Kazetaritza ez da delitua

Erabiltzailearen aurpegia Axier Lopez, kazetaria 2016ko api. 11a, 09:00

Pasa den urtean, 470 kazetarik, argazkilarik eta komunikazio sektoreko hainbat profesionalek argi utzi genuen kazetaritza ez dela delitua, eta Mozal Legeak adierazpen askatasuna eta informaziorako askatasuna urratzen dituela.

Nork esango zigun ekimen honen bultzatzaileetako bat izango zela Mozal Legeak kolpatzen lehenetako bat Espainiako Estatu osoan. Axier Lopez ARGIAko kazetaria zigortu dute Mozal Legea aplikatuz, eta 601 euroko isuna ezarri diote kazetaritza lana egiteagatik. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordearen izenean heldu den salaketak jasotzen duenez, “baimenik gabe” polizia operazio baten irudiak sareratu zituen kazetariak. Lege hau horrela aplikatuta, Euskal Herriko kazetari bati jartzen dioten lehen zigorra da.

Mozal legearen helburuetako bat kazetariak beldurtzea da, isuna eta zigorraren mamua geure eginez gero. Kazetariok geure buruaren zentsuratzaile izatera behartu nahi gaituzte, betetzen dugun funtzio publikoa egiteari utzi eta herritarrei gai batzuk ezkutatu.

Zentzu horretan, lege injustu horren bitartez gure artean zabaldu nahi duten beldurrari aurre egiteko biderik eraginkorrena erantzun positibo eta kolektiboa da. Informatzeko eta adierazteko eskubidea geure eginez, gure lanaren garrantzia azpimarratzea. Beraz, Iraitz Salegiren kasuarekin egin bezala, zuen hedabideetan gaia lantzeko gonbita luzatzen dizuegu. Kasu hau lehena eta azkena izan dadin.

Kontu honen inguruan berririk izanez gero, informatzen jarraituko dugu.

Besarkada handi bana


Kazetaritza ez da delitua

 

Kasuaren inguruko informazioa:

- Informatzeagatik ARGIA zigortu du Espainiako Gobernuak, Mozal Legea baliatuz http://www.argia.eus/albistea/mozal-legea-baliatuz-informatzeagatik-argia-zigortu-du-espainiako-gobernuak

- ARGIA mozalik gabe http://www.argia.eus/argia-mozalik-gabe