Norvegian gertatu zitzaidan. Sei egunetan zehar "Basque Country" non zegoen zehaztea ohitura legez hartuta, zazpigarrenean ezusteko galanta ekarri zigun. Non eta Tromsøn, herrialdearen iparraldean, ipar-lurmuturretik oso gertu (500 kilometrotara).
Elur-oreinen irteera aukeratu genuen –guztia patuak bultzatu zuen, hasieran txakurrak nahi baikenituen–. Leran jaistea besterik ez genuen pentsatzen, indigenen azalpenak interesgarriak izango zirela zalantzan jarri gabe. Sami izenarekin ezagunak dira, laponiarrak ere deitu izan zaie. Aurkezpenen txanda iristean, azkenak gu ginen. Euskal Herrikoak ginela esan genien, aho txikiarekin, horren atzetik galdera etorriko zelakoan. Gure harridurarako, eta nortasuna hauspotzeko, zera erantzun zuen Ken Even Berg-ek: «Oh, Basque Country! We are cousins!».
Erantzun horri bueltak ematen jaitsi ginen. Istripu bat tarteko, argentinar baten dramatizazioak Sami gehiagoren laguntza eskatzen zuen, beraz beste gizon eta emakume bana igo ziren Tromsøo Lapland-era. Horietariko batek, hizkuntza arraroa edo ezezaguna erabiltzen genuela aditurik –multzoan latindar asko zeuden (mexikar, argentinar, italiar, brasildar…)– nongoak ginen galdetu zigun. Honek ere berdina: «Oh, Basque Country! Do you know that we are cousins?». Honi gehiago erreparatu genion, ez zen kasualitatea. Beste inori ez zitzaien modu horretan zuzendu. Hizkuntzarengatik ere galdetu zigun, euskaraz ari ginela suposatzen zuela eta horregatik galdetu zigula.
Begiek dir-dir egin zidaten, oilo-ipurdia jarri zitzaidan gorputz osoan –ondo jantzita geunden, beraz ez zen 10 gradu zero azpitik zegoelako–. Argitu zidan samierak eta euskarak ez dutela zerikusirik, baina bai ordea gure nortasunak, nolabait arbasoak ginela geroxeago azaldu ziguten moduan.
Sami edo laponiarrak nomadak izan dira, azkenean herrialde eskandinaviarreko iparraldean kokatu ziren arte (Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusian). Beraien nortasuna argitzeko hasiera batean Mongolia eta Singapurrera joan ziren, baina benetako arrastoa espainiar eta frantziar estatuen arteko kobazuloetako marrazkietan topatu zituzten. «Wich corresponds the Basque Country», gaineratu zuen Ken Even Berg-ek, guri begiratu eta aurrerago esan bezala, gu lehengusuak izan gintezkeela esanez. Era berean, hizkuntzen artean loturarik ez baldin badago ere, bi ezaugarri elkarbanatzen ditugu: samiera eta euskara ez dakigu nondik datozen, eta indoeuropear jatorririk ez duten eta Europan bizirik dauden hizkuntza bakarrak dira. Ingelesa, espainola, italiarra eta korearraren aurrean, indartsu sentitu ginen euskaldunak.
Eten bat izan zuen aurkezpenak. Badakizue, aurora borealek agintzen dute. Kanpoan izan ginen, beraien gomendioak jarraitzen, berriro azalpenekin hasi baino lehenago. «Non geratu da Ken, edo zer nahi duzue jakin?», galdetu zuen Sami etniako emakumeak. «Euskaldunekin lotura daukazuen horretan», erantzun zuen beste argentinar batek. Hor ohartu nintzen benetan garrantzitsuak izan gaitezkeela. Ez zuen gauza berririk esan, baina nahikoa arreta jartzeko, lotura egiteko.
Beraien tradizio eta bizimoduak azaleratu zituzten eta aurora borealen joan etorrien artean, Ken-ek zehaztu nahi izan zuen bertan batu ginen hamasei lagunek jada norvegiar askok baino gehiago zekigula sami kulturaz. Tamalez. Norvegia ezkutatzen saiatu da Sami etnia edo laponiarrak, ez ditu kontuan hartzen eta hezkuntzan ez dira existitzen –Finlandian onartuago daude–. Beraien lurraldeak dituzte, beraien mugak, baina jende gehienentzat ezezagunak. Kultura, jantzi eta hizkuntza propio bat ere badute, hezkuntza norvegiarrean ezkutatuta. Tamalgarria, baina egoera ezaguna euskaldunontzat. Dena den, esperantzarako ate bat ireki zuen: samieraren erabilera gorantz doa.
Futbola (Athletic eta Reala), Frantziako Tourra eta horri esker ezagutu duen ipar Euskal Herriaz aritu ginen agurtu baino lehen. Ipar-lurmuturrean Euskal Herria eta euskara present dutela ziurtatuz, ezustekoz izan bazen ere.