Etxebizitza eskubidearen aldeko eta faxismoaren aurkako antolakuntzak Desokupari bidea moztu dio Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Lekunberri Ansola 2021ko mai. 12a, 13:14

Asteazken arratsaldean huste bat iragarri zuen eskuin muturrarekin lotura duen enpresak, baina etxe jabearen erabakiz bertan behera gelditu dela jakinarazi dute. Etxe jabea atzera bota da bart ehunka herritarrek faxisten aurrean auzokideak eta beren bizilekuak defendatuko zituztela adierazi ostean.

Asteazken eguerdian jakinarazi du Desokupak arratsalderako iragarritako Bilboko hustea ez dutela gauzatuko. Enpresako buru Daniel Estevek egindako adierazpenen arabera, desalojoa bertan behera utzi izanaren arrazoia etxe jabea atzera bota izana da. Beren zerbitzuak kontratatu dituen etxe jabea kalean gerta zitezkeen istiluek beldurtu dutela adierazi du Estevek. El Correo egunkariak, aldiz, dio jabeak balizko errepresalien beldur direlako egin dutela atzera.

Faxismoaren eta etxe kaleratzeen aurkako aldarriek Bilboko Alde Zaharra hartu eta biharamunean egin du atzera Desokupa kontratau duen etxe jabeak. Astearte arratsaldean, goizaldean Arrakala espazioaren husteak eragindakosumina bizi-bizi zegoela eta astelehenean Desokupak Basurtun gauzatutako hustea presente, ehunka pertsonak hartu baitzituzten kaleak aldarrikatzeko faxisten aurrean auzokideak eta beren bizilekuak defendatuko zituztela. Asteazkenean, eta Desokupak iragarritako esku hartzearen egunean, presentzia polizial handiarekin argitu du egunak Bilbon; Ertzaintzaren hainbat furgoi zeuden Alde Zaharreko inguruetan.

Egunak alerta antifaxistan

Egunak daramatzate Bilbon alerta antifaxista jota. Iragan astean Estevek Desokupa TV saioan asteazkenean Bilbon esku hartuko zutela iragarri ondotik, berria hedatu eta eskuin muturreko enpresaren bisitaren aurrean antolatzeari ekin zioten herritarrek. Tarte motzean, eskuz-esku zebilen Desokuparen huste saiakera baten aurrean jarduteko irizpideekin osatutako protokoloa. Egunak aurrera egin ahala, eta iragarritako esku hartzea hurbildu ahala, mobilizazioak eta asteazken goizeko gosari antifaxista ere deitu dituzte.

Badirudi herritarren antolakuntzak lortu duela Desokuparen esku hartzea gelditzea, nahiz eta zer gerta ere, oraindik alerta jaitsi ez den.

Husteek ez dute etenik

Desokupak bueltako bidea hartu arren, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuko kideek bart Hala Bedin ohartarazi bezala, etxe kaleratzeek segiko dute indarrean. Sindikatuko kide Andreak Bilboko udaltzainek Arrakalaren hustu berritan egindako adierazpenen arabera, Desokuparen mehatxuen aurrean emandako erantzunarekin pozik egon arren, "gaia fokalizatu beharko genuke ez hainbeste 'faxismoa vs. antifaxismoan', baizik eta etxebizitza problematikan". "Guri berdin zaigu izatea Madrilgo nazi batzuk edo munipa abertzale bat, argi dago helburu bera daukatela, jabetza pribatua babestea", adierazi zuen, ohartarazteko Desokupari planto eginik ere, beharrezkoa dela egunerokoan gertatzen diren etxe kaleratzeei aurre egitea.