Baina ez hain urrun, izan ere Ainhoa Alvarezek jaso zuen baloia eta bere jaurtitzea, beste behin, atzelariak atera zuen.

Hain erabakita zegoen neurketa, Ainhoa Tirapu gehiegi lasaitu zela. Hasiera batean Troyanori oparitu zion baloia, madrildarrak ez zuen jakin erregalua behar bezala eskertzen. Eta gutxira, Barbararen presiopean lo agertu zen atezaina eta zaragozarrak atea guztia libre zuela kanpora jaurti zuen. Huts hori gogotik ordaindu zuten txuri-urdinek. Nekanek hasitako kontraerasoa barakaldarrak berak ezin hobeto amaitu baitzuen. ‘7’ zenbakidunak, eskuin-hegaletatik ezkerraldera ireki zuen jokoa. Erikak hartu, pentsatu eta Eunateri eskaini zuen. Honek hutsunera bota eta Nekanek, ukitu hutsarekin, Paularen geldiketa behartu zuen. Aldaratzea, zortez edo bilatu zuelako –nork daki- aurrelariarengana joan zen eta halako egoera askotan bezala, Nekanek ez zuen hutsik egin. Segidan, aldatua izan zenean, txalo zaparrada itzela eraman zuen golegileak, bere golaz gain jokoan erakutsi zuen abileziagatik. Ederki ospatu zituen Ligako 200 neurketak. Nekane aulkian zela, beste golegiaren txanda iritsi zen. Erikak goizeko hirugarren gola egin zuen baloi luze bat hartu, abiadurarekin atzelariak atzean utzi eta Paula Canals lurrean utzi ostean.

Azkenean zazpi gol jaso zituen Espanyol –eta gutxigatik ez ziren izan zortzi, Jone Bilbaoren jaurtiketa hain gurutzatua izan ez balitz- . Beraien helburua jada betea edukitzeagatik baliteke emaitza mingarriegia ez izatea baina kataluniarrak ‘ezezagun’ bilakatu ziren Lezamako berdegunea zapaltzean, nola edo hala beraien beneako izaera erakusteko saiakerak egin arren. Athleticentzat, ostera, Valentziara guztiz indarberriturik bidaiatzeko sendagaia izan dira gol hauek. Hirugarren garaipena errenkan eta hirugarren postuan tinko, hurrengo asteko arerioari hiru puntuko aldea ateraz. Gol guztiak gaurkoan agortu ez dituztela erakutsi beharko dute datorren asteburuan Paternan. 

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Garazi Murua (Joana Arranz, 65. min.), Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso (Ainhoa Alvarez, 46. min.); Erika Vazquez, Yulema Corres, Eli Ibarra (Alazne Gomez, 46. min.); Nekane Diez (Jone Bilbao, 77. min.).

RCD Espanyol: Paula Canals; Ines Altamira, Nuria Mendoza (Laura Casanovas, 74. min.), Andrea Pereira, Maria Estella (Carla Cotado, 78. min.); Kenti Robles, Estibi Torralbo (Julia Rebollo, 62. min.), Yaiza Perez (Ana Troyano, 46. min.), Martina Capelli, Paloma Fernandez; Barbara Latorre.  

Golak: 1-0: Nekane Diez, 2. minutuan; 2-0: Erika Vazquez, 4. minutuan; 3-0: Nekane Diez, 8. minutuan; 3-1: Paloma Fernandez, 16. minutuan; 4-1: Nekane Diez, 37. minutuan; 5-1: Erika Vazquez, 42. minutuan; 6-1: Nekane Diez, 76. minutuan; 7-1: Erika Vazquez, 78. minutuan.

Epailea: Rodriguez Martin. 

 

Argazkia: www.athletic-club.eus