Emakume pilotariak indartsu itzuli dira

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2017ko mar. 1a, 09:14
Argazkia: Emakume Master Cup

Igande honetan Emakume Master Cup txapelketako finalak jokatuko dira Zornotzan. Bi kategoria, lau bikote, bi final: Lehen Maila eta Elite Maila. Esku pilotaz mintzo gara. Esku pilotako emakumezkoen aurreneko txapelketa ofizialaz, eta 2017. urtean sartu berri gara.

Hainbeste urtean ezkutuan, itzalean, aritu izan dira emakumeak frontoian, beraien lekua ez bailitzan legez. Azken urteetan, gaitzerdi, egoerari buelta ematen saiatu dira 'Xistera' bezalako erakundeak eta orain, zesta-punta edo pilota eskoletan neska gehiagoren presentzia ikus dezakegu.

Askoren ahotan ibili izan da futbola, eskubaloia, saskibaloia edo beste kirol ezagunetan ematen den tratu desparekotasunaz. Baina esku-pilota edo zesta-puntan emakumerik ez ikustea normalizatua zegoen gizartean orain gutxi arte. Umetan, azken finean, eskubaloira, futbolera edo saskibaloira joten zenuen, esku-pilotan mutilak besterik ikusten ez zenituelako eta lehenago edo beranduago gerizpean geratzeko beldurrarengatik.

Aukeraketa hori egin zuten askok eskertu dute Master Cup jokatzea eta berriro, txikitan disfrutatu nahi izan zuten moduan, frontoian gozatu ederra hartzeko. Emakumeak edozein kirol praktikatzeko gai direla erakusteko, kalitatezko jokoa eginez. Indarrez itzuli dira emakume pilotariak frontoietara eta igandean beraiek izango dira protagonista bakarrak Zornotzan.

Urteroko hitzordua izatea espero da txapelketa hau. Urtarrilean hasi eta martxoa arte iraungo duena, pilotari federatu zein federatu gabeak izena emateko aukerarekin. Eta garrantzitsuena dena, harrobian dauden neska pilotariei motibazio bat eskaintzeko eta beraien pilotari-ibilbidea luzatzeko —beti ere afizionatu bezala eta ahal den neurrian, oraindik profesional abizena urruntasunean ikusten baita-.

Beste datu garrantzitsu zein itxaropentsu bat: Laboral Kutxa da babesle ofiziala. Edozein txapelketan hain erakunde handi baten babesa edukitzea beti da aurrerapauso izugarria; edozein kluben nahia litzateke. Hori horrela, bihar, martxoaren 1ean (12:00etan) Bilboko Euskalduna Jauregian Master Cupeko finalaren aurkezpen ofiziala egingo da, eta finalera heldu diren zortzi pilotariak bertaratuko dira.

Igandean izango dira bi final handiak. Batetik, Lehen Mailan, Alba Martinez (Errioxa) eta Arrate Bergarak (Tutera) osatutako bikoteak Jaione Zulaika (Getaria) eta Nagore Bilbao (Laukiz) izango dute aurrean. Elite Mailan, bestetik, Nagore Arozena (Lizartza) eta Maider Mendizabal (Anoeta) gipuzkoarrak Olatz Arrizabalaga (Gautegiz Arteaga) eta Leire Etxaniz (Etxebarri) bizkaitarrekin lehiatuko dira. 

www.emakumemastercup.eus