Zipriztinak

Enpatia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2016ko urr. 20a, 12:59

Autobus eta trenean hara eta hona nabil. Kirolak mugitzen nau, hau da, ofizioak −futbola, kasu. Ikusi, dastatu eta aztertu. Giroan murgildu, hobeto idazteko, enpatizatzeko.

Enpatia. Horixe bera. Horixe bera falta da aukeratu dudan nire ogibidean, kirol-kazeta askotan. Enpatia kirolarien esfortzuan, egunerokoan, jarreran. Eta nola ez, enpatia emakume kirolariak berdintasunez baloratzeko.

Gizarteak emakume edo gizonen kirola begi berdinekin ikus dezan, kazetariak edo hedabideak aktore printzipala behar du izan. Baina ze gertatzen da ogibide horretan gehiengo absolutua gizonezkoak badira? Enpatizatzea zailagoa dela edo zailagoa dela atzematen dela.

Espainiar estatuan saio/kazeta ugari daude kirol arloari eskainitakoak. Mordoa. Baina gehien kontsumitzen diren horiek gauza bakarra dute ahoan. Ez, ez da futbola. Messi edo Ronaldo, dira. Eta noizean behin, Neymar edo Piqué. Jada futbola ere bigarren planora joan da. Zer esanik ez, emakumezkoen kirola, orduan.

Informazioan −zerbait deitzearren, gehienetan notiziaz ezer gutxi edukitzen baitute A edo B-taz hitz egiteaz gain, emakumeak gutxiesten dira. Kirolari zein kazetari. Oso kopuru txikian agertzen dira kirol-hedabideetan. Ez dute protagonismorik, eta hala izanez gero itxuragatik baloratzen da, matxismo kutsuarekin, emakumeon duintasuna ezabatuz.

Informazio xumeez arduratzen dira emakumeak: irratian hurrengo eguneko egunkarien portadak irakurtzen, telebistan azafata lanak eginez (Chiringuito, adibide), edo zelaian bertan berotzen dauden jokalariak aipatuz. Zuzendari/editoreen gehiengoa gizonak izanik, gizonezkoen begiradatik aukeratzen badira gai edo sailak, zaila dirudi emakumezkoen kirola baloratzen jakitea. Hor dago hutsuneetako bat. Orain arte gizonek agindu dute eta hori horrela izanik, beraiek izan dira protagonista historiako gertaera guztietan.

Zorionez Euskal Herrian hamar bat pauso aurrerago goaz, Espainiar Estatuarekin alderatuz, beti ere. Badauzkagu emakume kirol-kazetari erreferenteak (Arritxu Iribar, kasu), beste ikuspegi bat daukagu, eta badauzkagu emakumezkoen kirola errespetuz informatzen dituzten hedabideak. Gehiago izatea falta. Beti ere gizartearen pertzepzioa aldatzetik dator guztia. Eta kazetek erantzukizun handia daukate eginbehar horretan. Ez al da ba laugarren boterea (betearazle, legegintza eta judiziala)? Bada, erakutsi dezagun. Pasa den igandean Mendizorrotzako prentsa jesarlekuetan emakume bakarra bainintzen (argazkilariak, salbu).