Noren aldeko gerra da hau?

Erabiltzailearen aurpegia Argia Kortabitarte 2025ko api. 24a, 10:43

Ez dira garai samurrak langile klasearentzat. Beste behin, gerra hotsak zabaltzen ari dira Europa osoan. Denbora gutxian, mezu gerrazaleen oihartzuna indarrez gailendu da komunikabide nagusietan eta kolore desberdinetako politikarien agerraldietan: segurtasun eza, autonomia estrategikoaren beharra, defentsarako inbertsioaren urgentzia... Hitz hotzak baina eraginkorrak: gerraren aldeko kontsentsu soziala eraikitzeko piezak.

Mezu horien helburua argia da: berrarmatzeari, politika belizistei eta europar gizarteen militarizazioari bidea ematea. Norabide horretan ekin diote gerraren aukera normalizatzeari, estatuen batasun nazionalaren aldarrikapenaren eta Europa bakearen indar gisa aurkeztearen bidez —bakea, jakina, arma gehiagoren ekoizpenetik ulertuta.

Diskurtsoa osatzeko, ordea, ezinbestekoa zaie etsaiaren mehatxua etengabe airean mantentzea. Bestela, zertan justifikatu halako segurtasun beharra? Hori bera jasotzen du Europako Batzordearen “Europar Batasunaren Prestaketa Estrategia” dokumentuak, zeinak ohartarazten digun prest egon behar dugula eskala handiko ezbehar eta krisietarako. Eraso armatuak barne, noski.

Neurri zehatzetan ikus dezakegu aipatutakoa eta horren erakusgarri dira, hain zuzen ere, azken hilabeteetan hartutako erabakiak, Europar estatuen berrarmatzeari bidea zabaltzen diotenak: Rearm Europe planean jasotako 800.000 milioiko paketea zein Espainiako Gobernu ezkertiarrak egunotan aurkeztu duen 10.500 milioi euroko plana. Azken horrek, gainera, aurreikuspen guztiak gainditu ditu; hasieran BPGren %2ko gastu militarra 2029rako iragarria bazen ere, azken txeke berriarekin 2025erako iritsiko da helburu horretara. NATOrekin hartutako konpromisoa betetzeaz gain, segurtasun eta defentsa industriaren modernizazioa eta berrikuntza teknologikoa ditu helburu azken mugimendu horrek.

Europako estatuen berrarmatze prozesuak ezin ditugu tokian tokiko gertakari isolatu gisa ulertu. AEBren gidaritzapean eta NATOren eskutik, mendebalde kapitalista osoak oldarraldi militarista bati ekin dio, potentzia lehiakideen aurka —Txina, Errusia—, baina baita etxe barruko oposizio politikoaren kontra ere. Gastu militarra biderkatu egin da, armagintza enpresak diru publikoz hornitu dira, eta diskurtsoa berriz ere etsaien aurkako batasun nazionalaren ideian oinarritu da. Hori guztia NATOren mandatupean egin da, autonomia estrategikoaren ideia faltsua nahiz diskurtso nazionalistak aitzakiatzat hartuta.

Estatuak armaz hortzeraino josiak dauden bitartean, komunikabide eta alderdi nagusiek beren lanetan dihardute, diskurtso gerrazalea normalizatzeko. Bonbardaketa mediatikoaren bitartez, berrarmatzearen inguruan kontsentsu orokorraren itxura saldu nahian dabiltza. Eta diskurtso gerrazalea ez ezik, gerra eta berrarmatzea inposatu nahi dizkigute.

Bide horretan, sozialdemokrazia —ongizatearen promesarekin lotuta aurkezten zen hura—berrarmatzearen aldeko bozkan eta NATOren diskurtso gerrazalearen oihartzun hutsean topatzen dugu. Ezker instituzionalaren oposizioa simulakro bat besterik ez da, aspaldian galdu baitu benetako oposizio izateko gaitasuna. Nahi baino lehenago jarri da mendebaldeko inperialismoaren estrategia militaristaren zerbitzura.

Eta bitartean, nork ordainduko du gerra hau? Langile klaseak. Gure bizitzen kontura nahi gaituzte gerrarako prestatu. Baina ez dugu soilik gure bizitzen garestitzearen eta pobrezia orokortuarekin ordainduko. Langileok gerra hau gure hildakoekin ordainduko dugu.

Eta gerra ez da metafora bat. Langile klasearen aurkako estrategia zehatza da, zabalkuntza politiko zuzena. Arma bakoitza, tanke bakoitza, drone bakoitza langile klasearen bizkar eraikitzen da. Gerra ez da etorkizuneko aukera bat; orainaldiko politika da.

Komunikabide nagusiek eta instituzioek eraiki nahi duten kontsentsu sozial gerrazalearen aurka, langileon egiteko nagusia da erakustea oposizio sendo eta zabal bat badela kaleetan. Gerra propagandaren kontra egitea; agerian uztea diskurtso horren atzean ezkutatzen diren interes ekonomiko eta geopolitikoak. Eta horretarako, ezinbestekoa da klase ikuspegitik hitz egitea: burgesiaren nazionalismoaren aurka, beldurraren aurka, eta oligarkiaren interesak langileon interesen aurrean inposatzearen aurka. Horixe da gure eginkizuna gaur: gerra kapitalistaren aurka, alternatiba sozialista eraikitzea.

Ez da gure gerra. Ez dugu gure seme-alabak fronte militar batean nahi, ez dugu gure etorkizuna arma fabriketan nahi. Ez dugu gure egunerokoa inperialismoaren agindupean egituratzerik nahi.

Beraz, galdera argia da: noren aldeko gerra da hau? Eta erantzuna ozen eta garbi emango dugu: ez da gure gerra. Maiatzaren Lehenean gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka mobilizatzeko eguna dugu. Gerra testuinguruaren aurrean, alternatiba badagoela aldarrikatuko dugu: langile klasearen batasunetik, internazionalismoaren printzipiotik, eta jendarte komunista baten norabidean.