Ausardia kontua

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2017ko ots. 2a, 11:54

«Kiroldegi txikia da, bai, baina bete egiten da. Eta giro ederra dagoen leku batean jokatzea izugarria da. Hemen, Lasesarrera, jendea hurbiltzen da baina hain handia izatean badirudi gutxiago direla». Goi mailako kirolari baten hitzak dira (GARA egunkarian argitaratua), eskubaloiaz mintzo zen kasu horretan.

Astean, futbolari dagokionez, bi estadio handietan —normalean gizonezkoen futbola jasotzen duten zelaiak- jokatuko diren neurketak ezagutu ditugu. Aurtengo sasoian, orain arte, lau norgehiagoka jokatu dira (bat, Championseko partida, San Mamesen; Ciutat de Valencia, Vicente Calderon eta Romareda) eta ez pentsa guztiek zapore ona utzi dutenik. Dena den, Huelvako Sporting eta bi talde kanariarrek (Tacuense eta UDG Tenerife) aurrerapausoa ematea erabaki dute.

Poztasuna izugarria izan zen sare sozialetan, iniziatiba bikaintzat jo dituzte. Eta hala da. Ausarta behar baita horrelako erabaki bat hartzeko. Eta ohartu naiz, beharbada, ni neu ez naizela hain ausarta. Eszeptizismo handiz jaso ditut albisteak. Onena opa behar, ez dago zalantzarik, baina kolpea handia izan daiteke. Tristea litzateke estadio handi bat bakarrik 4.000 pertsonek koloreztatzea.

Horrez gain, baliteke asteburu horretan dena arrosa kolorez ikustea. Denen oniritzia jasota, 10.000 edo 15.000 zale hurbiltzea, une ahaztezin bat bizitzeko asmotan eta klubaren historia labur edo luzearen kapituluaren partaide izateko. Baina egun bateko kontua litzateke, pauso bat aurrera eta, ondoren, bi atzera. Etorkizuneko forman idazten nabilela ohartu naiz baina, zoritxarrez, lehenaldira ere moldatu daiteke, pasatu delako. Atletico Madrilek Bartzelonaren aurka Vicente Calderon zelaian jokatu zuen, 15.000 lagun ingururen babesean. 2017an, etxeko hurrengo neurketan, Majadahondako kirol-instalakuntzetan, 100 zale kontatzea zail egiten zen. Eta zail egiten da 500 lagun hurbiltzea talde koltxoneroaren ohiko berdegunera.

Hor dago koxka. Estadio handia irekitzean, klubak estutasunik ez pasatzeko, harmailak betetzeko, eskaintza bereziak jarri behar izaten ditu sarreretan edo zuzenean, dohainik jarri. Hala eta guztiz ere, galdetu Zaragozari ze pasatu zitzaion. Romareda estadio mitikora 4.000 ikusle inguru bertaratu ziren, Zaragoza eta Valentziaren aurkako lehia ikustera. Nola ez, irabaziak baino galerak izan ditu klubak. Eta horregatik diot, ausardia puntu bat izan behar dela Colombino Berria (otsailak 12an) edo Heliodoro (martxoan) irekitzeko.

Anoeta eta Realarekin pentsatzen jarri naiz. Eta irmo diot, oraindik ez dela hor jokatzeko unerik onena iritsi. Polita litzateke, bai. Baina ez litzateke ederrago bi astetik behin, Zubietan jokatzean, z1 zelaiko harmailak guztiz betetzea? Partida bakoitzean? Hain garrantzitsuak diren pausu horiek ez dira betetzen, eta denak ez du balio handitasunezko asteburu bat bizitzeko. Puxika bat bailitzan, astelehena heltzean, haize guztia galduko luke-eta. Analisi sakonago bat merezi du ausardiaz bete diren kluben jarrera ulertzeko. Eta batak egin duelako, ez du esan nahi jarrera egokiena denik.

Argazkia: Futfem.com