June Fernandez: Aitor Aranaren Gay hiztegiaren baliokide lesbianoa sortzea izan zen gure hasierako asmoa. Proiektuaren lehenengo fasean, prozesu parte-hartzailearen bidez jaso genituen hitzak eta horiei buruzko azalpena, genealogia, hausnarketak… Zer nabarmenduko zenuke Hitzak eta Ekarpenak ataletatik?
Amaia Alvarez Uria: Filologoa naizenez, aspaldiko kezka dut hizkuntzaren erabilera, baita diskurtsoa ikuspegi feminista eta lesbikotik aztertzea ere: zein errealitate agertzen diren erabiltzen ditugun hitzetan, zeintzuk ez eta zergatik. Glosategi bolleroa sortzeko prozesua oso polita izan da. Lehenengo hipotesia konfirmatu dugu: erdal maileguekin funtzionatzen dugula, hau da, jende gehienak bollera hitza erabiltzen duela. Edonola ere, sorpresa izan da ikustea euskaraz bizi den jendeak sorkuntzarako eta jolaserako joera baduela.
Fernandez: Nik ez nuen gipuzkoarren kuku ezagutzen. Eli Pagola bertsolariak azaldu digu Azkoitiko Kuku Herri auzoko aterpetxean EHGAMen kanpaldiak egin zirelako hedatu dela. Bollurriak topaketen egitarauan topatu dut (kukupoteo, kukufesta) eta HARRObira transmaribibollo bizikleta martxaren leloan: “Kuku bira dabil!”. Halaber, B.A.L.A. taldeak sortutako bollojabetza nabarmenduko nuke, eta Maider Arregi bertsolariak lagun artean erabiltzen duen lesbiama. Aldiz, ez da agertu historikoki herrietan erabili den terminorik; tortillera eta marimutilez gain, inork ez du bestelako erreferentziarik. Horrek erakusten du lesbianismoa inguratu duen tabua eta ikusezintasuna.
Alvarez: Bestetik, hizkuntzari buruz pentsatzen dugunok proposatutako terminoak ditugu, baina ikusi dugu batzuetan komunitatetik urrun geratu direla.
Fernandez: Egia da piperopila edo soropila bezalako proposamenek ez dutela arrakasta handirik izan. Kezka adierazi didazu, gure egitasmoaren ikuspuntua garbizalekeriarekin lotu daitekeelako…
Alvarez: Badago halako presio sozial bat euskara garbia erabiltzeko. Euskararik onena da erabiltzen dena, bizirik dagoena. Galdetu dugunean zein hitz erabiltzen dituzten identitate eta praktika bolleroak izendatzeko, askotan elkarrizketatuen erreakzioa mea culpa moduko bat izan da: “Egia da! Ez dugu euskal hitzik erabiltzen!”. Ez zen hori gure asmoa, errealitatearen argazki bat ateratzea baizik. Maileguak betidanik erabili izan dira euskaraz eta hizkuntza guztietan.
Fernandez: Dena den, Itxaro Bordak proiekturako idatzi duen ipuinean ironiaz gogorarazi digu bollera Hego Euskal Herriko terminoa dela. Nik ez nuen frantsesezko gouine ezagutzen, Ipar Euskal Herriko bollerek darabiltena.
Alvarez: Itxaro Bordaren ipuina ederra da, kezka soziala kezka linguistikoarekin gurutzatu duelako, beti egiten duen bezala. Bi protagonista elkartu ditu: Hegoaldeko bollera eta Iparraldeko gouine, bakoitza bere terminoaren alde egiten dutenak. Oso polita izan da gaiari ikuspegi desberdinetatik heltzea, ez bakarrik iparretik edo hegotik, baizik eta erdal-hiriburuetatik edota euskal-arnasguneetatik, belaunaldi diferenteetatik… Zenbait hitzek 40 urte inguru ditugunon artean funtzionatzen dute, ez ordea 20 urtekoen artean.
Fernandez: Bollera gazteek ez omen dute “ulertzen duzu?” galdera ulertzen…
Alvarez: Ulertu, ulertzen dute, baina ez dute erabiltzen. Aldiz, Pasaiako Argi Lertxundik aipatu digu lagun artean “gremiokoa izan” erabili izan duela gauza bera adierazteko.
Fernandez: Zuk zeuk proiekturako asmatu dituzu lesbisitaria (gaztelaniazko heterocuriosa esateko) edota marioker (ingelesezko queer-en baliokide moduan). Sexu-praktikekin ausartu da Ana Jaka idazlea: hankartetu edota potomingus sortu ditu. Ariketa jostagarria da, baina zertarako balio du, gero inork ez baditu erabiliko?
Alvarez: Zalantza edota mesfidantza agertu dira hitzak jolasaren bidez eta hizkuntzaren senari edo mekanismoei nahikoa erreparatu gabe sortu ditugunean. Esaterako, soropila proposatu genuenean, Lumatza kolektiboak kamisetetan erabili zuen (“Nafarroako soropil feministak”), baina taldekide guztiak ez zeuden horren alde. Agian hitz hori ez zen egokiena, baina uste dut jolasa oso inportantea dela hitzak falta direnean. Gero ikusiko dugu hitz bakoitzak egingo duen bidea, onartua izango den ala ez, jendeak gustuko izango duen… Duela urte batzuk, Kike Amorraniz eta Asisko Urmenetak gazte hizkera biltzeko zein sortzeko proiektua egin zuten, eta hitzak asmatzearen zilegitasuna defendatu zuten. Azken adibide bat: Fermintxo Zabaltzak erronka handia izan zuen Stonebutch blues itzultzeko orduan. Aitortuko dizut Marimutil handi baten bluesa izenburua ikusi nuenean, ez zitzaidala gustatu, ez zuelako indar ezta esanahi berbera. Alabaina, oso polita iruditu zait ikustea bollera euskaradunak hasi direla marimutil handi erabiltzen. Hortaz, chapeau, Fermintxo!
Amaia Alvarez Uria: "Itxaro Borda izan da urte askotan euskal literaturako erreferente bollero bakarra. Belaunaldi aldaketarekin, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte agertu ziren. Oso polita izan da deskubritzea euskal bollo literarioak poesian agertu zaizkigula"
Identitate estrategikoak
Fernandez: Ana Jakaren esanetan, hitzak inportatzeak identitateak inportatzea dakar. Agian beste hizkuntzetatik heltzen zaizkigunak ez datoz bat gure errealitateekin, ezta? Esaterako, esango nuke gurean butch-femme desio dinamikak lausoagoak direla, euskal luma deitutakoa delako nagusi; gure belaunaldietako bollera gehienok feminitatea deseraiki dugu.
Alvarez: Bai, euskal bollera bat armairutik ateratzen denean egiten duen lehenengo gauza ilea moztea da! Belaunaldi aldaketarekin gero eta femme gehiago ikusten dira; era berean, Uxue Alberdik seinalatu zuen emakumezko bertsolarien artean drag kingetatik panpinen arketiporako jauzia. Barbarismos queer liburuaren egileek azpimarratzen dute oso beharrezkoa dela transfeminismoak ingelesetik hartu dituen terminoen interpretazio lana egitea. B.A.L.A.ko kideek etengabe egiten dute: unibertsala tokian tokiko errealitatera egokitzen dute.
Fernandez: Esaterako, pinkwashing kontzeptua azaltzeko darabilte Laboral Kutxaren iragarkia (bi nesken arteko ezkontzaren argazkia hipotekak saltzeko erabiltzea). Aizu, aurten elkarrizketatuei galdetu diegu nola bizi duten lesbiana eta euskaldun identitateen arteko harremana. Galdera itzuli nahi dizut zuri.
Alvarez: 40 urte baino gehiago ditut; ibilbide luzea da nirea. Hasieran Bilboko anbientea erdalduna zen eta euskal munduan oraindik ez zegoen bollera publikorik. Belaunaldi bat behar izan da bi munduak hurbiltzeko. Deustuko gazte lokalean ikusi nuen “Sexualitatea askatu” kanpaina gogoratzen dut, mugarria izan zena; uste dut Jarrairena zela. Eztanda moduko bat egon zen orduan: neska guztiak hasi ziren elkarrekin ligatzen. Mutilak ez hainbeste. Gogoan dut mutil baten komentarioa: “Beno, hau moda hutsa da, pasatuko zaizue”. Hala, Ainhoa Güemes artista bilbotarrak aipatzen du Jarrain lesbianizatu zela. Gaur egun, belaunaldi berriak ez dauka anbienterik; baditu ordea aplikazioak eta Bollurriak, elkarrekin egoteko beste modu agian ez hain getizatuak.
Fernandez: Taldeetako kideei egin dizkiegun elkarrizketetan konfirmatu dugu mugimendu lesbofeminista nabarmen euskaldundu dela.
Alvarez: Euskal Herriko azken hiru jardunaldi feministak alderatzen baditugu, euskarak gero eta erabilera zein zentralitate handiagoa du. D ereduaren ondorioz, ezagutza asko handitu da, eta horrek ondorioak ditu, jakina.
Fernandez: Elkarrizketatuen artean nagusienak, Maite Irazabalek, euskara galdu zuen Elorriotik Madrilera, Londresera eta Bilbora mugitu zenean. Esan digu gure proiekturako hitz egin duela lehen aldiz euskaraz lesbofeminismoari buruz. Ondo legoke sexilioaren ondorio linguistikoen erreparazio modukoren bat lantzea.
Alvarez: Euskararen galera, zoritxarrez, oso ohikoa izan da. Horrek ekarri du garbizalekeriarako joeratxo hori, egoera ez delako ona. Asisko Urmenetak gure barruko euskaltzainak aipatu zituen, eta baditugu gure barruko apaizak edota poliziak ere; interesgarria da mamu horiek esplizitatzea, bi identitate zapalduen arteko gurutzaketak eginez. Euskaldunok autogorrotoaz hitz egiten dugu eta, lesbianok, barneratutako lesbofobiaz.
Fernandez: Garazi/Gatx Eizagirrek esan digu denborarekin zabaldu zaiola euskalduna eta lesbiana kategoriak ulertzeko modua. Transfeminismoaren edota arrazakeriaren aurkako borrokaren eragina agertzen da gazteen bizipenetan. Egun badakigu lesbiana transak eta euskaldun arrazializatuak existitzen direla. Bestetik, Josune Ortizek zalantzan jarri du sexualitateari lotutako etiketak oraindik ere beharrezkoak ote diren.
Alvarez: Identitateen erabilera estrategikoaren aldekoa naiz, B.A.L.A.k ondo azaltzen duena. Nola esan/izan bollera euskaraz? izenburuarekin zera adierazi nahi genuen: ez badugu izendatzen, ez da existitzen. Subjektu guztiei lekua egiteko, den-denak aipatu behar ditugu, bollerak barne. Uste dut inportantea dela kategoriak esplizitatzea, ondoren esanahiak malgutzeko.
Fernandez: Sortzaileen lanak jaso ditugu aurten, gehienak literatura arlokoak. Hiru belaunaldi batu ditugu; Itxaro Borda, Danele Sarriugarte eta poeta gazteak: Oihana Arana, Leire Vargas, Lizar Begoña, Eva Pérez-Pons eta Elena Olave.
Alvarez: Itxaro Borda izan da urte askotan euskal literaturako erreferente bollero bakarra. Belaunaldi aldaketarekin, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte agertu ziren. Oso polita izan da deskubritzea euskal bollo literarioak poesian agertu zaizkigula. Euskal literatura sisteman ospea duen generoa da, irakurle gutxi dituen arren. Aztertzekoa da zergatik egon den azken idazle bolloen artean narratibatik poesiarako desplazamendua; akaso poesia niaren literatura delako. Bertsolaritzan ere eztanda bolloa egon da; gainera, aipatutako poeta asko bertsolariak dira. Zer esango zenuke horri buruz?
Fernandez: Euskal kultura eta lesbofeminismoaren arteko hartu-emanaren adierazle bereziki inportanteak dira bollo bertso-saioak. Oso nabarmena izan da bertsolariek komunitate feminista indartzeko izan duten gaitasuna; hor ditugu bertso-eskola feministak, Ez da kasualitatea saioak, Kontrako eztarritik liburua… Imajinatzen dut saretze horrek erraztu duela bolleren ikusgaitasuna eta haien artikulazioa. Gehienak gazteak dira, baina Amaia Agirre (40 urte luze dituenak) da gure proiektuan gehien parte hartu duena, eta esan du berarentzat oso hunkigarria dela gazteen ahalduntze hori (esaterako, Saioa Alkaizak txapela transmarikabolloei eskaini izana), bere prozesua motelagoa izan delako.
June Fernandez: "Ikusgarritasun lesbikoa indartu dugu, euskal kulturan, euskalgintzan, kazetaritzan eta Bilboko kaleetan. Itzela izan da ‘lumatza’, ‘soropila’ eta ‘marioker’ berbak Zinegoakeko karteletan handi-handi ikustea!"
Euskal iruditeria bolleroa
Fernandez: Idazleez gain, musikariak eta artista bisualak ditugu proiektuan. Dom Campistronek gogorarazi digu euskal bolleroen hiztegiak iruditeria aintzat hartu beharko lukeela. B.A.L.A.k lan ederra egin du alor horretan, bereziki, ahobizi pegatinaren bidez.
Alvarez: Ildo horretatik, 90eko hamarkadako talde lesbofeministen kartelak, pegatinak eta aldizkariak nabarmenduko nituzke. Musikari dagokionez, Pottors eta Klito gonbidatu ditugu. Hala ere, musikari bollero oso gutxi ezagutzen ditut armairutik kanpo; deigarria egiten zait, musikak euskal kulturan duen indarra eta presentzia kontuan hartuta.
Fernandez: Bestetik, Zinegoakeko Maren Zubeldiak ikus-entzunetako erreferenteen errepasoa egin du. The L Word telesail estatubatuarrarekin bollojabetu ginen gure belaunaldikook. Goenkalen Itziar Ituño eta Naroa Agirrek gorpuztutako pertsonaien maitasun istorioa aipatu du. Zinemagintzan, 80 egunean txalotu du, nahiz eta Moriarti ekoiztetxeko gizonezkoek sortu zuten.
Alvarez: Oso pelikula ausarta izan zen bere garaian, erakarpen sexuala sentitzen duten bi emakume zaharren harremana kontatu zuelako. Eskertzekoa izan zen tragediarekiko joerarekin apurtu zuela; historikoki bolloen eta gayen filmak oso dramatikoak izan dira. Dena den, iruditzen zait 80 egunean apur bat ahaztua geratu dela, egileek ez dutela haien beste lanak bezainbeste aldarrikatzen (Loreak kasu). Gaur egun, Go!azen telesaila aipatu behar dugu: bikote bolloak protagonismoa izan du azken bi denboraldietan, baina berandu heldu da. Inportantea da erreferenteak edukitzea, baina gero aztertu behar dugu zer erreferente mota diren, askotan ukitu moralista daukatelako, maitasun erromantikoa eta monogamiari oso lotuta.
Fernandez: Euskal kulturaz aritu gara. Hitz egin dezagun orain euskalgintzaz. Proiektu honen abiapuntua izan zen Elhuyar hiztegiak gaztelaniako bollera eta tortillera itzultzerakoan lesbiana soilik iradokitzen duela, nahiz eta kutsu oso desberdina duten. Euskaltzaindiaren hiztegiak onartu ditu homofobia eta transfobia, ez ordea lesbofobia. Lortuko al dugu hiztegietan eragiten?
Alvarez: Ez dut uste ikusiko dugunik bollera hitza Euskaltzaindiaren hiztegian. Hiztegia apurka-apurka zabaltzen doa, baina badakigu akademia beti doala tentuz, aldaketa sozialen atzetik. Ikusiko dugu!
Proiektua, bi hitzetan
Fernandez: Bollojabetza. Egindako lanak indartu ditu nire ahalduntze bolleroa eta nire euskaltzaletasuna. Gainera, ohartu naiz bollojabetza ariketa dela norbait proiektura gonbidatzea: koordinatzaileontzat (oraindik ere tabua delako norbaiti bere sexu-orientazioari buruz galdetzea) zein partaideentzat (marioker ikusgai moduan agertzea dakarrelako). Ikusgarritasun lesbikoa indartu dugu, euskal kulturan, euskalgintzan, kazetaritzan eta Bilboko kaleetan. Itzela izan da lumatza, soropila eta marioker berbak Zinegoakeko karteletan handi-handi ikustea!
Alvarez: Elkargunea. Oso gurea den intersekzio bati erreparatu diogu, eta ikusi dugu zenbat ertz eta erpin biltzen diren hor. Hori izan da gure ekarpentxoa.