Bada, azkenaldi honetan —badira jada urte mordoa- futbolak pasioa galdu duela. Futbola gidatzen dutenek pasiorik erakusten ez dutela, alegia. Eta behin baten batek benetan pasioz, bihotz-bihotzetik, egindako lana telefono dei batekin pikutara botatzeko gai dela erakutsi du futbolak. Aitzina pentsaezina zen moduz.
Enrique Martin Monreal izan da azken astetako protagonista. Bihotzean Osasunaren ezkutua duela esan omen zioten kardiologoek, aulkian bihotzak sufritzen duela aitortu zuen, eta odola inork baino 'gorritxoagoa' duela ziurtatu zuen bere agurrean. Bai, agurra. Emaitzek pasioari irabazi diote.
Aurrekontu txikia zuen Bigarren Mailan talde gorritxoak, beste askok baino murritzagoa. Korrontearen kontra joan eta azken unean igo zen Lehen Mailara Osasuna. Izugarrizko balentria erdietsi zuen Enrique Martin Monrealek. Bigarren B mailara jaisteko arriskuan hartu zuen taldea entrenatzaile nafarrak. Une gogorretan aurpegia eman zuen, eta igoera festetan ederki ospatu zuen, zale bat izango bailitzan.
Lehen Mailan, ordea, beste kontu batzuek hartu dute garrantzia. Txapelketako aurrekontu kaskarrena dauka, fitxaketak diru asko xahutu gabe egin dira, harrobiari indarra emanaz. Umiltasunez proiektu serioa sortzeko intentzio garbiarekin. Salbatzeko postuetatik 3 puntura aurkitzen da Osasuna; bai, irudi kaskarra erakutsiz ia partida orotan baina, era berean, entrenatzailearen pasioa berdegunera hedatuz.
Bost euskal talde Lehen Maila egotea ahalbidetu zuen. Denboraldi historikoa bere lanagatik. Eta hegalak moztu diote 11. jardunaldia jokatu bezain pronto.
Orain jardunaldi batzuk hasi zen kaleratzearen zurrumurrua hara eta hona. Alavesen aurkako porrota erabakigarria izan zen. Puntu eta amaiera, telefonoz, koldarki, aurpegia ezkutatuz. Hain justu, Enrique Martin Monrealek inoiz egin ez duena; aurpegia ezkutatzea. Une eskas eta onetan aurrez aurre izan da nafarra, ospitalera joateraino, Osasuna defenditzeagatik. Osasuna, Sadar eta kolore gorritxoa sentitzeagatik.
Bizia eman dio Monrealek Osasunari. Pasioa zer zen gogorarazi digu. Ez dezagun ahaztu! "Eta pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori…".