Debekuarekin ados daudenen argudioak: negozio pribatua dela eta beraz nahi dituen irizpideak erabili ditzakeela, haurrekin joateko bestelako jatetxe pila bat dituztela familiek, tabernak ez direla umeak egoteko lekua –berez jatetxea da, baina argudio hori hainbati irakurri diogu sarean–, eta haurrekin espazioa partekatu nahi ez izatea zilegi dela, sarri amorragarriak direlako eta guraso arduragabeek nahi dutena egiten uzten dietelako.
Debekuaren kontra agertu direnen hitzetan, pribatua izan arren ez al dago marra gorririk? Bezeroak adinagatik diskriminatzea ez al da sexu, arraza edo sinesmenengatik diskriminatzearen pareko? Denok ume izan garela baina hainbatek ahaztu egin duela ere azpimarratu dute batzuek, umefobia kutsutik baduelako hainbaten arrazoiketak: enbarazu egiten omen dute umeek, baina zergatik jartzen dugu hor fokua, eta ez adibidez oihuka hitz egiten duten helduengan edo mozkor astunengan?
Espazio jakinetan elkarbizitzeko arazoak ditugu, enpatia gehiago ere eskertuko litzateke sarri, eta hori guztia azaleratu baino ez dute egiten halako debekuek.