Han egon izanaren marka uzteko beharra dute batzuek. Hiruetara joango nintzela erantzun nion lagunari. Erakusketak ikusteko benetako gogoa nuen arren “kronika idatzi behar dut-eta” bota nion irribarrez. Eta horrekin guztiarekin, nire lagunarekin eta maskara azpiko irribarre zinikoarekin Bilbo Art & Fashion Evening moduan izenda litekeen ibilbideari ekin genion.
Lehen geldiunea Goienkaleko Bully arropa dendan izan zen. Orain dela gutxi ireki du bigarren eskuko arropa denda honek eta marka gorenetako produktuak eskaintzeaz gain erakusketak egiten hasi dira. Mikel Erkiagaren Untitled ala ez erakusketa osatzen duten olio margolanen paisaia koloretsuak izan dira Bullyren hormak konkistatu dituzten lehen artelanak.
Jendez gainezka zegoen Bully-tik urrundu, ibaia gurutzatu eta Okela sormen lantegira joan ginen jarraian. San Frantzisko kaleko gune artistikoak bere 25. Artisten Meeting Point-a zuen erakusgai, GAILUA izenburupean Pepo Salazarren eta Nadia Bakarteren obrekin osatua. Azken honek aerosolez egindako irudi ilun eta durduzagarriak ikusteko birritan barneratu ginen Okelako labirintoan, gunean gu geu bakarrik egotearen pizgarriak lagunduta. Bakarteren irudien iluntasunak horma aseptiko zuriekin sortzen zuten kontrasteak eta irudiei zerien magnetikotasunak fenomeno parapsikologiko baten antza ematen zieten.
Azken checkpoint-a Cortes kaleko SC Gallery izan zen. Amaya Suberviola, Ekta, Nuria Mora, Isaac Cordal, Pablo Merchante eta Sebas Velasco-ren talde erakusketa zegoen bertan. Hainbeste artisten lana gela berdinean batzeak nahiko emaitza irregularra sortu zuen. Erreklamorik handiena Sebas Velascoren margolan errealista izan zen. Bere irudi hiritarrek gaur egungo alienazio eta bakardadea zein sistemaren kolapso egoera ondo baino hobeto islatzen dute. Oihal txikian egindako obra bakarrak margotu dituen horma-irudiekin alderatuta ikusgarritasuna galtzen duen arren, emaitza guztiz dotorea da.
Irribarre zinikoa agortuta, photocall giroaz aspertuta eta artelan batzuekin beste batzuekin baino gehiago gozatu ondoren, influentzia eremutik urruntzea erabaki genuen beste giro baten bila.