Eraikuntza sektorea, esaterako, enpresarien abusuek eta inpunitateak ezaugarritzen dute. Gainontzeko esparru gehienetan bezala, lan abusuak eta edozelako irregulartasunak eguneroko ogia dira. Laneko Autodefentsa Sarean errealitate hori berretsi besterik ez da egin, azken hilabeteetan lau enpresatako langileak gerturatu baitira Langileon Eskubideen Bulegora, urraketak zein kaleratze sistematikoak direla eta. Azken egunetan, argitara atera da horren adierazle den beste abusu kasu larri bat: eraikuntzako bi enpresari atxilotu dituzte Donostian langileak egunero hamasei orduz lan egitera behartzeagatik eta etengabeko mehatxuengatik.
Enpresariek edozein zirrikitu legal edo ilegal darabilte langileon soldaten jaitsiera bultzatu eta irabaziak handitzeko. Era horretan ulertu behar dira lan baldintzen urraketak, langileen aurkako mehatxuak, langileak antolatzeko oztopoak eta bestelakoak.
Izan ere, mota guztietako urraketak jasaten dituzte eraikuntzan diharduten langileek: lan-hitzarmenaren arabera dagokien kategoriak barnebiltzen dituen jarduerez gain, beste hainbat burutzea; kategoria profesionala aitortu ez eta gutxiago kobratzea; soldataren hainbat kontzeptu ez jasotzea (ordu estrak, dietak, garraioa, arriskutasun plusak...); segurtasun-neurri egokiak ez egoteak eragindako lan-istripuak; kaleratze irregularrak eta beste asko.
Nabarmentzekoa da ere, enpresariak populazio emigranteen zein bestelako sektore batzuen egoera zaurgarriaz baliatzen direla hauei muturreko lan baldintzak ezartzeko. Gainera, lan baldintzen okertzea bultzatzen duten kontratu motak orokortzen ari dira eraikuntzan, malgutasuna eta behin-behinekotasuna handitzera begirakoak, hain zuzen.
Azken lan-erreformak indartutako aldizkako kontratu finkoak esangura handia izan du eraikuntza bezalako sektoreetan. Ustez, obra amaierako kontratuekin bukatzea eta behin-behinekotasuna zein langabezia murriztea helburu zuen kontratu mota honek. Kontrara, langabezia eta behin-behinekotasun tasak estatistikoki apaintzeko eginkizuna du. Hain zuzen ere, kanpo inbertsioak erakartzeko eta Europar Batasunak inposatutako "gomendioak" jarraitzeko trikimailua besterik ez da, PSOE eta Unidas Podemosen Gobernuaren suspertze ekonomikorako planaren baitan.
Behin-behinekotasuna flexibilitatearen bidez ezkutatzearen ondorioa zera da: kontratazioetan arautzea murriztea, kaleratzeen erraztea eta aldizkako kontratu finkoak kasu gehiagotan erabiltzea baimentzea. Langileok zer ondorio pairatuko ditugu kontratu mota horrekin? Ziklikoki langabezian egotea eta SEPEren (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) esku gelditzea ditugun diru-sarrera guztiak; lanean ez gauden garaian, bestelako eskaintzak izatekotan borondatezko baja eman behar izatea, enpresariak kaleratze gastu guztiak aurrezteko helburuarekin; aurreikuspen handirik gabeko lan-egutegia izatea, eta horren zehaztapenen gainean genuen kontrol txikia geroz eta murritzagoa izatea.
Bestetik, kontratu mota askotako frogaldietan ere irregulartasunak ohiko egiten ari dira; izan ere, frogaldi epe hori igarotakoan, langileak kaleratzen dituzte. Frogaldia era irregularrean sistematikoki erabiltzeak badu bere izateko arrazoia: doako kaleratzea. Langilea inongo azalpenik ezta aurreikuspenik gabe ere kaleratzeko eskumena ematen dio enpresariei, eta inolako kalte-ordainik ordaintzeko beharrik gabe. Enpresariaren inpunitatea nabaria da langileen babesgabetasun egoeran beste behin.
Azkenik, ez dira gutxi langileak isolatuta mantentzeko eta langile antolakuntza oztopatzeko enpresarien saiakerak. Neurri handi batean, soldatak eta lan-baldintzak banan-banan negoziatzen dira eraikuntzan, horrek langileen posizioa nabarmen ahultzen duelarik. Enpresarien xantaiek eta mehatxuek langileen arteko mesfidantzak sustatzea eta antolakuntza galaraztea dute helburu, eta askotan, dagokien soldata aldarrikatzea edo euren artean antolatzea bera ere debekatzen dute enpresariek. Enpresari guztien erasoen aurrean defendatzeko eta proletariotzaren sektore oro gizarte berri baten eraikuntza aktibo eta antolatuaren parte bilakatzeko, ezinbestekoa da langileok enpresarien influentziatik at antolatzea, autodefentsa sozialista ardatz edukita. Izan ere, hori da guztiontzako kalitatezko lan baldintza berdintasuna lortzeko berme bakarra.