Jendearengana iristea ez zaie oso zaila izan: “Etxebizitza sindikatu moduan hasi ginen eta gugana datozenak etxebizitzarekin modu ezberdinetako arazoak dituzten pertsonak dira. Jendea gurekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat ditugu, eta haiengana heltzeko, sare sozialez gain saiatzen gara gure auzoetako kalean ikusgarri egoten kartel eta pankarten bidez. Baina jendeak AZETera iristeko duen modurik ohikoena ahoz ahokoa da”.
Arazo edo kasu bakoitza lantzeko lantalde bat dute eta ostegunero asanblada orokorrean batzen dira AZETeko militante eta kaltetu guztiak. Alerta egoeran ere aurrez aurreko asanbladei eustea erabaki zuten, “asanblada hauetan ikusten delako sindikatuaren benetako lana eta agerian geratzen delako gure filosofia: Asanbladen bidez, gure kideek ikusten dute haien arazoa ez dela indibiduala”. 40 lagun inguru batzen dira asanbladatan eta osasuna bermatzeko neurri guztiak hartzen dituztela nabarmendu dute: maskara, segurtasun distantziak, gela, leihoak irekitzea, aforoak errespetatzea...
"Kalea uzten duen herria..."
Asanbladez gain, auzolanak eta lanegunak burutu dituzte auzoetako plazetan, modu horretan etxebizitzaren arazoa ikusarazteko eta jendea mobilizatzeko. Kalean elkartzea “guztiz beharrezkoa dela” uste dute: “Hasieratik hartu dugun erabaki politikoa izan da, argi dugulako kaleak uzten dituen herria borroka uzten duen herria dela. Horregatik erabaki genuen asanbladak kalean eta plazetan egitea. Batetik, gure lanarekin aurrera jarraitzeko modua zen, garai hartan aforoak oso txikiak zirelako eta biltzen ginen espazioak txiki geratzen zitzaizkigulako. Ulertu genuen seguruagoa zela kalean biltzea. Bestetik, momentu horretan ez geneukan beste aukera handirik: telematikoki lan egitea ezinezkoa zen, jende askok ez duelako erremintarik eta gaitasunik. Eta hirugarrenik, osasun krisiaren ondorioz ezartzen ari dizkiguten mugak eta debekuak salatzeko. Gure jarduera politikoarekin jarraitzeko oztopoak jartzen dizkigute, baina bitartean etxegabetzeek eta etxe jabeen gehiegikeriek bere horretan jarraitzen dute. Argi genuen ez genituela gure kideak bakarrik utziko eta biltzen jarraitzea erabaki genuen”.
Etxebizitzaren behar materialetik abiatuta, helburua komunitate bat sortzea dela azaldu dute: “Etxebizitzaren borroka, bitarteko bat da guretzat, sistema honetan topatu dugun arrakala bat. Baina helburua borrokarako komunitate politiko bat eraikitzea da. Hau guztia ezinezkoa da egunerokotasunean eta aurrez aurre, espazio formal zein informaletan egiten den lanik gabe. Espazio hauek ematen digutelako aukera elkar ezagutzeko, elkar zaintzeko, konfiantza lortzeko...” azaldu dute, eta langile klasearen behar materialei erantzuteaz gain, behar subjektiboei ere erantzuten saiatzen dira: “Defendatzen zaituen komunitate bat izateko beharra, eta isolamendua apurtzekoa”.
AZET garatu ostean, Asetu Herri Biltegia zabaldu dute: “Guretzako etxebizitza ez dira lau horma, langileok gure bizitzaren alderdi guztiak erreproduzitzen ditugun tokia baizik. Praktikan, ikusi dugu etxebizitzaren arazoa ez dela inoiz modu isolatuan agertzen. Normalean, oinarrizko behar materialekin guztiz lotuta dago eta garbi ikusi dugu alokairua ordaintzen uzten den azkenetariko gauza izaten dela, gure kide askok jateari ia utzi diola alokairua ordaindu ahal izateko”. Horrela sortu zuten Asetu Herri Biltegia, oraingoz elikadura eta higieneari lotutako behar materialei erantzuten diena, “baina denborarekin gure asmoa da Herri Biltegia beste behar batzuetara zabaltzea: eskola materiala, arropa edo dena delakoa”. Behar materialak kolektiboki asetu nahi dituzte, asistentzialismoan erori gabe: “Guk egiten duguna klase elkartasuna antolatzea eta hauspotzea da, justu asistentzialismoaren aurkakoa. Klase elkartasunak bilatzen du kaltetua subjektu politiko bihurtzea, bere arazoa kolektibizatu eta politizatzea... Horregatik, sindikatuaren helburua, kasu zehatzak konpontzeaz gain pertsona horren politizazioa da, komunitate politikoan partaide bihurtuz”.
Beldurraz galdetu diegu: “Biltzeari uzten badiogu, datorren arriskua agian bestea baino handiagoa da... ez zaio beldurra galtzen, baina COVID-19az harago jendeak beste arazo batzuk ere baditu eta konpondu behar ditugu”.