Paleozenografoa da. Geologia ikasi zuen EHUn, eta ordutik hona bere bizitza foraminifero izeneko itsas mikrofosilen ikerketari loturik dago. Bilbotik Bordelera joan zen paleozeanografia eta sedimentologia masterra egitera, handik Kanadara, eta azken hiru urteotan Artikoko foraminiferoak ikertzen dihardu Norvegian, Tromsøko Unibertsitateko Geozientzien Sailean.
Nola irudikatu behar dugu geologo bat txikitan? Kaleko harriei begira? Harri-txintxarrak poltsikoan?
Ez, ez. Harriak ez zitzaizkidan interesatzen. Itsasoa bai, baina harriak ez. Geologiak ez zuen inoiz nire interesa piztu, 17 urterekin bidaia bat egin nuen arte Norvegiako hegoaldera, autobusez eta kanpinez kanpin, ama eta ahizparekin. Orduan ikusi nituen fiordoak, eta hura izan zen lehen aldia geologian interesa sentitu nuena.
Ordurako banekien zientziak ikasiko nituela, hori bai. Ama biologoa da, eta irakaslea zen. Berari esker gustatu izan zaizkit zientziak betidanik. Batzuetan ikastetxeko laborategira eramaten gintuen, eta bere gauzak erakutsi, edo merkatura joaten zen eta txerri baten bihotza ekartzen zuen guri erakusteko… Nik, berez, itsas zientziak ikasi nahi nituen. Baina, horretarako Galiziara joan beharra neukan, edo Tenerifera, edo Bartzelonara. Eta ama ez zegoen oso konbentzituta. 18 urterekin hain urrun… Eta esan zidan, “zergatik ez duzu egiten karrera orokorrago bat eta gero espezializatu itsas zientzietan? Biologia egin eta gero itsas biologia, edo geologia eta gero paleo-ozeanografia”. Eta horixe egin nuen.
Geologia ez al da petrolioa eta gasa ustiatzen ikasteko gradua?
Ez, ez. Hori baino gehiago da. Niri ikasketak asko gustatu zitzaizkidan. Mundua beste begi batzuekin ikusten hasi nintzen. Bilboko kaleetan zehar, hirian bertan Ereñoko kareharri gorriak ikusten nituen, bebarruetan eta atarietan egoten direnak… Orban txuriak ageri zaizkie, eta orban horiek fosilak dira; orain dela ez dakit zenbat milioi urte bizi zirenak, Euskal Herria tropikala zenean, literalki. Euskal Herria garai hartan ekuatoretik askoz hurbilago zegoen, itsasoa oso sakonera txikikoa zen, eta koral arrezife pilo bat zeuden… Pentsatzea ere gaur egun ikusten ditugun Euskal Herriko mendi altuenak orduko koral arrezife haiek direla... Izugarri gustatzen zait mundua horrela ulertzea. Perspektiba aldarazi dit. Historiaz. Denboraz. Gero pazientzia gutxikoa naiz izatez eta horrek nire bizitza pertsonalean ez dakit aldaketa zuzenik eragin ote duen... Baina beste begi batzuekin ikusten dut nire ingurua.
Eta nola iristen da bat foraminiferoak ikertzera?
Esan bezala, itsasoak beti erakarri izan nau. Ez txikitan astebururo joaten ginelako. Ez dut gogoratzen gurasoekin hondartzara joan izana. Baina, nire izeba Deban bizi zen, ibilaldiak egiten genituen itsas bazterrean, eta maskortxoak jasotzen zituen hark urertzean… Ez dakit zergatik erakartzen ninduen itsasoak. Baina, kontuak kontu, gradu amaierako lana egitea egokitu zitzaidanean, galdetu nuen ba ote zegoen geologiako departamentuan itsasoarekin zerikusia zuen edozer gauza ikertzen zuen norbait. Eta Alejandro Zearreta aurkeztu zidaten. Hark esan zidan proiektu bat zeukala foraminiferoen bidez Debako estuarioaren eboluzioa berreraikitzeko –foraminiferoak itsasoan bizi dira eta itsas azpiko lur-sedimentuetan organismo horien fosilak aurki daitezke–.
Debako estuarioan badago meandro bat, lehen baserri bat zegoena, eta bertakoak ziren ikerketa horretarako laginak. Nire izebak ahateak ikustera eramaten gintuen baserri hartara. Nik 15 urte nituenean hil zen izeba, eta pentsatu nuen “hau seinale bat da; hauxe da nire gradu amaierako lana”. Hala hasi nintzen foraminiferoak aztertzen, azken izotz aroaren ostetik hona Debako estuarioak zer garapen izan duen ikertzeko. Eta oso ondo pasatu nuen.
Eta foraminiferoek berriz fiordoetara eraman zaituzte. Zure interes geologikoaren iturburura…
Bai, Tromsø fiordo batean dago, eta, beraz, fiordo batean bizi naiz orain. Gradua bukatu eta itsas zientziak ikastera joan nintzen Bordelera. Han bi urte egin nituen, eta master amaierako lana egiteko garaian Frédérique Eynaud-engana jo nuen. Berak ere foraminiferoak ikertzen zituen. Foraminiferoen bidez Bizkaiko golkoa edo Marokoko ozeano atlantikoko aldea ikertu nahi nuen. Eta emakume hark justu biak ikertu izan ditu. Beraz, zuzen-zuzenean berarengana joan, eta esan nion: “Nik hau egin nahi dut”. Eta berak, “Oso ondo. Primeran. Baina, artikoko lagin batzuekin lanean ari den proiektu batean laguntza behar dute foraminiferoekin, hauek identifikatzeko, eta ordenatzeko…. Gustatuko litzaizuke parte hartzea?”. Zer egingo nuen ba nik? Baietz esan nion. Artikoa oso exotikoa zen. Azkenean Artikoari buruz egin nuen lan hura, eta lanaren harira Kanadako ikerketa batean parte hartzeko beka bat eman zidaten. Han nengoela, berriz, Tromsøko Unibertsitateko lan eskaintza baten berri jaso nuen, foraminiferoen bidez iraganeko ozeanoak ikertzeko. Eta hementxe nago. Bizkaiko golkoa ikertu nahi nuelako.
Zer ikertzen duzu, zehazki?
Foraminiferoen oskolaren konposizio kimikoa aztertzen dut. Urpeko lurreko laginak hartu, eta bertako foraminiferoak aztertu. Oskol horien elementu kimikoek informazioa ematen digute bizi izan ziren garaiko inguruneaz. Magnesioa, adibidez, tenperatura indikadore bat da. Zenbat eta magnesio gehiago oskolean, orduan eta tenperatura altuagoan bizi izan zen seinale. Espezieek ere informazioa ematen dute. Foraminifero batzuei era honetako algak jatea gustatzen zaie, besteei halakoak, batzuei oxigeno askoko urak, beste batzuei ur beroagoak ala hotzagoak… eta lagin bakoitzak informazio asko eman dezake foraminifero horiek bizi zireneko itsasoez, eta klimaz. Itsasoa ulertu behar baita klima ulertzeko; eta alderantziz.
Elkarrizketa hau argitaratzen denean espedizio batean izango zara, artikoan, laginak jasotzen. Zer da espedizio bat artikoan?
Aurretik lan asko dago. Bertan, normalean hiru aste izaten dira. Barkuan, gehienetan, biologo, kimikari eta geologoak egoten dira. Eta marinelak, kapitainak, garbitzaileak, eta ingeniariak. 40 edo 30 pertsona, barkuaren neurriaren arabera.
Marinel guztiak gizonak izaten dira –emakume bat bera ere ez dut ikusi inoiz–. Garbitzaileak emakumeak denak. Eta sukaldariak ere bai. Sukaldari nagusia izan ezik. Zientzialarien artean denetarik egoten da. Nire zuzendaria emakumea da eta bere kolaboratzaile asko dira emakumeak. Egon naiz emakume zientzialariz soilik osatutako espedizioren batean. Ingeniariak, aldiz, gizonak izan ohi dira. Eta hantxe denak.
Hamabi orduko lan eguna izaten dugu. Oso nekagarria da. Ez da bulegoko lana izaten, lan fisikoagoa izaten da. Laginak hartu eta hartu. Oso garestia denez horrelako barku bat artikora ateraraztea, laginak hartzen ditugu gure bizitza horren baitan balego bezala. Oraingoan harri sedimentuen poroetako ur laginak hartzera goaz, esaterako. Baina, horrez gain, esperimentuak ere egiten dira bertan. Eta horretan ere lagundu behar da. Zure txandaren barruan, edozer egokitu dakizuke. Auzolana. Prozedura oso zehatzak dituen auzolana. Protokoloak argi adierazten du nork egin behar duen zer, noiz, nola… Bestela kaosa da. Horregatik eskatzen du aurre-lan asko. Eta umore ona, elkarbizitzarako.
Ez dago internetik. Liburuak eraman behar dituzu, serieak deskargatuta, puntua egiteko artilea eta orratzak… Zeren eta hamabi orduko txanda dugu, baina gero beste hamabi ordu datoz, eta zer egingo duzu? Kamaroteko literan edo paisaiari begira egon. Zoragarria da paisaia. Lau mila metro ur ditugu oinpean, baina ez gara ohartzen. Gainazala izoztuta dagoenez basamortu zuri bat ikusten da. Ez dago ezer. Ezer ere ez. Baina, tarteka, fokak ikus daitezke, edo hegaztiak, edo baleak. Konkorra ikusten zaie. Ura nola botatzen duten… Eta hartz polarrak ere bai. Hurbil samarretik behin bakarrik ikusi ditut. Orain dela bi urte izan zen. Itsas izotzean genbiltzan 82º latitudean, eta bat-batean han agertu ziren, ama bat eta bi kume. Sukaldean bazkaria prestatzen ari ziren, eta usaindu egin zuten… Kapitainak bozgorailutik abisatu zigun eta haiek ikusitakoan negarrez hasi ginen.
Artikoan ez zaudenean, Tromsøn zaude. Nola bizi da bat Laponian?
Orain ondo! Azaroa da tristeena. Hilabetea bera oso grisa da, eta bukaera aldera hasten da 24 orduko gaua. Aldaketa progresiboa da eta egokitu egiten zara, pixkanaka. Baina oso etsigarria da. Urtarrilean, berriz, eguzkia ateratzen hasten da berriz, eta izugarri eskertzen da. Progresiboa ez dena landareena da. Maiatza aldera elurra urtu egiten da, eta dena zuri ikustetik udaberria izatera pasatzen da astebetean. Dena berdatzen da, eta ezer ez zegoen lekuan metro bateko landarea hazten da ia gauetik egunera. Izugarria da.
Gainerakoan, argi eskasia kudeatzen ikasten duzu. Bulego-kideek eguzki argia simulatzen duten lanparak dituzte. Nik bitaminak hartzen ditut egunero, badaezpada. Batzuk haserreago egoten dira. Nik nekea izaten dut. Baina egoera honetan ez dago jakiterik zenbat den D bitamina falta, pandemia, edo berezko umore txarra!
Hemen badute esaera zahar bat: “Ez dago eguraldi txarrik, arropa txarrak baino”. Alegia, eguraldia dena delakoa izanda ere, egin egin behar direla gauzak. Ez dagoela argirik? Hartu frontala eta eskiatu. Mendira ilunetan? Lehen erokeria irudituko zitzaidan, baina hemen egin dut. Ez daukazu beste erremediorik! Naturarekin lotura zuzenagoa dute hemen. Mendira joan zaitezke autobus publikoan. Itxialdian, gobernuaren mezua zen egoteko etxean, baina, mesedez, ateratzeko kanpora pixka batean bazen ere. Ez elkartzeko jendearekin, baina joateko mendira. Emateko itzuli bat kanpoan.
Bertara ohitu zarenerako, ordea, alde egin behar?
Hori bera. Lan kontratua maiatzean bukatzen zait. Hortik aurrera ez dakit non eta zertan egingo dudan lan. Hemen inguruan topatzen saiatzen ari naiz, baina zientzian lan egin behar badut, eta nire arloan segi, mugitzea egokituko zait. Nolabaiteko egonkortasuna lortzerako denbora asko pasa daiteke. Eta herrialde, jende eta kultura berrietara etengabe egokitu behar izateak alde onak ditu –aspertzeko denbora gutxi daukazu–, baina mentalki eta emozionalki hori kudeatzea oso heavya da. Energia asko inbertitu behar duzu, jakin gabe horrek zenbat denboran balioko dizun.
Nire aitak egin zuena errepikatzen ari naiz, funtsean. Bera marinela zen eta Casablancatik Bermeora lanera etortzeko aukera sortu zitzaion. Baina berak migratzeko izan zituen baldintzak eta nireak oso ezberdinak dira. Ni ez naiz migrantea. Ni expatriatua naiz, ekintzailea… Eta Euskal Herrira datozenak zer dira ba?
Ikerketan lan egiteak nahitaez dakar prekarietate modu bat. Nire etorkizun hurbilerako asmoetan ez dago, adibidez, umeak edukitzea, edo ez dut bestelako zaintza lanik aurreikusten, baina hala balitz, arazo bat litzateke. Hortik zenbakiak. Doktoregaien artean, geologian, emakume eta gizonak erdi eta erdi gara hemen, binarioki hitz eginda. Baina eskaileran gora eginez gero, aldea nabarmena da. Hemen, geologian hiru irakasle emakume baino ez daude. Nire zuzendaria izan zen lehena 2004an. Norvegian, 2021ean, %20 baino ez dira. Pentsa. Kontua ez da belaunaldi berriak etorri ahala hau aldatuko dela eta betiko ipuina. Ez. Bidean jendea galtzen da, eta ikusi behar da zergatik.
Laponian zeundela @artikoan twitter kontua ireki zenuen, euskarazko zientzia dibulgaziorako, besteak beste. Zergatik dibulgatu euskaraz?
Twitter kontua euskaraz ireki nuenean hemengo lankideek ez zuten ulertzen. Zer da. katalana? Dialekto bat? Zaila zen azaltzea zergatik idazten nuen euskaraz.
Baina, nik geologia euskaraz ikasi dut. Gaztelaniaz ere bai, ikasgai batzuk ezin zirelako euskaraz ikasi EHUn. Italian Erasmusa egin nuenean italieraz eta Frantzian frantsesez. Eta ingelesez ikertzen dut. Hizkuntza askotan egin nezake dibulgazioa, baina euskaraz egin nahi dut.
Jende askok egiten du dibulgazioa ingelesez ingelesa ez izan arren. Eta jendea egiten ari bada ingelesez zergatik egin behar dut nik ere? Nik nahi dudana da nire amak ulertzea zer egiten dudan. Nire izebek jakitea zeren gainean esertzen diren Debako hondartzara joaten direnean. Hori alde batetik. Eta bestetik, guk egiten ez badugu nork egingo du? Ez dut euskara erromantizatu nahi. Euskarari eman diezaiokegu guk nahi dugun balioa; eta beste edozein hizkuntzari ematen diodana emango nioke. Eta balio hori ematea da dena euskaraz egin ahal izatea, zientzia barne.
Hasieran zure Twitter kontuan ez zen zure izenik ageri. “Euskaldun bat artikoan” zinen, eta foraminifero baten argazkia zenuen profilean.
Halaxe da. Neutro-neutro. Kezka nuen deslegitimatuko ote ninduen horrek. Uste nuen nire izena eta argazkia jartzeak jendearen begietara balioa kenduko ziola esaten nuenari. Emakume izateagatik, ez edukitzeagatik izen euskaldun bat… Nola Naima El Bani Altuna? Zer da hori?
Hasteko, ikerketa eremu hau, oso gizonena izateaz gain oso zuria ere bada –gizonena, zuria eta heteronormatiboa, dena esan behar bada–. Eta gure euskal eremua ere, zer esango dizut ba… Nire azal kolorea ez da aitarena bezain iluna, eta horrek pribilegio asko eman dizkit. Baina, Naima naiz, eta txikitatik aurkezten dut nire burua esanez ama euskalduna dudala eta aita marokoarra. Ez diezadaten galdetu nongoa naizen; alegia, Bilbokoa, baina nongoa. Eta autodefentsa mekanismo hori sortu behar izan badut eguneroko bizitzan, pentsatzen nuen “zer ez ote dut aurkituko sare sozialetan?”. Behin nolabaiteko arrakasta lortuta jarri nituen argazkia eta izen-abizenak.
Euskararekiko nire lotura ere zalantzan jarria sentitu izan dut maiz. Askotan entzun dut, esaterako, ondo egiten dudala euskaraz. Ba noski baietz! Pribilegio eta zorte handia dut nire ama euskalduna delako eta ni euskaldun zaharra naizelako. Leku batzuetan ez da pribilegioa, inondik inora, euskalduntasunarena, baina beste espazio batzuetan bai, eta horrek asko lagundu dit. Euskaldun berria izan banintz, edo ez banintz Altuna izan, nire errealitatea guztiz ezberdina izango zen.