Albisterik ez dagoen lekutik, albisteak sortzen

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2017ko uzt. 13a, 08:56

Argazkia: fichajes.com

Uda garaia iritsita, hedabideetako erredakzioetako erritmoak nabarmen egiten du behera. Oporraldiak ere albisteetaraino iristen dira. Ze esanik ez kirol arloan. Txapelketa garrantzitsurik ezean, ez da albiste esanguratsurik egoten. Eta egun bakar bat futbolari buruz hitz egin gabe egotea (oso) arrarotzat jotzen du gizarteak, bere osotasunean.

Hor dago fitxaketen zurrumurruen jomuga edo sorkuntza. Futbolaren inguruko zerbait esan behar da, ezer gertatu ez arren. Ikusle, entzule edo irakurleak eskatzen duela jartzen da aitzakitzat. Baliteke egia esatea, baina munstro hau guztion artean sortua da. 'Calciomercato' deitzen diote italian, eta gaztelerak berera barreiatu du: 'Mercado de fichajes'.

Orain arte hedabide sentsazionalisten ogibide izan diren zurrumurruek, orain interneten aurkitu dute segida. Amaierarik aurreikusten ez den jarraipena. Zurrumurruak gora, zurrumurruak behera, handinahikerian, protagonismoaren bila, jakintsuaren plantak eginez.

Gizonezkoen futbolak eraman izan ditu horrelako jarrera gehientsuenak. Esan bezala, gizarteak, enpresek eta hedabideek sorturiko montruo batean bilakatu den heinean, edozein txikikerik informatzeko beharra eskatzen du. Baina iaztik, emakumezkoen futbola kutsatu dute zurrumurruek eta horren erantzule nagusia sare sozialak izan dira. Aurten, ordea, paperezko prentsan ere agertu dira ondoren gezurtatu behar izan diren zurrumurruak. Vero Boquetek Atletico Madrilen jokatuko zuela esaten zuena, esaterako. Edo Mapi Leonen etorkizunaren buruhaustea: batzuek diote talde koltxoneroan jarraituko duela, beste batzuk ziur daude Bartzelonara joango dela.

Lehiaketa bat bihurtu da. Zelaitik at, eta kirolariengandik urruti dagoen lehiaketa bat. Ikusle zein kazetariak garrantzitsu bilakatu nahi direnen arteko borroka. Astean irakurri da Realak Ane Bergara fitxatuko duela, kazetari batek Twitter-en esan eta bi egunetara idatzizko prentsan agertu da. Egiaztatu gabekoa, argi eta garbi. Klubaren ofizialtasun oharrak pisua galdu du. Dena ahora eraman behar den garai honetan, lehendabizikoa zein izan den, harek du meritua, eta harek eramaten ditu txalo zaparradak. Gizarteak erabat onartzen du.

Udara guztia igarotzen da zurrumurruekin marraztutako egunerokotasun batean. Batzuek gezurrak baliatzen salmentak (edo demagun, bertxioak) areagotzeko, beste batzuek jarduna osotasunean egin eta zintzotasunez jokatuz, eta gutxi batzuk ofizialtasunaren zain. Baina guztiek ahoan izango dituzte han eta hemengo fitxaketak, udara guztian, abuztuaren amaiera arte, futbolean ez baita albiste esanguratsurik ematen. Ikusle, irakurle zein entzuleak badaki zer datorren, denboraldi baten amaieran beraiek ere itxaropentsu agertzen dira irekitzen den 'merkatu' honetara. Azken finean, kirola baino entretenimendu bilakatu baita. Zirko mediatikoa, munstroa.