Etengabe mugimenduan dagoen identitatea

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alaitz Uriarte 2021ko ira. 13a, 11:55

Irudiak: Elssie Ansareo

Ibilbide artistikoaren edo atzera begiradakoaren ideiarekin hautsi nahi izan du Ana Laura Aláezek Bilboko Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaon daukan bakarkako erakusketan. Horretarako, obra historikoak obra berriekin batera aurkeztu ditu, garai eta leku ezberdinen artean oihartzunak sortuz eta erakusketaren irakurketa atenporala ahalbidetuz. Era berean, Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío (Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik) artistaren autoerretratu gisa funtzionatzen duen proiektua da bere konplexutasun, zalantza eta haustura guztiekin. Etengabeko transformazioan dagoen artista da Aláez, askotan erori eta lurra ukitu duela aitortu badu ere, altxatzen jakin badakien horietakoa.

Gogoa geneukan Ana Laura Aláezen (Bilbo, 1964) lanak elkarrekin ikusteko eta azken urte isil hauetako ekoizpen artistikoaren berri izateko. Todos los conciertos, todas las noches, todo vaci?o erakusketa desira hori asetzera dator, artistak azken hiru hamarkadetan egindako obrak elkarrekin erakutsiz. Errealitateak eta fikzioak, objektuak eta haien irudiak, gorputzak eta horien irudikapenak, eta gaua, festak, sexua, beldurrak, kamuflajea, makillajea, larrua, kateak, jantziak… iruditegi hori guztia azaleratzen da lehen geldialdia Madrilgo CA2M arte-zentroan egin duen eta orain Bilbon ikusgai dagoen erakusketan.

Ana Laura Aláez batik bat eskultore gisa da ezaguna, nahiz eta bere ekoizpen artistikoa hain den zabala non instalazioa, argazkigintza, bideo-artea eta azken garaian musikaren esparrua ere landu dituen. Bilboko Arte Ederren fakultatean eskulturako espezialitatea ikasi zuen, eta herentzia horregatik dago hain presente, batez ere bere lehen eskulturetan, estruktura fisiko sendo baten beharra ideiak transmititzeko gailu gisa. Dena den, nahiko goiz hasi zen eskulturari ihesbide berriak asmatzen, neurri batean, egoerak hala behartuta: 1991n New Yorken finkatu zen eta estudio propioa izateko zailtasunak bultzatuta, bigarren eskuko dendetan eta azoka txikietan aurkitutakoak hartu zituen eskulturak egiteko lehengai gisa. Bertan topatutako kapelu, jantzi eta apaingarriak lehenago erabilitako altzairu, burdin eta xaflak ordezkatuz joan ziren.

Testuinguru horretan sortu zuen, adibidez, Mujeres sobre zapatos de plataforma (Emakumeak plataformadun oinetakoen gainean) obra ikonikoa, Aláezen estiloaren zigilu bilakatu den artelana. Instalazio horretan, kapelutegietan eskuratutako kapelak –lumadunak, loradunak, fosforitoak, plastikozkoak– eta auzoko dendetan aurkitutako plataformadun zapatak –txarolezkoak, larruzkoak, gardenak– erabiltzen ditu. Kapelak goian zintzilikatuz eta oinetakoak lurrean kokatuz, bi elementuen arteko espazio hutsak emakumearen gorputzaren presentzia eza birsortzen du. Kasu honetan, eta Oteizaren arrastoa jarraituz, materiak berak bezainbesteko maila dauka hutsuneak, emakumearen azala jantzi garden gisa. Erakusketan, obra honen berrikusketa dago ikusgai, kasu honetan dozenaka minigonaz egindakoa.

1994. urtekoa da Autoretrato rosa (Autoerretratu arrosa) argazkia. Busto argazki horretan artista bera dugu protagonista, peluka gisa urdaiazpiko xerrak daramatza, eta zuzenean begiratzen dio kamerari, goxo eta errugabe. Obra honekin lan-ildo berri bati ekiten dio artistak, zeinak nahiz eta eskultura –edo eskultorikoa– duen abiapuntutzat, argazkian bilakatzen den erreal. Kasu honetan, eskultura aitzakia besterik ez da beste helmuga batzuetara heltzeko. Negritas (Beltzaranak), Firma de autor (Egilearen sinadura) edo Kiko norabide berdintsuan funtzionatzen duten argazkiak dira. Ildo beretik, 1999. urtean bere lehen bideoa grabatu zuen The Darlings (Maiteak) tituluarekin, eta bertan ere operazio bera ematen da: bideoaren abiapuntua eskultorikoa bada ere –kasu honetan, artistaren bustoa etengabe biraka peluka eta makillaje ezberdinekin– bideoa da obra argitara eramateko erabiltzen duen bitartekoa.

Aláezek fikzioak sortzen ditu bere gorputzak eta aurpegiak eskaintzen dioten materialaren inguruan, izan ere, eta berak dioen moduan “neure burua erabiltzen dut nire obretan, inguruan ditudan gauzak erabiltzen ditudalako. Eta nik neure burua daukadanez, lanerako tresna gisa erabiltzen dut. Gero, nire argazkietan islatuta ikusten naizenean, inoiz izan ez dudan familia-albuma dela iruditzen zait”.

She Astronauts proiektuarekin espazioen esku-hartzeen lan ildoari ekiten dio. Kasu horretan, Bartzelonako Sala Montcadari denda baten estetika eman zion eta erakusketa aretoa guztiz eraldatu zuen. Keinu horrekin, arte-espazio hotz eta aseptikoak leku inklusibo bilakatu nahi zituen artistak, publikoa eroso senti zedin eta behin barruan, obra artistikoarekin topaketa gerta zedin saiatzen zen artista. Zentzu berean, Madrilgo Reina Sofia Museoan 2001. urtean Dance & Disco proiektua jarri zuen martxan; hilabete eta erdian museoa musika elektronikorako klub bilakatu zuen DJ ezberdinen parte-hartzearekin. Espazioaren diseinua Aláezek berak egin zuen, baita altzariak, argiztapena eta etengabe proiektatzen ziren bideoak ere. Esku-hartze horien eta gehiagoren dokumentazioa ikusgai dago Bilboko erakusketan. Arte-erlazionalaren mugimenduaren baitan irakurriak izan daitezkeen proiektu horiengatik akaso, 2008. urtean Nicolas Bourriaud-ek sortu zuen Parisko Palais de Tokyon Beauty Cabinet Prototype (Edertasun-kabinetearen prototipoa) instalazioa egin zuen. Proiektuaren muina arte-zentroan bertan edertasun kabinete bat jartzea zen.

Urte berekoa da Cabeza Agujero Puño Esperma Nudo (Burua Zuloa Ukabila Esperma Korapiloa) instalazio eskultorikoa, erakusketan leku nabarmena duen artelana. Hormatik modu basatian ateratzen diren bost gorputz eskultoriko dira, brea bezain beltzak, eta larruzko bost jaka erditik bortizki zeharkatzen dituzte. Larruzko jakak hormatik sortzen diren formen idulkiak dira eta instalazio horren estetikak Mapplethorpen iruditegia dakarkigu burura. Bilboko Arte Ederren Museoak bildumarako berriki erosi du obra hori.

Erakusketaren bukaera aldera, Butterflies (Tximeletak) izena daraman bideoa dago. Bideoaren musika erakusketako atmosferan nahasten da eta bisita guztian barrena entzuten da. Doinua ederra da, itsaskorra eta hauskorra, eta telebistaren parera heltzen zaren arte ez da ulertzen Ana Laura Aláez dela kamerari begira dagoena, modu apal eta lotsati batean amodio abesti bat kantatzen. Zer gertatuko da tripan tximeletarik sentitzen ez dugunean? Zer gertatuko da artea egiteko gogoa joaten zaigunean?

Erakusketarekin denboran kointzidituz, Aláezek Portadores queer. El doble y la repetición (Queer eramaileak. Bikoitza eta errepikapena) ikus-entzunezko pieza aurkeztu zuen Bilboko Arte Ederren Museoan, Multiverso bekari esker egindako lana. Bere aurretiko bideoak ardatz hartzen dituen lan ausarta egin du artistak, bideoklipen estetika daukana eta musikak oso leku nabarmena duena. Erorketei eta berreskuratzeei buruzko bideoa da, bere buruarekiko egiten duen adiskidetze-ariketa zintzoa. Era berean, queer izaera aldarrikatzen duen lana da, eta queer izate hori prozesu artistikoetan txertatu beharreko jarrera dela aldarrikatzen du artistak; arraro izate hori goraipatzen du, promiskuitate artistikoa praktikatzea, nortasun artistiko aldakorra izatea, finean. Berak urte luzez egin duen hori egitea, alegia.