Jardunaldi honetan hirugarren postua nork lortu zegoen jokoan Valentziako Kirol Instalakuntzetan. Eta are garrantzitsuago bizkaitarrentzat, bigarren postuan amesten jarraitzeko aukera zegoen mediterraneoan. Bada Liga bukaera izanik, Cristina Tororen taldeak freskotasun eza nabaritu zuen. Haserako minutuetan biak ala biak zelaia eta baloia haztatzen ibili ziren, bitartean doitasuna alde batera utzi zutelarik. Nekaneren boleazko jaurtiketa ahul batekin hasi ziren bizkaitarren erasoaldiak. Eta Ibarraren lehenengo erdiraketan gola hurbil izan zuten. Iraiak baloi solte bat ikusi zuen zelai erdian, nora bidali argi zeukan, laster batean ezker-hegalera bota baitzuen. Han zen Ibarra, prest erdiratzeko eta errematerako lekuan Erika zain zegoen. Baloiaren esperoan zegoen bitartean, baina, atzelariaren oina agertu zen ezustean, nafarraren erremate posiblea ekidinez. Nafarrak, hain justu, borrokalari sena agerian utziz hurrengo erasoaldia ekin zuen. Eunateren erdiraketak segitu zion baina Maite Lizasoren burukada behartuegia izan zen. Amorru handiz tamaldu zen zarauztarra.
Eta zuri-gorriek lasaituaren purrustada ederra botako zuten Carol Ferezen burukada, Beristainen erdiraketa bikainean, zutoinaren ondo ondotik kanpora joan zenean. Kataluniarra bizi agertu zen partiduan, baliteke espainiar selekzioaren behin-behineko zerrendan egotearen ilusioagatik. Hala, jokaldi polit bat sortu zuen Manuelarekin konektatuz. Tamalez gasteiztarrak ez zuen jakin jaurtiketa indartsu batekin amaitzen. Ez zuen asmatu ezta, beste jokaldi batean, Irenek eragindako aldaratzea behar bezala baliatzen. Harrigarria badirudi ere, Mari Pazek ez zuen behar bezala aprobetxatu Garazi Muruaren hutsegitea. Aukera edo hutsegiteak baliatzearen garrantziarekin jarraiki, Ainhoa Alvarezen gola dugu adibide edo lekzio. Jokaldi ederra izateaz gain, bizkaitarra leku aproposean egotea gola lortzeko giltzarri izan zen. Iraiak erdira bidali zuen baloia, Lizasorentzat. Zarauztarrak burua altxatu eta Erikari espaziora pase ederra bota zion, honen jaurtiketa Mariajok gelditu zuelarik. Aldaratzea bigarren postera joan zen, eskuin-hegaleko jokalaria zegoen lekura hain justu. Hala, neurketako lehen gola izatearekin batera, Ainhoa Alvarezek lehen taldearekin lortu duen aurreneko tantoa izan zen.
Athletic markagailuan aurretik jartzeak Valentzia urduritu zuen. Ordura arte azken metroetan asmatu ezinik bazebiltzan, geroztik are gehiago. Jokalarien aurpegietan igartzen zen. Planak hankaz gora jarri ziren. Zer esanik ez, ordu erdi pasata Naiara Beristain lesionatu zenean. Getxotarrak entrenatzaileari lasai keinuak egin zion, baina pare bat minutu pasatuta zelaitik atera behar izan zen. Puntu beltz hori nahiko ez eta, lehen zatiaren hondarrean Athleticek bigarren gola egin zuen. Zortea lagun izan zuen Erikak. Ibarraren erdiraketa berak jaso zuen, eta pare bat aldaratzeren ondoren berriro ere baloia Erikaren oinetan zegoen, imana bailitzan. Azken jaurtiketak, defentsen artetik eta atezaina despistatuz, atea zulatu zuen.
Kolpe gogorra izan zen valentziarrentzat. Neurketa eskasa egiten ez bazebiltzan ere, zehaztasun gabeziak kondenatu zuten. Gauzak horrela, bigarren zatia hasi eta minutu gutxira Monforte zelairatu zuen Cristian Torok. Honekin jokoaren kontrola nahi zuen argentinarrak. Aldaketa, aspektu horretan, ondo irten zitzaion. Azken metroetan ere finago aritu ziren. Baina espero ez zituzten protagonistak agertu ziren golak saihesteko: zutoinak. Cintiaren erdiraketa neurtua bigarren zutoinean zegoen Mari Pazek gogor errematatu zuen buruz. Bada, saltoarekin irabazi zuen altura berbera izan zuen burukadak. Hori horrela, zentimetro gutxira zeukan langarekin topo egin zuen.
Kontrolatuta izan zezakeen partidua Athleticek. Bi golen aldea handia zen, baina jokoa etengabe beraien zelaian egotea arriskuaren sinonimo izan zitekeen. Eta egia esan, halaxe izan zen. Era horretan, Ainhoa Tirapuk Kanadako Munduko Kopara zergatik joan behar duen erakutsi zuen. Mitsue eta Carolen bat-batekoaren ondorengo kataluniarraren jaurtiketak, hasiera batean, itxura erraza zuen arren, badaezpada barañaindarrak ukabilekin kanpora bidali zuen. Geldiketa erabakigarriagoa izan zen Mari Pazen burukadari egindakoa. Monfortek ateratako falta ederki errematatu zuen galiziarrak, lepoaren mugimenduarekin lagunduz. Ainhoak igarri egin zion eta segidan Anita Amok ezin izan zuen aldaratzea baliatu, guztien harridurarako. Mari Paz, bere burukadak eta zutoinak valentziarren erasoaldi bakoitzean agertu ziren. Korner batean, hau ere Monfortek aireratuta, aurrelari galiziarrak zutoinera errematatu eta, Ainhoaren zorterako, errebotea zuzenean eskuetara bideratu zen.
Eta azken hatsean, horiek agertu ez ziren arren, Garazi Muruaren belauna nahikoa izan zen gola ekiditeko. Noren errematean? Mari Paz Vilasen burukadan, nor bestela? Lehenago, dena den, Nekanek Valentzia ‘hiltzeko’ aukera izan zuen. Baina Ibarraren erdiraketa hain zen bikaina, halakoxe erremate bat behar zuela pentsatu zuen barakaldarrak. Bolea edo atzerako artazia egitera zihoala, ordea, irristatu eta baloiak gorputzean jo zion.
Bigarren zatian, Athleticen aldetik, debutak izan ziren jokaldi nabarmen eta pozgarrienak. Gazteenganako apustu garbia egin zuen entrenatzaile donostiarrak. Jone Ibañez eta Marta Perea galdakaotarrek beraien aurreneko minutuak jokatu zituzten lehen taldearekin, eta honela, beste datu aipagarri bat sortu zen: Galdakaoko hiru jokalari berdegunean zeudelarik amaitu zen Paternako lehia, guztira lau galdakaotarrek jokatu zutelarik (Ainhoa Alvarez –gol eta guzti-, Jone Ibañez, Marta Perea eta Alazne Gomez). Garaipen honekin Athleticek irmo eusten du hirugarren postuan. Jada ziurtatu du postu horretan bukatuko duela txapelketa.
UEFA Women's Champions League jokatzeko ametsa ezin izan da errealitate bihurtu Atletico Madrilek gaur goizean (igandea) Sant Gabriel mendean hartu ostean (1-3). 'Sangra', hain zuzen, Athleticen hurrengo arerioak izango dira. Hil ala biziko lehia izango da kataluniarrentzat, beste urte batez Lehen Mailan mantentzeko garaipena derrigorrezkoa baitute (aurkari zuzenen emaitzei begira egon gabe).
Fitxa teknikoa:
Valentzia: Mariajo Pons; Ivana Andres (Anita Amo, 62. min.), Nuria Sanchez, Sara Mico, Leila Ouahabi; Mitsue Iwakura, Salome Navalon (Sara Monforte, 53. min.); Naiara Beristain (Cintia Montagut, 34. min.), Manuela Lareo (Paula Arnal, 67. min.), Carol Ferez; Mari Paz Vilas.
Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Irene Paredes, Garazi Murua, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso (Jone Ibañez, 67. min.); Ainhoa Alvarez (Alazne Gomez, 62. min.), Erika Vazquez (Joana Arranz, 87. min.), Eli Ibarra (Marta Perea, 79. min.); Nekane Diez.
Golak: 0-1: Ainhoa Alvarez, 25. minutuan; 0-2: Erika Vazquez, 43. minutuan.
Epailea: Daniel Yuste Querol. Garazi Murua, Irene Paredes eta Alazne Gomez jokalari zuri-gorriek txartel hori bana ikusi dute.
Argazkia: @PatryClavel7 / @FutFem
(Apirilaren 26an, igandean, 22:05ean eguneratua)