Lehen geltokia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2015ko mai. 9a, 11:43

Bihar 10etatik aurrera Erreginaren Kopako final laurdenak jokatuko dira Madrilen; bi kanporaketa Las Rozasen eta beste bi Torrelodonesen. Valentziaren aurka lehiatuko da Athletic, partidu bakarrera, eta irabaziz gero Melillara bidaiatuko du hurrengo asteburuan finalerdia jokatzeko –Levante eta Bartzelonaren arteko irabazlearen aurka.

Orain bi aste Ligan arerio izan zuen taldea eduki du aurrez aurre Kopako lehen geltokian: Valentzia, Athleticen arituriko bi jokalarirekin, Manuela Lareo eta Naiara Beristain. Amaitu berri den txapelketan, hain zuzen, Fuentesek neurria hartu dio Cristian Tororen taldeari. Aurtengo sasoian bi partiduetan bi garaipen eskuratu baitzituen (1-0 eta 0-2), horiei esker, hein handi batean, hirugarren postua lortuz. Baina beti esaten den legez, Erreginaren Kopa ezberdina da eta are gehiago partidu batera jokatzen bada.

Bi taldeak dinamika ezberdinean amaitu dute Liga. Bai, biek garaipen banarekin itxi zuten, baina hori baino lehenago Athleticek hiru garaipen lortu bazuen, Valentzia sei jardunaldi irabazi ezinda egon zen (jokoan zeuden hemezortzi puntutik hiru poltsikoratuz). Hori dela eta, valentziarrei txapelketa luzea egin zaiela esan da; hasierako emaitza onei ezin izan baitie jarraipenik eman. Dena den, Mari Paz Vilas aurrelariak ez du galdu ate aurreko fintasuna, izan ere, azken jardunaldian –Oviedoren aurka- bi gol eginez Ligako hirugarren goleatzaile onena izan da (hogei gol), Sonia Bermudez eta Adriana Martinen atzetik.

Mari Pazekin batera orain Valentziako taldean dauden beste bi jokalarik (Sara Monforte eta Mariajo Pons) une gozoak oroitarazten dituzte 2012ko Erreginaren Kopan zuri-gorriak arerio izan zituztenean –ez dituzte zapore berdinarekin gordeko Naiara Beristain eta Manuela Lareok, orduan Athleticen baitzeuden. Finalean izan zen, Madrilen hain zuzen ere (Las Rozas); baina orduan Espanyolen elastikoa defendatzen zuten. Athleticek dena alde edukitzetik –irabazten hasi baitzen-, neurketa nahaspilatu zen. Berdinketaren golaz gain, Irenek bi txartel hori ikusi zituen eta luzapenean, Arrate Oruetak. Hala, penaltien jaurtitzeetarako sei minuturen faltan aurrelari galiziarraren burua agertu zen atea zulatu eta garaikurra Kataluniara bidaltzeko.  

Cristian Toro entrenatzaileak ere badaki zer den Athleticen aurka Erreginaren Kopa jokatzea. Kasualitatea edo ez, iazko denboraldian ere final laurdenetan aurrez aurre izan ziren, orduan bi neurketako kanporaketa izan zelarik. Lezaman nahiko emaitza ona eskuratu zutela esan daiteke, amesteko aukera ematen zuena behintzat (1-1). Itzuliko lehian, ostera, ametsetik lurreratze gogorra izan zuten valentziarrek, bizkaitarrek 1-4 menderatu baitzuten. Iazko Kopako finalera iristeko aurreneko geltokia izan zen hura. Ondoren, Levante izan zuten arerio. Hauek ere, Bizkaian (Leioan jokatu zen) berdinketa itxaropentsua lortu zuten (0-0); Nazareten, baina, errealitatearekin topo egin zuten, Athleticek 0-2 garaitu baitzuten. Horixe izan zen Ceutara heltzeko zuri-gorriek eginiko ibilbidea. Aurten ere Afrika iparraldeko herrialdean jokatzen da azken fasea –finala ez ezik, finalaurrekoak ere- eta baliteke, zeinek daki, iazko arerio berdinak egokitzea behin lehen kanporaketa gainditu ostean; beste final laurdena Levante eta Bartzelonaren arteko baita.    

Igandean 10:00etan hasita inoiz irabazi gabeko garaikurraren bila abiatuko da talde bizkaitarra. Finalera iritsi diren bi alditan, gainera, modu krudelean poztasuna izan zitekeena tristura bilakatu zen. Batean, luzapeneko azken minutuan eta bestean penalti jaurtitzeetan. Dinamikaren aldaketa eragin nahi dute aurten; denboraldi gazi-gozo hau sari batekin amaitzeko. Beste aldean Valentzia egongo da, orain dela bi urtetik proiektu indartsu baten murgildurik, titulu baten borrokan aritzeko, jakina. Helburua hori izanik, eta Liga laugarren postuan amaitu dutela ikusirik, aukera hau ez dute baliogabetuko. 

 

Argazkia: @PatryClavel7 / @Futfem