Azken norgehiagoka zalegoaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mai. 1a, 11:44

Liga txapelketa iritsi da bere bukaerara eta Athleticek Lezaman itxiko du. Sant Gabrielen bisita jasoko du igandean 12:00etan. Bizkaitarrek jokoan ezer gutxi badute ere, kataluniarrek hil ala biziko lehia dute igandekoa. Irabaztearekin nahikoa lukete salbatzeko, baina hala ezean ordu berean jokatzen diren beste bi partiduen emaitzei erreparatu beharko die. Jaitsiera ekiditeko bidean, Liga amaiera dramatikoa izango da.

Sevilla jada bigarren mailako talde den heinean, bide bere eramango duen beste taldea zein izango den argituko da igande honetan. Lau talde daude lehia gogor horretan. Transportes Alcaine, Albacete Fundazioa, Collerense eta Sant Gabriel bera. Guztiak ere hiru punturen tartean. Orain bertan zaragozarrak okupatzen dute azken bigarren postu dramatikoa, 22 punturekin. Baina hurbiletik ikusten dute kataluniarrek puntu bat gehiagorekin. Jardunaldia dramatikoago egiteko edo, Collerense eta Transportes Alcainek elkarren artean lehiatuko dira eta zaragozarrei garaipenak bakarrik balio dio salbatzeko –eta irabaziz gero, besteen emaitzen zain egon beharko du-. Hala gertatuz gero, hau da, Alberto Bernaren taldeak 3 puntuak batuz gero, Sant Gabriel irabazi edo berdindu ezean, Lehen Mailari agur esan beharko dio.

Beste aldean Athletic daukagu. Jada hirugarren postua ziurtatuta, Erreginaren Kopara begira daude bizkaitarrak. Hurrengo asteburuan (maiatzak 10) Valentzia izango dute arerio final laurdenetan eta lehia horretarako prestakuntza moduan erabili dezakete Sant Gabrielen aurkako neurketa.  Prestaketa, edo deskantsua emateko ere balio dezake igandeko norgehiagokak. Nola edo hala, Antonio Camachoren taldeak gogotik izerditu beharko du Athletic, bere etxean, garaitzeko. Lezaman, sasoi honetan, ez baitu porrotik jasan. Bizkaitarrentzat ez bezala, Sant Adrià de Besòsekoentzat presioa arerio gogorra izan daiteke.

Bi hauen arteko azken lehian Athleticek erosotasunez irabazi zuen Jose Luis Ruiz Casado instalakuntzetan (1-4). Baina urtarrilaren 11an oraindik Sant Gabrielen benetako hobekuntza iristear zegoen. Izan ere, orduan azken sailkatua zen. Goranzko joera Realaren aurkako neurketan nabaritu zen; garaipena lortzeko zorian egon ziren arren porrotarekin itzuli ziren Kataluniara. Dena den, jokatutako partida ederrak indarra eman eta izugarrizko bolada onarekin topatu ziren. Bost neurketetan lau garaipen lortuz. Gauzak horrela, sailkapenean gora egin eta une batean lasaitasunarekin gozatu zuen Antonio Camachoren taldeak. Une erabakigarriena iristean, ordea, arerio gogorrenak iritsi zaizkie: Levante, Atletico Madril eta, azkena, Athletic. Beraz, bi porrot sufritu ostean, eta Albacete Fundazioak bi garaipen errenkan eskuratzean, gauzak estutu dira Sangrarentzat. Hala ere, kontuan hartu behar da Carla Gomez aurrelariak ez duela galdu golarekiko usaimena, 14 tantorekin Ligako zazpigarren golegile onena baita –Erika Vazquez eta Nekane Diez zuri-gorriak baino hiru eta bi gol gutxiago, hurrenez hurren-.

Arazo ekonomikoak atzean utzita (txapelketa amaitzea zalantzan jarri zen) salbazioa da begi artean daukaten gauza bakarra. Athleticek, lasaitasuna lagun, modu onenean agurtu nahiko dute beraien zalegoa, Liga txapelketaren itxiera ez ezik, Lezaman jokatuko den denboraldiko azken norgehiagoka izango baita (Erreginaren Kopako kanporaketak, lehenengo Madrilen eta gero Melillan jokatuko dira-eta).  

Argazkia: Jose Castillo / @Futfem