LaKobra jaio da Bilbon, gune kultural autogestionatu bat sortzeko helburuarekin

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Lekunberri Ansola 2022ko mai. 28a, 08:00

Lakobra kolektiboaren logoa

Autogestioan oinarritutako eta irabazi asmorik gabeko kultur eredua bultzatzeko asmoz jaio da LaKobra kolektiboa, eta espazio propio baten bila dabiltza momentuotan. Finantzazio kolektiboa abiatu dute proiektua martxan jartzeko gastuei aurre egiteko, eta ekainaren 26ra arte egin ahalko dira ekarpenak.

“Zerbait ari da pizten Bilboko lurrazpian”. Ohartarazpen horrekin eman zuen bere burua aurkeztera LaKobra kolektiboak duela hilabete eskas, sare sozialen bidez. Ordurako hedatua zen espazio kultural autogestionatu berri bati buruzko zurrumurrua kalean ere, eta jendearen jakin-mina piztuta, ez zuten gehiegi itxaron informazio gehiago zabaltzeko. Apirilaren 30erako iragarri zuten beren lehen ekimena: LaKobra Fest, hiriko taldeekin osatutako musika jaialdi bat ez ezik, proiektuaren aurkezpena ere izango zena. Erribera auzoko Bizinahi espazioan antolatutako kontzertuei bide eman aurretik asanblada egin zuten; proiektua zertan datzan azaldu zieten bertaratutakoei, interesa lukeen orori proiektura batzeko gonbidapena luzatuz. Ordutik ez dute berriro gau hartan haina zalapartarik atera, baina ez du etenik izan lurrazpiko martxak.

Proiektuari buruz gehixeago kontatu digu Maurizia ezizenez aurkeztu den kideak. Azaldu duenez, duela bospasei urte atzeragotik buruan darabilten proiektua da berriki hezurmamitzen hasi direna. Musikariak dira LaKobraren atzean dauden kideak, eta kontzertuak emateko egin dituzten joan-etorrietan ezagututako hainbat kultur proiektu autogestionatuk txunditu dituzte (Trintxerpeko Mogambo, Bermeoko Nuntxaku gauak, Zaragozako Arrebato eta Pontevedrako Liceo Mutante aipatu dituzte, besteren artean, sareetan), Bilbon antzerako zeozer sortzeko ideiari bide emanez. Duela hilabete batzuk hartu zuten burutapena praktikara eramaten hasteko erabakia, eta lau lagun dabiltza proiektuari lehen bultzada ematen, nahiz eta inguruan baduten hainbat laguneko babes taldea. “Badirudi gero eta gehiago izango garela”, baikor mintzatu da Maurizia.

Ez da musika LaKobrako kideek amankomunean duten ezaugarri bakarra. “Proiektua bultzatzen ari garen ia guztiok gaztetxeetan ibilitako jendea gara”. Hortik autogestioa proiektuaren ardatza izatea. Logika komertzialean oinarritzen den, lehia bultzatzen duen eta gero eta gehiago makro-jaialdi formatuaren alde egiten duen kultura ereduaren aurrean, bestelako eredua bultzatu eta indartu nahi dutela diote. “Guk musikan eta kulturan sinesten dugu garapen pertsonalaren eta komunitarioaren motor gisa, eta ez negozio gisa”. Hala bada, autogestioan eta logika antikomertzialean ardaztutako proiektua da martxan jartzen ari direna, logika neoliberalak blaitutako hirian “irla-paradisu” kultural bat sortzea xede duena.

“Guretzat dena da politikoa, baita nola harremantzen garen eta espazioak nola kudeatzen ditugun ere. LaKobra izango da antifaxista, feminista, ekologista edo jasangarria, herrikoia… Helburua da alternatiba bat eskaintzea Bilbori, askea eta irekia, guztiontzako izango dena”, azaldu du Mauriziak.

Crowdfunding-a martxan

Gogoa eta ilusioa aldeko izanik ere, badute aurkakotasunik ere bidean. Bat eta nagusienetakoa proiektuarentzat toki bat lortzea da. “Bilbon okupatzea, egun, zaila da alde batetik; eta bestetik, gustatuko litzaiguke gune iraunkorra izatea”, azaldu du Mauriziak. Hori horrela, alokairua beste biderik ez zaie geratu, eta lokal bat aurkitzeko izaten ari diren zailtasunez gain, behin lokala topatuta izango dituzten gastuei aurre egiteko ere zailtasunak aurreikusten dituzte: fidantza, alokairua, intsonorizazioa egiteko obrak, musika ekipoa…

Gastu ekonomikoen oztopoa gainditzeko, finantzazio kolektiboa abiatu dute itsulapikoa.eus crowdfunding plataformaren bidez. Proiektua diruz bultzatu nahi eta ahal duenak ekarpena egin dezake ekainaren 26a bitarte, eta jarritako diru kopuruaren araberako ordainsaria jasoko du trukean. LaKobra aretoko lehen bost kontzertuetarako sarrerak aurki daitezke, besteak beste, ordainsarien artean. Berandu gabe espazio propioarekin eta ekimenak antolatzen egotea espero duten seinale.