Bizilur elkartearen proiektuetako bat da Bilboko 97 Irratian bi astean behin emititzen den Lur eta Murmur irratsaioa. Elikadura burujabetzari eta herri mugimenduei lotutako gaiak lantzen dituzte bertan. “2015ean egin genuen lehen emisioa, baina egitasmoaren jatorria 2013an itxi zen Tas-Tas Irratian Bizilurrek egiten zuen Lekil lum –lur ona, tzotzil eta tzeltzal hizkuntzetan– saioan dago. Hura izan zen gaur egun egiten dugunaren lehen hazia”, azaldu du Miren Saiz Alzugaray elkarteko kideak. 97 Irratirako jauziarekin batera, beste aldaketa bat etorri zen: euskaraz emititzeko apustua egin zuten, nahiz eta irratsaioan zehar zenbait elkarrizketa gazteleraz ere izaten dituzten.
Ikuspegi feminista eta internazionalistatik
Bizitza eta iraunkortasuna erdigunean jartzen du Lankidetzarako eta herrien Garapenerako Bizilur elkarteak, eta bizitzaren erdian, elikadura. Martxan dituzten lanketak ezagutzera ematea eta elikadura burujabetzaren bueltan sortzen diren alternatibez hitz egitea da irratsaioaren helburua: “Herri mugimendutik, elkarteetatik, Udaletatik eta beste hainbat esparrutatik elikadura burujabetzaren alde sortzen diren ekimenak partekatzen ditugu”. Proiektu eta egitasmo horiek eredu diren heinean, garrantzitsua da horiek zabaltzea eta ezagutaraztea, bultzatzaileen ustez.
Aurkezten dituzten ekimenen artean Euskal Herrian sortutakoak dira nagusi, baina guretik kanpo begira ere askotan jartzen dira saioko kideak. “Feminismoaren eta internazionalismoaren ildoek garrantzia handia dute Bizilurren eguneroko lanean, eta irratsaioan ere hori orekatzen eta uztartzen saiatzen gara”, dio Saizek. Azken hilabeteetako irratsaioen artean, besteak beste, Txilen azken urtean egondako borroka izan dute hizpide bertako baserritarren mugimenduko kide bat elkarrizketatuz. Azaroaren 25aren harira, berriz, La Via Campesinako eta Sindicato Labrego Galegoko kide bat izan zuten gonbidatu, abian jarri zuten kanpaina zela-eta. Sortzen diren egitasmoez gain, nekazaritzari eta elikadurari buruzko ikerketen eta mobilizazioen berri ere ematen dute Lur eta Murmur-en.
Urte berriarekin 100. irratsaioa
Saioa Bilboko 97 irratian bi astean behin zuzenean entzuteko aukera dago, ostegunetan, eguerdiko 15:00etan, baina Arrosa Sarean ere badago entzungai, eta bertako hainbat irratitan ere emititzen da. Urteotako ibilbidearekin eta erantzunarekin pozik daude sortzaileak, entzule kopurua neurtzea zaila izanda ere, herri mugimenduko eragile ezberdinak beraiekin harremanetan geroz eta gehiago jartzen direla sumatzen baitute.
99. saioa izan da aurtengo azkena, eta beraz, urtarrilean eginen dute ehungarrena: “Festa bat egitea pentsatzen genuen hasieran, baina beste moduren batean ospatu beharko dugu…”, dio Saizek. Edonola ere, zorionak Bizilurreko eta Lur eta Murmur-eko kideei, eta jarrai dezatela beste urte askoan lurraren murmurrei mikrofonoak jartzen.