Noiz eta nola hasi zen Bilboko etxola-auzoen fenomenoa?
Etxolak, berez, betidanik egon dira Bilbon. Erdi Aroko hiriak ez zeukan lekurik mundu guztiarentzat, pobreentzat eta baztertuentzat ez baitago lekurik inoiz, eta Aro Modernoan ere etxolak edo bestelako etxebizitza prekarioak zeuden bai hiriaren barruan bai hiriko harresitik kanpo. 1940tik 1960ra bitarteko urteetan, ordea, fenomenoak goia jo zuen, baldintza konkretu batzuk gertatu zirelako: Bilbo eta Bizkaia XIX. mendean industrializatu ziren, beste leku batzuk baino gehiago eta lehenago, eta gerra zibilarekin prozesua geratu zen arren, oso azkar berreskuratu zen. Egia da gerraostea oso gogorra izan zela –gosea, errepresioa– baina industriak azkar egin zuen gora, eta eskulan-premia zegoen. Gobernu frankistak propaganda asko egin zuen horren harira, esanez Bizkaian lana zegoela guztientzat. Jende asko etorri zen Bilbora dei horri erantzunez.
Lana bazegoen; etxerik ez, ordea.
Hori da. Etxe gutxi zegoen, zeudenak garestiak ziren, eta etxe berrien eraikuntza-prozesua oso-oso motela izan zen. Etxe askotan hiruzpalau familia bizi ziren elkarrekin: imajinatu zelako egoera, zelako baldintzak, zelako pilaketa.
Eta etxolak eraikitzen hasi zen jendea.
1940ko hamarkadatik aurrera, udaletxeari idazten zioten etxola bat eraikitzeko baimen-eske, udaletxeak halakoak ematen zituela entzuna zutelako, nahiz eta ez zen egia. Urteak pasa ahala, fenomenoa bizkortu zen izugarri, eta 1955erako arazo larri bat zen, hiriko edozein lekutatik ikusteko modukoa.
Datu eta kopuru zehatzak aipatzen dituzu liburuan, eta arreta eman dit oin-ohar batean diozunak: Bilboko langileriaren %10 bizi zela etxoletan.
Hor badaude bi dokumentu oso garrantzitsuak. 1955ean errolda bat egin zuen udalak, non 33 auzo agertzen baitira. Ondoren, 1960an, beste ikerketa bat egin zuten Deustuko bi ikaslek, eta 6.000 etxola zenbatu zituzten, 26.000 pertsona inguru. Pila bat da. Imajinatu gaur egun 26.000 pertsona Bilbon bizitzen horrelako egoera batean. Ez gara hori irudikatzeko kapazak.
Erroldei esker ezagututako beste datu bat: Euskal Herrian jaiotako jendea ere bizi zen etxoletan.
Bai, %15 inguru Bizkaikoak ziren, Arratiatik etorritako asko, adibidez. Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Arabatik etorritakoak ere bazeuden.
Artxibo eta ikerketak aztertzeaz gainera, etxoletan bizi izandako jendearen testigantzak bildu dituzu.
Niretzat hori da interesgarriena. Artxiboetan aurkitutako dokumentuak ofizialak dira eta balio digute historia eraikitzeko, baina nik ez nuen historia-liburu hotz bat egin nahi. Nahi nuen jendearen sentipenak, ikuspuntuak eta bizipenak kontatzea. Etxoletan bizi zirenak izan zitezela liburuaren protagonista. Testigantzak jaso ditut, Uretamendin gehienak. Erraza izan da, Uretamendiko etxolak eraitsi zituztenean han bertan eraiki zituztelako etxe berriak, eta biztanle gehienak han geratu ziren. Hala ere, bi pertsona izan ezik, elkarrizketatu ditudan guztiak haurrak ziren garai hartan, eta haur baten ikuspuntua eman didate. Beren gurasoak elkarrizketatu izan banitu bestelako ikuspuntua jaso izango nukeen.
Etxoletako emakumeei atal bereizi bat eskaini diezu. Zer dela eta?
Historia beti izan da oso patriarkala eta eurozentrikoa, eta historia egiten dugunok erakutsi behar dugu historia ez dela gizonena bakarrik. Bestalde, emakumeak ziren, alde handiarekin, auzoan denbora gehien igarotzen zutenak. Hor badaude estatistika batzuk oso adierazgarriak: lo-orduak kenduta, gizonek egunean ordubete edo bi igarotzen zituzten etxola-auzoan aste barruan. Emakumeak, berriz, oso-oso gutxi ateratzen ziren bertatik: ur bila, erosketak egitera, eta kito. Hortaz, etxola-auzoei buruz hitz egin behar badut, hitz egin beharko dut hor ordu gehien igarotzen zituztenei buruz.
Eta beste atal bat eskaini diezu ijitoei.
Emakumeak bezala, ijitoen komunitatea ere baztertua izan da, ijito izateagatik. Etxolakide payoekin –gizon zein emakumeekin– hitz egin dudan bezala, gustatuko litzaidake etxolakide ijitoekin ere hitz egitea, haiek kontatzeko beren historia. Nik haien historia kontatu dut baina nire pribilegio-posiziotik eta zuritasunetik. Emakumeen kasuan, haien testigantzekin kontaketa zintzoago bat eraiki ahal izan dut. Ijitoei dagokionez, ordea, apur bat herren geratu da. Saiatu nintzen auzoetan bizi izandako ijitoekin hitz egiten, ijitoen elkarteekin harremanetan jarriz, baina azkenean ez nuen lortu. Ez daukat inongo arazorik, aukera guztiz zilegia iruditzen zait. Hala ere, gaztelaniazko bertsioa argitaratuko denez, berriro saiatuko naiz.
Nolatan hasi zen Bilboko Udala egoerari erreparatzen, hainbat urtez ezikusia egin eta gero?
1955ean, prentsan agertu zen lehen aldiz, eta apaiz batzuk mezetan hasi ziren egoera salatzen. Salaketa bikoitz horren haritik, udaletxea hasi zen pentsatzen agian zerbait egin behar zuela, baina arazoa zen –frankismoak defendatzen zuenaren kontra– estatu frankista oso ahula zela; errepresioa oso gogorra zen, hori egia da, baina estatua bera oso ahula. Dena zen entxufismoa, Bilboko alkateak betiko abizen handiak ziren, ez zen jende prestatua, eta ez zegoen dirurik egitura sendo batzuk izateko. Nolanahi ere, etxebizitzarekin arazo berdina zeukaten Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan, eta 50eko hamarkadan gobernu frankista hasi zen sustapen batzuk egiten diru publikoa eta pribatua uztartuz, eta hasi ziren etxeak eraikitzen langile horientzat guztientzat. Estatu-mailako politika bat izan zen.
Bilbon, Otxarkoagako auzoa eraiki zuten arazoa bideratzeko.
Madrilgo Etxebizitza Ministerioaren laguntzarekin, diru pixka bat lortu eta proiektua abiatu zuten: urtebete eskasean eraiki zuten auzo osoa, 1960tik 1961era. Premisak oso argiak ziren: ahalik eta merkeena, ahalik eta denbora gutxienean. Hala eraiki zuten auzo guztiz prekario bat –kaleak asfaltatu gabe, hara heltzeko errepide bakarrarekin, argiztapenik ez, lorategirik ez…–. Diseinuaren arabera, zinema, eskolak, merkatuak eta ez dakit zenbat gauza egongo ziren han; bada, eliza eta komisaria besterik ez zituzten eraiki. Porlanezko uharte bat mendiaren magalean, hiritik hiru kilometrora. Hiru kilometro non ez baitzegoen ezer lokatza baino: hor sartu zituzten etxola-auzoetako biztanleak.
Elkarrizketatuetako batek kontatzen du auzokideen arteko sareak hautsi zirela horren ondorioz.
Bai, Otxarkoagara heldu bezala sartzen zituzten apartamentuetan, eta bat-batean sekulako etxe-orratzetan bizi ziren, bizilagunak ez zituzten ezagutzen eta ez zegoen lekurik batzeko, polizia-etxea ez bazen. 1966ra arte ez zituzten berreraiki auzo barruko harremanak, urte batzuk galdu zituzten. Gero, ordea, Otxarkoaga izan da Bilboko auzorik borrokalarienetako bat, Errekalderekin batera. Delinkuentzia fama izan du, baina langile-kontzientzia eta -harrotasun handiko auzoa da, eta nik uste dut hori sortu zela etxola-auzoetan. Etxola-auzoetan jakin behar izan zuten beren buruak antolatzen, udalak ez zielako jaramonik egiten ez ezer eskaintzen, eta auzolan hori, oso euskalduna omen dena baina maketoek ere egiten dutena antza, oso klabea izan dela uste dut –beste hainbat faktoreren artean, noski– gero Bilbon egon den auzo-mugimendua ulertzeko.
Fenomenoaren inplikazioak ere agerrarazi nahi dituzula diozunean, horretaz ari zara?
Nik aldarrikatu nahi nuena da jende horrek Bilbon izan duen garrantzia. Gaia aipatzen denean, gauza anekdotiko bat balitz bezala aipatzen da. Baina agerikoa da jende horrek hirian utzi duen aztarna, eta onartu egin behar dugu. Ematen du etxolak desagertu zirela eta kito, 1961ean dena amaitu zela. Ba ez, jende horrek jarraitu zuen Bilbon eta beren seme-alabek jarraitu dute hemen, hemen ezarri dute beren lekua eta beren sustraiak, manifestaldietan parte hartu dute, egin dituzte harremanak, San Mamesera etorri dira partidak ikustera, hemengo lantegietan lan egin dute… Eta hau bezala beste milaka istorio daude, San Frantzisko auzoarena adibidez; eta hori ere kontatu behar da, haiek ere bilbotarrak direlako eta haiek ere osatu dutelako Bilboren identitatea, nahiz eta orain hori guztia ahaztu nahi den, eta bakarrik gauza garbiei eta distiratsuei buruz hitz egin nahi den. Lokatzari buruz ere hitz egin beharra dago, hiri hau lokatzez ere eginda dagoelako.
Amaitzeko, orainaz galdetu nahi nizuke. Gaur egun badago etxolarik Bilbon?
Aurten, urtarrilean, elurtearen osteko egunetan, etxola batzuk eraitsi zituen udaltzaingoak Etxeberria parkean –magrebtar batzuk bizi ziren bertan–, eta beranduago, Euskalduna zubiaren azpian zeuden beste etxola batzuk bota zituzten, gazte magrebtar batzuen bizilekuak horiek ere. Gaur egun etxebizitza-arazo handia dago Bilbon, kaleratze pila bat daude, etxe-huste pila bat, alokairuak izugarri doaz gora; gentrifikazioaren harira izan dugu atsedenaldi bat COVIDagatik, baina berriz ari da turista pila heltzen hirira, eta gazteek ez daukate non bizi. Fenomenoa, jakina, ez da garai hartako bera, historia ez baita bere horretan errepikatzen; baina arazoak jarraitzen du, eta ez dago ordaintzeko moduko etxebizitzarik denontzat, eta badago jendea oraindik etxoletan bizi dena.
Etxola-kideak elkarrizketatu ditudanean, harro hitz egin dute beren auzoaz, beren bizitzaz eta egindakoaz, baina horrek ez du esan nahi gertatutakoa erromantizatu behar denik edo zerbait anekdotikoa edo folklorikoa balitz bezala hartu behar denik. Gertatutakoaren arrazoiak eta inplikazioak ulertu behar dira, eta ohartu behar dugu etxebizitzaren arazoa ez dagoela inondik inora konponduta Bilbon.